ACLU Ameriketako Askatasun Zibilen Batasunaren datuen arabera, AEB Ameriketako Estatu Batuek beste marka bat hautsi dute: aurtengo lehen lauhilekoan inoiz baino arau gehiago onartu dituzte LGTBI komunitatearen aurka, 417; iazko urte osoan halako bi. Hezkuntza eta osasun artarekin lotutakoak dira horietatik gehienak. Gazteei generoa berresteko tratamenduak ukatzeaz gain, eskola publikoetako curriculuma ere mugatu dute buruzagi kontserbadoreek. Hala ere, testuingurua azkar aldatzen ari da herrialdean. «Atzo egindako lege proposamena zaharkitua dago gaur, eta hori arriskutsua izan liteke», ohartarazi du ACLUko kide Cat Carrickek.
Hezkuntzarekin lotutako 283 neurri onartu dituzte aurtengo urtarriletik apirilera bitartean, iazko urte osoan onartutakoak halako bi baino gehiago. Horietako bat izan da Floridakoa, zeinak debekatu egiten duen eskoletan sexu joerez eta genero nortasunaz hitz egitea. Tennesseen, berriz, drag ekitaldiak debekatzea proposatu dute.
ACLUko komunikazio arduradun Gillian Branstetterren esanetan, arazoa ez da soilik arau gehiago daudela, baita horiek gero eta muturrekoagoak direla ere: «2020 eta 2021 bitartean hasi ziren ugaritzen, eta gogortu ere egin dira geroztik».
Neurrietako zenbaitek irakasleak derrigortzen dituzte gurasoekin hitz egitera haien seme edo alabak ez badio erantzuten «bere sexu biologikoari dagokion izenordainari», baita adingabearen borondatearen aurka egin behar badute ere. Badira neurria gogortu duten estatuak ere; horietan, irakasleak soilik ikaslearen sexu biologikoari dagokion izenordaina erabil dezake harekin hitz egiteko, baldin eta gurasoek besterik baimentzen ez badiote.
«Lege horiek babesten dituztenek uste dute irakasleak ezkutuan ikasleak transexualitatera bultzatzen ari direla, eta horregatik ez dutela gertatzen ari denaz gurasoekin hitz egin nahi», adierazi du Branstetterrek. Haren esanetan, neurriek beste ondorio bat ere badute, urratu egiten baitute adingabeek irakasleekin duten konfiantza.
Osasun arreta
NPR etxeak egindako inkesta baten arabera, AEBetako herritarren %54 adingabeen sexu trantsizioa egiteko behar diren tratamenduak kriminalizatzearen aurka daude. Ondorioz, azken urteetan bide horretan onartutako legeetatik asko auzitegietara eraman dituzte. Baina, bestalde, azken urteetan ugaritu egin dituzte mota horretako mugak ezartzen dituzten neurriak.
Aurten osasun arretarekin lotuta onartutako legeen bi herenek baino gehiagok zerikusia dute generoa berresteko tratamenduekin —2020an eta 2021ean onartutakoak baino hiru aldiz gehiago dira horiek—. Neurri horietatik gehienek ukatu egiten diete tratamendua nerabe transexualei.
Badira, ordea, osasun arretarekin zerikusirik ez duten arauak ere. Martxo amaieran, esaterako, Idahoko gobernadoreak ukatu egin zien ikasle transexualei euren generoarekin bat zetozen komunak erabiltzeko eskubidea.
ACLUk salatu duenez, neurri multzo horrek zuzenean eragiten die AEBetako bi milioi transexuali. Gainera, legedia gogortzearekin batera, ugaritu egin diraLGTBI kolektiboaren aurkako erasoak: Washington Post egunkariak egindako galdeketa baten arabera, adin nagusiko lau transexualetik batek jasan du inoiz eraso fisikoren bat. Batezbestekoa handiagoa da zuriak ez diren transexualen artean.
LGTBI kolektiboaren kriminalizazioa
AEBetan inoiz baino arau gehiago daude LGTBI kolektiboaren aurka
Urteko lehen lauhilekoan 417 neurri murriztaile onartu dituzte; iaz baino bi aldiz gehiago

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu