Luis Padura. Errementaria

«Errementari jarduna ez dago desagertzear, ia desagertuta baizik»

Padura txikitan hasi zen burdina lantzen, aitarekin, eta betidanik argi izan du errementari izan nahi zuela. Erretiratuta dago orain, baina eskulturak egiten ditu. Hala ere, uste du egun forjaketak ez duela egoera ona, eta ezagutza desagertu egingo dela.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Inorza auzoa, Aiara
2021eko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Baserriaren itzalaren babesean egin dio ongi etorria Luis Padura errementariak (Beotegi, Araba, 1945) kazetariari, eguzkiaren indarrari ihes egin asmoz. Zenbait lan eginikoa da burdina landuta gaztetatik, baita eskulturak ere, eta horietako asko ikusgai ditu etxe alboko zelaietan, Inorza (Aiara, Araba) auzoan. Bertan du beharrezko tresneriaz betetako tailerra ere, buruan dituen ideiei forma emateko.

Hamar urte dira erretiratu zinela. Hutsunea nabaritzen al duzu?

Oraindik egiten ditut gauzatxoak niretzat. Proiektu asko ditut, baina praktikan jartzea beste gauza bat da. Eskulturak egiten ari naiz, etxe inguruan jartzeko, bizimodua atera behar izan nuenean ezin izan nituelako egin.

Ez da ofiziorik ohikoena. Zergatik hautatu zenuen?

Duela mende asko hasi zen tradizio familiar bat da. Padura familia XVI. mendeko dokumentazioetan ageri da; batzuek diote garai horretan jada bazeudela errementariak familian, baina XVIII. mendeko txostenetan ageri dira lehendabizikoz. Pertsonalki, etxean ikasi nuen, aitarekin.

Argi al zeneukan horretan jardun nahi zenuela?

Bai. 16 urterekin hasi nintzen zerbait egiten, baina forjaketan serio soldaduska egin ondoren hasi nintzen, 23 urte ingururekin. Ordutik hona, dena izan da forjaketa. Tailerra ere hemen daukat. Nire aitonarena eta aitarena Beotegin zeuden, eta azken hori berria da.

Zer behar da horrelako tailer batean?

Forja zer den azaldu ohi nuenean, beti esaten nuen errementari batek, nahiz eta egun egoera ezberdina izan makineria gehiago dagoelako, burdina jotzeko pieza bat behar zuela; burdinazkoa izan ohi zen, baina harri baten gainean ere egin zitekeen lan. Pieza astun bat ere behar zuen, mailu bat gehienetan, lanean hasteko. Azkenik, burdina ere funtsezkoa zen, horrekin lanari ekin ahal izateko. Kurrikak ere behar dira errementaria ez erretzeko.

Eta zer egiten du errementari batek?

Normalean, lehenengo eta behin, eskuartean zuten lana egiteko tresnak prestatu behar zituzten, eta horiei esker hasten ziren gauzak egiten. Errementariak pieza bat hartu eta eraldatu egiten du, gerora erabilgarria izan dadin. Izan daiteke josteko orratz bat, koilara bat, nekazaritzarako tresna bat edo industriarako bat. Normalean, errementari bakoitza lan mota batean espezializatuta zegoen, eta nik lau talde banatzen ditut.

Zeintzuk dira?

Herrietako errementariak daude lehenbizi. Lanerako etxola txiki bat zuten, eta lanabes oso prekarioak: kurrika bat, mailu batzuk, ingude bat eta ezer gutxi gehiago. Nekazaritzako tresnak egin ohi zituzten, edo etxerako gauza txikiak. Gero, baziren hiribilduetako errementariak ere, maila ekonomiko handiagoko jendearentzat lan egiten zutenak; hala nola burdin sareak eta armak egiten zituzten. Bazeuden, eta batez ere Erdi Aroan, monasterioetako errementariak ere, eta horiek burdinaren benetako eskolak izan ziren. Monasterio orok zuen sutegi bat, eta noizbehinka ageri dira burdin sare handiak fraideen izenekin. Azkenik, ibiltariak zeuden; lana zegoen lekuetara mugitzen ziren, batetik bestera.

Nola aldatu dira horiek?

Monasteriokoak desagertu egin ziren, besteak beste, modernizazioarengatik. Hala ere, lehen esandakoa: benetako eskolak ziren. Hemen ja nahiko galdua zegoen forjaketa, baina monjeak mugitu egiten ziren, eta Europako iparraldetik iritsi zen korrontearekin eutsi zioten. Beste errementariei dagokienez, desagertuz joan ziren, hala nola industrializazioarekin eta serieko makinen agerpenarekin; beraz, egun, esan dezakegu errementariak ia desagertuta daudela.

Zein da egungo egoera?

Uste dut Euskadin eskuetako hatzekin konta daitezkeela hemen bizi diren errementariak, eta ziur nago ez zaizkidala hamar izen ere aterako. Irratian entzun nuen Sobronen [Araba] bazela mutil gazte bat, eta esaten zuen Arabako azken errementaria izango zela, eta azokaz azoka arituko zela, burdina nola lantzen den erakusteko asmoz.

Zerbait egin al daiteke ofizioa ikusarazteko?

