EAEko Auzitegi Nagusiak atzera bota du Costumerok jarritako helegitea

Bizkaiko Auzitegiaren epaia ontzat jo, eta akusatuen errugabetasuna berretsi du. Costumerok esan du Auzitegi Gorenera joko duela

Epaiketa, auzitegian. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Oihane Puertas Ramirez.
2021eko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko arlo zibileko eta zigor arloko salak berretsi egin du Irune Costumeroren auzian epaitutako Bizkaiko Foru Aldundiko lau langileen errugabetasuna.

Akusatuek aldundiko Gizarte Ekintzan lan egiten dute, umeen eta nerabeen babeserako zerbitzuan —horietako bat Sergio Murillo da, Gizarte Ekintzako diputatua, eta beste hirurak diputazioko haurren arretarako langileak—, eta ekainean epaitu zituzten prebarikazio administratiboa, haurraren aurkako tratu txarrak eta lesio psikikoak egotzita.

Akusazioak bost urteko espetxe zigorra eskatu zuen lau auzipetuentzat, eta hamabost urteko inhabilitazioa enplegu publikorako. Costumerok 2017an jarritako salaketa batean oinarritzen da auzia: alabaren zaintza kendu zioten GAS gurasoen alienazioaren sindrome faltsua argudio hartuta, nahiz eta NBEk eta beste zenbait erakundek hura erabiltzearen aurka egin —GASa erabiltzea legez debekatuta dago Hego Euskal Herrian—. Akusazioak haurraren aitaren aurkako salaketa jarrita zuen, genero indarkeriagatik, baina artxibatu egin zuten.

Bizkaiko Probintzia Auzitegiak absolbitu egin zituen lau auzipetuak. Epaiaren arabera, akusazioak azaldutako egitateak «ezin dira hartu prebarikazio administratiboko delitutzat», eta «ez da nahikoa frogarik aurkeztu» beste bi delituak egiaztatzeko. Costumerok helegitea jarri zion epaiari.

EAEko Auzitegi Nagusiak, ordea, ekainean hartutako erabakia berretsi du epai batean: «Bidezkoa da auzipetuak absolbitzea, arrazoibide horiek ezin baitira inola ere funtsik gabekotzat jo». Costumerok Naiz.eus-i adierazi dionez, Espainiako Auzitegi Gorenera joko du «justizia bila»: «Pentsatzen dut han era justu batean begiratuko diotela honi».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.