Koronabirusa

Ekaitzaren aurrean, babes bila

Epe jakinik gabeko geldialdiak eragingo duen kalteari aurre egiteko neurriak hartu behar dira

Donostiako Martuteneko 27 poligonoan, lanean, atzo. JON URBE / FOKU.
joxerra senar
2020ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
2008ko finantza krisiaren ostean, orain SARS-CoV-2 koronabirusa. Eta orain, zer? COVID-19 eritasunaren zabaltzea geldotzeko urruntze sozialerako neurri gogorrak hartu zituen Italiako Gobernuak lehenik, eta Espainiakoak iragan asteburuan. Europako beste herrialde batzuk oraindik ez dira heldu egoera horretara, baina, Erresuma Batua izan ezik, bide beretik doaz gehienak. Begi bistakoa da herritarren osasuna bermatzeko estrategiak bete-betean eragingo diola ekonomiari, kontsumoan zein eskaintzan. Osasuna beste ezeren gainetik badago ere, arriskuetako bat da koronabirusa bestelako birus ekonomiko bat bihurtzea, sistema ekonomikoa goitik behera kutsatuz. Ekaitza hasi besterik ez da egin, eta, eragina leuntzeko, garrantzitsua da babeslekua topatzea, baina benetan zer egin daiteke? Erakunde eta ekonomisten artean hasia da eztabaida: zer egin behar den eta zer egin daitekeen.

ZEIN DA ABIAPUNTUA?

Zer datorren pentsatzeko, garrantzitsua da testuingurua ulertzea. 2019ko udazkenaren hasierako zalantzak uxatu ostean, 2020ari begira perspektiba onak zeuden, nahiz eta barne kontsumoa apurka motelduz joan. Hego Euskal Herriko bi gobernuek, esate baterako, aurrekontuak egiterakoan diru sarreren gorakada handia jaso zuten. Hori dena haize zirimola itzel baten gisan suntsitu du koronabirusak.

Atzera begira, egiturazko arazoak eragin dituzte 2008ko finantza krisiari aurre egiteko neurriek; orain, ekonomiak estres azterketa sendo bat du aurrean. Alde batetik, Europako Banku Zentralak orain arteko diru politika oldarkorra indartuko du berriro, baina 2012an ez bezala, bere eragin ahalmena mugatua izan daiteke. Herrialde gehienek, berriz, zor publiko handia dute, eta, gobernuek bultzatu beharreko politika eta neurriek desoreka hori areagotuko badute ere, ez da zor eta defizit mugak jartzeko unea. Azkenik, gakoetako bat enpresen likidezia bermatzea den heinean, aurreko krisiaren erdigunean izan zen finantza sistemaren sendotasuna ere aztergai jarriko du birusak.

ZEIN IZANGO DA ERAGINA?

Atzeraldia dator, baina goiz da antzemateko haren tamaina. Olatuak herrialde gehienak (ia denak?) joko dituen heinean, zaila da uneotan mundu mailako dimentsioa antzematea. Funtsezko sektoreak salbu, makinaria ekonomikoa gelditu eta berrabiatzerako bi hilabete pasa daitezke. Txinak egin duenari erreparatuta, Pierre Oliver Gourinchas ekonomistak kalkulatu du lehen hilabetean produkzioa %50 murriztuko dela, eta bigarrenean %25. Hori barne produktu gordinera eramanez gero, aurreko urtearekiko %6,5ko hozkada esan nahi du. Beste hilabete bat gehiago eta %10era irits daiteke.

Arazo nagusia ez da hori, ordea. Berrabiatzerakoan errebote bat ere egon liteke, zifra horiek hobetuz. Kontua da ekonomia ez dela ordenagailu bat. Domino efektu baten gisa, kalte lazgarriak etor daitezke baldin eta eragile ekonomikoek, euren iraupena ziurtatu nahirik, batak besteari pasatzen badiote faktura: bankuek enpresei eta enpresek langileei.

EZ AL DA DENA ITXI BEHAR?

Osasuna beste ezeren gainetik dago. Gainera, osasun sistemaren kolapso batek eta urruntze sozialerako neurririk ez hartzeak epe ertainera eta luzera ekonomianondorio okerragoak utz ditzake. Erresuma Batuak hartu du bide hori, eta ikusteko dago emaitza.

ZER EGIN BEHAR LITZATEKE?

Lehentasuna da kalteak leuntzea langileen, enpresen eta finantza erakundeen artean. Nazioarteko Diru Funtsak atzo ohartarazi zuen, krisiak maileguak itzultzeko gaitasuna kaltetu dezakeen heinean, kolokan jar dezakeela finantza sistemaren egonkortasuna. Gobernuei eta banku zentralei bere esparruetan neurriak hartzera dei egin zien: banku zentralek likidezia bermatu beharko dute, eta gobernuek kaltetutako herritarren eta enpresei erantzun. Azken esparru horri begira,zergen ordainketa atzeratzeko neurria hartu du Madrilgo gobernuak, milioika diru isuriz ekonomian. Ez da nahikoa, eta euren finantza egoera leuntzeko neurriak har daitezke, bankuen laguntzaz. Enpresez harago, neurri sozialei ere erreparatu behar zaie, baina eztabaida dago nola lagundu familiei eta norbanakoei ahalik eta modu eraginkorrenean.

ZER (GEHIAGO) EGIN DAITEKE?

Beste aukera batzuk ere badaude. Emmanuel Saez eta Gabriel Zuckman ekonomisten ustez, zergen ordainketa atzeratzearekin ez da aski; interes tasarik gabeko maileguak emanez enpresei likidezia bermatzea ere ez da nahikoa. «Gizarte segurantza modu berri bat behar dugu», diote. Hala proposatu dute gobernuek azken baliabideko erosle bihurtzea, desagertu den kontsumoak eragindako fakturazio beherakada ordezkatuz. Adibidez, hegazkin konpainien eskaria %80 jaisten bada, gobernuak hegazkin tiketak erosiko lituzke neurri berean. Horrek ahalbidetuko luke enpresak zutik irautea, egoera normal batean bezala, kaleratzeak eragotziz, adibidez.

Finantza sisteman eragin daitekeen tentsioaz harago, irtenbide horrek estal dezake zuloa; baina Aita estatuaren zor publiko bidez finantzatuko litzateke. Ekonomistek kalkulatu dute hiruhileko batean eskariaren %40 jaisteak BPGren %10eko faktura duela. Euren ustez, gakoa da krisia ez dela ez ohiko atzeraldi baten dinamiken emaitza, baizik eta behin-behineko shock handi baten ondorioa, eta horregatik uste dute erantzun hori eraginkorra dela. Euren ikuspegitik, modu horretan ez dira enpresen erabakiak ez baldintzatuko, nahiz eta doikuntzak egin behar diren kostu erreala neurtzeko; kasu, hegazkinak ez direnez mugituko, kostuak apalduko dira; edo hainbat sektoreren diru sarrerek (elikagai edo paper industria)gora egingo dutelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.