Kalera Kalera-k bide orri «bateratu» bat eskatu du euskal presoak etxeratzeko

Dinamikak manifestazio batera deitu du abuztuaren 24rako, 'Bada garaia, presoak kalera' lelopean; Bilboko Plaza Eliptikotik abiatuko da

Kalera Kalera dinamikako kideak, atzo egindako agerraldian. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Peru Azpillaga Diez.
Bilbo
2018ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
«Preso, iheslari eta deportatu politikorik gabeko Euskal Herria erdietsiko duen bide orria» zehaztera deitu du Kalera Kalera dinamikak, eta, norabide horretan presio egiteko, manifestazio bat antolatu du hilaren 24rako, Bilbon. Martxa Plaza Eliptikotik abiatuko da, eguerdian, Bada garaia, presoak kalera lelopean. Dinamikak herritarrei dei egin die bat egitera eta «denok batera hitzetatik harago doan lan agenda aldarrikatzera».

Atzo egin zuen Kalera Kalera-k mobilizazioa aurkezteko agerraldia, Bilboko Unamuno plazako eskaileretan, dozenaka herritarren babesarekin. Dinamikaren bozeramaile Oihana Garmendiak eman zuen deialdiaren xehetasunen berri, eta herritarrei eskatu zien «kalean mantentzeko konponbidearen exijentzia». Garmendiak EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideei hitz eginez hasi du hitzaldia: «Dudarik ez izan, kaletik betiko elkartasuna, babesa eta maitasuna jasotzen segituko duzue; urteetan etenik izan ez duenak ez du orain izango. Denak kaleratu arte ez dugu etsiko». Ondoren, herritarrei zuzendu zizkien hitz batzuk, eta azpimarratu zuen haien «aktibazioa eta parte hartzea» ezinbestekoak izango direla «gatazkaren ondorioak behin betiko ixteko».

«Euskal preso politikoen korapiloa konpontzeko, preso, iheslari eta deportatu politikorik gabeko Euskal Herria erdietsiko duen bide orria zehaztea beharrezkoa da» nabarmendu du Garmendiak. Bide orria adostu ahal izateko, berariazko garrantzia eman dio herri mobilizazioari: «Ehuntzen ari garen harreman berriekin, ematen ari diren mugimenduekin eta euskal preso politikoen urrats eskuzabalekin batera, behar-beharrezkoa da herri mobilizazioa».

Horrez gain, espetxe politikaren «krudelkeria»salatu dute, eta hura aldatu beharra azpimarratu. Hala, aktibatzera deitu dituzte herritarrak, kartzela politika «urratu» eta «etorkizunaren bidean urratsak egiteko»: «Euskal Herriaren oraina eta etorkizun berria eraikitzeko, ezinbestekoa da sufrimendu eta heriotza iturri den kartzela politika amaitzea».

«Xantaiarik gabe»

Horregatik, Garmendiak gogoratu du «espazio zabalak eta exijentzia zehatzak» bultzatu behar direla kartzela politika iraultzeko. Hori dela eta, haien «oinarri sozialari» dei egin diote, parte hartze aktiboa izan dezaten gainontzeko herritarrekin bat eginda Orain Presoak lelopean egingo diren ekitaldietan.

Agerraldian, euskal preso guztiak kaleratu arteko konpromisoa berresteaz gain, «egungo legea ezartzeko xantaia gisa baldintza eta posizionamendu politikoak eskatzen dituztenen aurrean tinko agertzeko» eskatu dute. Azkenik, egin beharreko bidea «herritarrekin soilik ez, euskal preso, iheslari eta deportatuekin batera» egin behar dutela iritzita, gutun sorta bat sartu dute postontzian, «Bilboko preso politikoak mobilizazio horren protagonista ere izan daitezen».

«Euskal Herriaren etorkizuna eraikitzeko bidean», Garmendiak nabarmendu du bat egiten dutela EPPK-k partekatutako gogoetekin. Bide horretan, funtsezkoa iruditzen zaio «preso, iheslari eta deportatu politikoen ekarpena eta adibidea», eta argi utzi du «sufrimendu berrien bizkarrean eraikitzen den herri kohesioa» ez dela «ez sanoa ez justua» izango.

Gauzak horrela, ezker abertzalearen izenean Garmendiak adierazi du jarraituko dutela «presoekin batera, haien ametsak eta gogoetak gureak eginez, beraien alde baino, beraiekin lanean, mobilizatzen eta borrokan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.