Negoziazio kolektiboaren estatalizazioak 120.000 langile nafarri eragiten die

LABen azterketa baten arabera, beharginen erdia baino gehiago estatu itunen menpe dago. Maiatzaren 30ean mobilizazio eguna antolatu du

Imanol Karrera LABeko Nafarroako koordinatzailea eta Garbiñe Aranburu idazkari nagusia. LAB.
joxerra senar
Iruñea
2018ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Negoziazio kolektiboaren estatalizazioak Nafarroan duen eragina neurtu nahi izan du LABek, eta ondorioztatu du langileen erdiak baino gehiago estatuko lan itunen menpe daudela gaur egun. Azken datuen arabera, Nafarroan, Gizarte Segurantzako Erregimen Oro har 216.000 langilek zuten izena emanda, eta horietatik 120.000ri eragiten die estatalizazioak neurri batean. LABek kopuru horren barruan sartu ditu funtzio publikoko langileak; izan ere, langileria kontratatzeko, ordezkapenak egiteko edo lan baldintzak aldatzeko Espainiako Gobernuak ezarritako irizpide orokorrek gero eta eragin handiagoa dute arlo publikoan. Horregatik, sindikatuak maiatzaren 30ean mobilizazio egun berezia antolatu du, estatalizazioa zein hark eragindako prekaritatea salatzeko.

Azterketa horren datuak ezagutarazi zituzten, atzo, Iruñean, Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak eta Imanol Karrera Nafarroako koordinatzaileak. Onartu zuten azterketa sakonago bat egin behar dela, eta egoera hori ikertzeko eskatu zioten Nafarroako Gobernuari.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, estatalizazioa ere gorantz doa. Lan Harremanen Kontseiluaren arabera, iaz berritutako 304 itunetan, langileen erdiak (%51,5) Espainiako hitzarmenen pean geratu ziren. Guztira, gaur egun, 158.862 langile daude Espainiako itunen menpe, eta, gainera, 110.430 beharginek oraindik berritu gabe dute lan ituna.

Hogei hitzarmen, aurretik

Nafarroan antzera gertatzen da. Lan erreforma aurretik ere, «hogei sektoretik gora» zeuden Espainiako hitzarmen baten menpe, eta 25.000 langile ingururi eragiten zien. Horien artean sektore garrantzitsuak zeuden; hala nola elikagai industria, zahar etxeak, finantza eta aseguruak, saltoki handiak, kimika, irakaskuntza pribatua... Adibidez, Carrefour, Leclerc edo Hipercorrek Espainiako ituna aplikatzen dute, eta, LABen arabera, Nafarroako hitzarmenarekin alderatuta, urtero 2.064 euro gutxiago jasotzen dituzte maila bereko langileek.

Konpainia batzuek (gehienbat tamaina ertain eta handikoak) enpresako lan hitzarmenak dituzte, baina sektoreko erreferentea Espainian ezartzeak negoziazioei begira arazoak eragiten ditu, LABen arabera: batetik, lan baldintzetan Nafarroako gutxieneko bat ez dagoenez, enpresak beherantz egiten du presio; bestetik, enpresako hitzarmena ez berrituz gero,estatukoa ezartzeko «mehatxu» egin ohi du.

Lan erreforma ezarriz geroztik, beste hiru sektore hitzarmen Espainiako hitzarmenekin ordezkatu dituzte, eta aldaketak 4.000 langile nafarri eragin die. Gainera, sektoreko beste hitzarmen batzuk indarrean badaude ere, estatalizazioa progresiboki ezartzen ari dira, Nafarroan hainbat gairi buruz negoziatzeko debekua ezarrita: «Epe motzean ez du sakoneko aldaketarik ekartzen, baina estatu mailako hitzarmena osotasunean inposatzeko bide bat izan daiteke», dio Aranburuk. Egoerak 61.500 langileri eragiten die.

Arlo publikoko 30.000 langileak ere kontuan hartu ditu LABek. «Besteak beste, ordezkapen tasaren eta gastuaren arauaren ondorioz, langileria kontratatu eta egonkortzeko, edo lan baldintzak hobetzeko, oztopo ugari ezartzen ditu Estatuak». Nafarroako Gobernuak maiz honako erantzun hau ematen die negoziazio mahaian: «Madrilek ez du uzten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.