Bizitza osoa eman dut forjaketa berreskuratzen hainbat lekutan: eskolak, lantegiak, Legazpiko [Gipuzkoa] Lenbur fundazioa... Horietan izandako ikasle batzuk badabiltza arlo honetan lanean han eta hemen; esate baterako, Bartzelonako Familia Santuan aritu dira bi lanean, baina egia da Katalunian egoera hobea dela; gehiago pagatzen da, eta eskaera handiagoa da. Baina hemen forja hiltzen ari da. Beti izan naiz baikorrenetan baikorrena, pentsatuz hau aurrera doala, baina orain ezkorra naiz.

Forjaketa prekarioa da?

Oraintxe bertan, bai.

Lanei dagokienez, eskulturaz josia duzu etxe ingurua. Artista ere bazara!

Inguruko herri askotan ditut eskulturak; esate baterako, Balmasedan [Bizkaia] erromatarren eskultura bat daukat; barruan sar zaitezke, eta argazki bat atera, pertsonaia hori izango bazina bezala. Horrez gain, eskulturen ibilbide bat ere badaukat, Amurrioko [Araba] San Pedro mendian hasten da, eta Sopuertan [Bizkaia] amaitu, Balmasedatik pasatuta. 43 eskultura daude hor.

Zenbat eskultura egin dituzu?

Orain bada pertsona bat nire lan esanguratsuenak katalogatzen ari dena, eta aurreko batean esan zidan 400 kontatuta zeuzkala dagoeneko.

Zenbat denbora behar da horietako bakoitza egiteko?

Pisuaren eta izan dezakeen lanaren araberakoa da. Hala ere, nik normalean eskulturak egitean ez ditut orduak kontatzen; azken emaitza da garrantzitsua. Esate baterako, Kexaako [Araba] monasterioko Adatseko Andre Mariaren bi erreplika egin ditut. XIV. mendeko erlikia bat da, eta bederatzi hilabete eman nituen kopia bat egiten; orduak apuntatu nituen, baina lana bukatu orduko puskatu egin nuen papera. Juan Pablo II.a Loiolara [Azpeitia, Gipuzkoa] etorri zen, eta berak eraman zuen errepliketako bat. Hala ere, normalean, ez dut jarraian egiten lan: gaur egin dezaket, ostean deskantsatu, eta bi egunera berrito hartu.

Nondik datorkizu inspirazioa?

Ideiak bakarrik datoz, eta horietako batekin aurrera egitea pentsatuz gero, lau ohar hartu, eta hor uzten dut, beste batean hartu arte. Batzuetan, urteen poderioz egin ditut piezak. Baina beti diot:izaten ditudan ehun ideietatik bat egitea jada asko lortzea iruditzen zait. Baina ideiak hor egoten dira, amets arraroen jatorriaren eran. Orain, hiru metroko burdinazko txorimalo bat egin nahi dut.

Aitari eginiko bat ere baduzu.

Bai, nire aita egin nuen, egunkaria irakurtzen. Horrela egoten zen bere azken urteetan. Omenaldi bat da, eta etxeko atarian dago. Ama ere egin nahi nuen, baina oraindik ez naiz horrekin jarri.

Zer eman dizu jardun honek?

Batetik, jatekoa, horretatik bizi ahal izatea. Eta gero, eskulturekin zein bestelako lanekin, poz handia. Ederra da herri batean paseatzea eta balkoiren batean zure lanak ikustea; oroitzapenak eta sentipenak etortzen zizkizu. Hor daude, zure bizitzako une bat markatzen. Une bakoitza ezberdina da, eta bestelako begiekin ikusten dira lanak; bakoitzak oroitzapen bat sorrarazten dit. Asko gozatu dudan lanbidea da, baina baita gogorra ere, edozein artisautza bezala.

Hala ere, desagertzear dago ofizioa.

Hamar edo hamabost urte barru ez da errementaririk egongo hemen inguruan. Batzuk saiatzen dira zerbait egiten, baina horma batekin egiten dute topo beti, eta ez dute ezer lortzen. Errementari jarduna ez dago desagertzear, ia desagertuta baizik. Instituzioek ere ez dute ia laguntzarik ematen. Baina gero betikoa gertatuko da: ia galdua dagoenean, milioiak gastatuko dituzte berreskuratzeko, baina ezagutza jada galduta egongo da, pertsonatik pertsonara transmititzen den ofizio bat delako. Hori desagertu egiten da, eta, horrekin batera, baita ezagutzak ere; beraz, hurrengoak ez du horren berri izango.

Ez da gauza bera liburu batean irakurtzea.

Liburu batean ezin izango dute zehatz-mehatz interpretatu nik esandakoa. Gauza bera gertatzen da kozinatzen hutsetik ikasteko liburu bat hartzen duenarekin ere. Saia zaitezke, behin eta berriz, baina ukitu pertsonal horiek, liburu batean idazten ez direnak, desagertu egiten dira. Esate baterako, sukaldaritza liburu batean osagairen batetik «pixka bat» botatzeko azaltzean, nik sekula ez dakit nola interpretatu kantitate hori: koilarakada bat? Eskukada bat? Forjan gauza bera gertatzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.