Euskaraz jardutea garesti Eusko Jaurlaritzan

Martin Rezola, Gerardo Luzuriaga eta Jonjo Agirre
2019ko urriaren 20a
00:00
Entzun
«Interpretazioa» esaten diogu, normalean, aldibereko ahozko itzulpenari, kabina eta kaskoen bidez itzulpena zuzenean helarazten duenari, oso gutxi erabiltzen den baina euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzeko tresna bikaina izan daitekeenari.

Nork ez du bizi izan, inoiz, eskolako batzar batean, laneko bilera batean... «bueno, erdaraz egingo dut, denek uler dezaten...» ustezko edukazio onaren mozorropean ezkutatzen den jokabide suizida hori? Bada, horren alternatiba bikaina dugu interpretazioa. Probatu duenak badaki. Eta zergatik ez da, beraz, bultzatzen? Zergatik ez da haren aldeko pedagogia egiten? Zergatik ez da diruz laguntzen, saritzen, hedatzen?

Demagun sindikatu abertzalea zarela eta euskararen aldeko jarrera duzula. Eta langileen batzar bat antolatu nahi duzula, adibidez, Eusko Jaurlaritzan, Lakuan, langileen lan baldintzen inguruan. Eta euskaraz egin nahi zenukeela, baina badirela euskaraz ez dakiten langileak...

Zera, Eusko Jaurlaritzak baditu interprete (bikain) gutxi batzuk; azpiegitura eta tresnak ere bai... tira, animatu zara eta Jaurlaritzari eskatu diozu zerbitzua, pentsatuz, kontsentsuaren aroan sindikatu baten euskararen (euskaldunen) aldeko urrats batek erraztasunak eta laguntza baino ez dituela jasoko, eta zerbitzua (publikoa) erabiltzeagatik ez dizutela xoxik eskatuko (horixe bakarrik behar genuen: hizkuntza eskubideak bermatzeko ahalegina egiteagatik pagatu?). Txalorik ez duzu espero, ezta behar ere. Konformatzen zara trabarik jartzen ez badizute edo ordainsaririk kobratzen ez badizute. Horrekin pozik.

Baina usteak erdia ustel, eta beste erdia garesti xamar. Zerga normalizatzailea euskaldunoi, baita Eusko Jaurlaritzan ere! Jaurlaritzak erantzun dizu bertako interpretazio zerbitzua erabiltzeko ordaindu behar dela, nahi eta nahi ez. Majo ordaindu gainera.

Bestela esanda, batzarrean euskaldunek euskaraz normaltasunez jarduteko aukera izatea nahi baduzu, kutxatik pasa eta zerga normalizatzailea ordaindu beharra duzula: 120 euro ordubeteko zerbitzuaren truk, eta bikoitza baino gehiago bi ordukoarengatik, eta abar...

Ez da fikzioa. Benetan gertatu da. Eta sindikatu horrek ordaindu behar izan dio Eusko Jaurlaritzari (normalizazioaren, eta Euskaraldiaren, eta Euskararen Aholku Batzordearen amari berari) Jaurlaritzako langile euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatzen saiatzeagatik!

Jaurlaritza barrutik ezagutzen ez dutenei sinesgaitza gertatuko zaie hona ekarritakoa: euskaraz jardun nahi duenari erraztasunik ez ematea... Hizkuntza eskubideak bermatzeko profesional bikainak eta tresnak eskuetan ez jartzea...

Interpretazioa (aldi bereko itzulpena) tresna bikaina da euskararen normalizazioaren alde. Agintea, dirua, makinak eta eskumena dituztenek (erakunde publikoek) interpretazioa bultzatzeko plangintza serio bat landu behar lukete (interpreteen prestakuntza, tresneria, zerbitzua erabiltzeko aukera elkarte eta erakunde orori ematea gainkosturik gabe...).

Oraingo egoera absurdoa da; mingarria ere bai. Inor ez gaude behartuta batzar bat euskaraz egiteko arriskua geure gain hartzera. Erosoagoa da ele bitan edo como-decía-en-euskera formatuan egitea, kasurik onenean, eta euskaldunon kaltetan.

Baina, hara, norbaitek erabakitzen duenean teknologiaz baliatzea euskaraz duin jarduteko, inoren hizkuntza eskubideak zanpatu barik, zergatik ordainarazi behar zaio apustu hori?

Ez litzateke alderantziz izan behar? Horrela saritzen da euskararen aldeko konpromisoa?

Eusko Jaurlaritzak kanpaina asko egiten ditu euskararen alde. Kanpaina horien irisgarritasuna badaezpadakoa iruditzen zaigu askotan. Hementxe dauka aukera bikain bat, egunez eguneko jardunean sektore askok erabil dezaketena, ohitura linguistikoak aldatzeko makina indartsu bat, emaitzak zuzenean, istantean erakusten dituena. Borondaterik baldin badu...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.