Pazientziari gorazarre

Veneziako Mostrako Horizonti sailean lehiatuko dela jakinarazi berri dute. Hango alfonbra gorrian Artazuko lokatza ikusi nahi duela dio.

Oskar Alegria, Zumiriki filmaren zuzendari eta jokalaria, fotograma batean. OSKAR ALEGRIA.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2019ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
«Hontzek beti adar beretan egiten dute kantu, beren oihartzuna ibar osora heda dadin. Gainera, urrezko adar horiek belaunaldiz belaunaldi transmititzen dituzte». Ideia hori ba omen zuen beti buruan Oskar Alegriak: «Urrezko adar bat behar nuen hain nirea den kantuak unibertsaltasuna ere izan zezan. Eta, hara non, urak hartutako irla bati buruzko nire lana, naufragio baten istorioa, urpean geratzen ari den Venezian lehiatuko den». Eta Mexikon, Kanadan eta Frantzian ere harrera ona egiten ari omen zaizkio.

Emak Bakia baita-k ere harrera beroa izan zuen Euskal Herrian bertan eta kanpoan. Sari eta laudorio ugari jaso zuen. Hark ezarritako langa gainditzea ez zuen erraz ikusten. «Etxola hartan lau hilabete pasatu ondoren, hainbeste gauza ikasi dut, baina egin behar nuen filma horixe zela pentsatu nuen. Gero, atera nintzen handik, eta hasi nintzen zalantzatan, baina pozik nago. Pazientzia izan dudala uste dut».

Pazientziaren gorazarrea da film osoa. Bost hilabete behar izan zituen zuzendariak oihaneko etxola eraikitzeko. Ondoren, lau hilabete egin zituen bertan, maiatzean hasi eta abuztuan bukatu. Baratze txiki bat, oilo bi eta beti 11:36:23 markatzen duen erloju bat lagun bakar. Eta piragua; 70 liburu; hamaka bat; janari poteak eta ur botilak; lau fototranpeo kamera; bateriak; eta pare bat eguzki panel. Eta, batez ere, aulki bat. Robinson bihurtzeko. «Eta jakinekoa da naufragoek ezinbesteko dutela itxoitea».

Egonaldi bukatutakoan, beste zortzi hilabete eman ditu muntaketan. Zumiriki du bide horren guztiaren emaitza. 122 minutuko naufragio kontrolatu bat. Abuztuaren 28an hasiko da lur hartzen, Venezian. «Ilusioa egiten dit aitak Artazuko lokatza hango alfonbra gorrian uzteko aukera izateak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.