Kataluniako hauteskundeak

AUKERA BAINO HAUTAGAI GEHIAGO

Independentismoaren edo unionismoaren aldeko botoa emango dute gaur Kataluniako herritarrek. Hauteskunde kanpainaren amaieran, gotortu egin dira bi aldeak, eta tarteko aukerak ezerezean geratuko direla dirudi. Abstentzioak kalte gutxiago egin diezaioke independentismoari.

AUKERA BAINO HAUTAGAI GEHIAGO.
Julen Aperribai.
Bartzelona
2021eko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Bi bloketan banatuta iritsi dira Kataluniako alderdiak gaurko hauteskundeetara: independentismoa batetik, eta unionismoa bestetik. Alderdi independentisten ezin ulertuak lagunduta, bi bloke horietan irekidurak izan zitezkeela zirudien duela bi aste, kanpaina hasi zenean, eta izan zitezkeela aliantzak blokeen artean ere. Halakorik nahi ez dutenek kanpainaren azken egunera arte haizatu dute aukera hori, botoak poltsikoratzeko. Ekuazio berriak egiteko borondate handiena zutenek ez dute horretarako oinarri handirik jarri kanpainaren beroan, ordea, eta euren orain arteko posizioetan gotortu dira.

ERC Esquerra Republicana de Catalunyaren eta PSC Kataluniako Sozialisten Alderdiaren bueltan zentratu da eztabaida. En Comu Podemekin batera hiruko gobernu bat osatzeko aukeraz hitz egin dute hiru alderdi horien arerio politikoek, Madrilen dituzten adostasun puntuek Kataluniako jokalekua baldintzatuko balute bezala. Inor gutxik ukatzen du eraginik izango duela, baina badago jauzia hortik Generalitatea alboz albo kudeatzera.

Posizio zurruna eta malgua tartekatu ditu ERCk kanpainan, baina azken egunotan zabaldu duen diskurtsoak eta, batez ere, gainerako alderdi independentistekin batera PSCri betoa jartzen dion dokumentu bat izenpetu izanak erakutsi dute lehentasuna independentismoaren barnean lidergoa lortzea izango dela haientzat. «Nagusitasun handiz» irabazi nahi dutela adierazi zuen Pere Aragones zerrendaburuak kanpaina amaierako ekitaldian. Salvador Illari independentismoaren alternatiba izan daitekeen gehiengo bat osatzea galarazi nahi diote, nola edo hala, PSCko zerrendaburuak nabarmendu zuenez. Balizko garaipen handi horrek Junts per Catalunyarekin duen harremanean ere eragin nahi du, ordea. Izan ere, independentismoaren bi alderdi nagusien harremana asko gaiztotu da azken lau urteetan, errepublikaranzko bidea desberdin irudikatzen baitute biek.

Inkestek parean jartzen dituzte ERC eta Junts —PSCrekin batera—, eta, bi horietako zeinek irabazten duen, hark izango du aukera bestea bere bide orrira hurbiltzeko presioa egiteko. Adostasunerako deia egina dute independentistek, baina ondokoa ulertzeari baino garrantzi handiagoa eman diote orain arte hura higatzeari, eta, independentziarako bidean ere, badirudi haien arteko indar harremanak zehaztuko duela norabidea, jakinik ere beharrezkoa izango dutela estrategia bateratu bat izatea. Oldartzeko edozein imintzio ikusita jazarpena gogortuko duen estatu bat izango dute parez pare, azken legealdiak erakutsi duen moduan.

Alternatiba posibleez hitz egin zuen Aragonesek, eta, hain justu, PSCko Salvador Illaren bueltan osatuko da, izatekotan, alternatiba hori. Asmo horrekin izendatu zuen alderdiak zerrendaburu ordura arte Espainiako Osasun ministro zena. Unionisten botoa kapitalizatuko du Illak, eta horretan lagunduko dio independentistek harekin gobernua osatzeari uko egingo diotela dioen orriak ere. Illa jarri du jopuntuan agiri horrek, eta subiranisten hegemoniarentzat mehatxurik garbiena eta ia bakarra berak gidatutako aldaketa bat izan daitekeela erakutsi du. Ez kasualitatez, unionismoaren hurbileko hedabideak izan ziren independentisten sinadurak jasotzen zituen agiria zabaltzen lehenak, eta pozez jaso zuen betoa PSCk, aukera eman ziolako aurkako mezuen erdigunean are gehiago egonkortzeko. Hala aitortu zion Ferran Pedret PSCko diputatugaiak BERRIAri: «Ezin genezakeen imajinatu hauteskunde kanpaina amaitzeko modu hoberik».

Matematika, PSCren aurka

Hitzeman duen aldaketa gidatzeko, ez du nahikoa izango irabaztearekin, ordea. Inkesta guztietan ageri da PSC hauteskundeak irabazteko aukerekin —30-32 parlamentari ematen dizkiote gehienek—, eta irabaziz gero inbestidurara aurkeztuko dela iragarri du Illak. Gehiengoa lortzea oso zail izango luke, eta unionismoa batzen saiatu beharko luke horretarako. Ciutadansen eta PPCren botoak jasoko lituzke, ziurrenik, eta Voxek ere emango lizkioke bereak —eskuin muturraren laguntza izatea bere esku ez dagoen zerbait dela esan du PSCk azken egunotan—. En Comu Podemengana jo beharko luke lehenik, ordea, eta zaila da imajinatzen Jessica Albiach zerrendaburu duen alderdia eskuin muturraren talde berean.

Gehiengoa lortzeko operazioak errazagoa behar luke, printzipioz, alderdi independentistentzat, euren arteko akordioak egingo dituztela iragarri baitute. Independentziarako estrategian ados jartzetik urrun daude ERC eta JxC, baina, Generalitatea gobernatzeko, bestearekiko exijentzia maila txikitu beharko dute. Alor horretan elkar ulertzeko duten gaitasunak erakutsiko luke bien arteko arrakala zenbaterainokoa den, bi alderdientzat zaila bailitzateke hautesleei azaltzea ez direla gai izan Kataluniako Gobernuan bien artean aritzeko.

Desadostasunak dituzte aliantzak osatzerakoan ere. Soilik independentista izango den gobernu bat egin nahi du JxCk, eta, ERCk, berriz, amnistia eta autodeterminazioa aitortzen dituzten indar guztiekin hitz egin nahi du; tartean, En Comu Podem. Bietako nor gailentzen den eta zer babesekin, horren arabera argituko dira halako kontuak. JxC Pere Aragones presidente izendatzeko prest legokeela dirudi, baina baliteke horri prezioa jartzea, eta uste izatekoa da En Comu Podem gobernutik kanpo uztea izan daitekeela bidesaria.

Egoera alderantzizkoa balitz, eta JxCk irabaziko balu, baldintzak ERCk jarriko lituzke, eta horietako bat izan liteke Laura Borras ez den beste norbait izatea presidentea, edo horretan saiatzea behintzat. Espainiako Auzitegi Gorena Borras ikertzen ari da, Kataluniako Letren Instituzioa gidatzen zuenean dirua desbideratu zuen susmopean. Borrasek independentismoaren aurkako jazarpen politikoarekin lotu du auzia, baina ERCk hainbatetan esan du kanpainan eurak direla beren historia osoan ustelkeria kasurik izan ez duen alderdi bakarra.

ERC halako zerbait proposatzera ausartuko balitz, ordea, azken legealdian gobernuan izan diren bi alderdien arteko harremanak are gehiago egingo luke okerrera.

Alderdi subiranista nagusien haserrea eta horrek independentismoan sortu duen frustrazioa baliatu ditzake CUPek, eta dituen baino parlamentari gehiago lortzea espero da —sei eta zortzi artean izan daitezke, inkesta askoren arabera, eta lau ditu orain—. Dolors Sabater buru duen alderdiak orain arte izan den baino erabakigarriagoa izan nahi du datorren legealdian, eta gobernuan sartzeko prest egon daiteke. Pisu handiagoa izango luke parlamentuko erabakietan, eta hori baliatu nahi du agenda eraldatzaile bat proposatu eta horren inguruan ados jartzea lortzeko. Amnistia eta autodeterminazioa baldintzatzat jarriko ditu horretarako, baina baita Katalunia krisitik ateratzeko ezkerreko neurriak ere.

Aliantza posibleetan eragin nahiko du PDeCAT Alderdi Demokrata Europar Katalanak, baina, ezer baldintzatzeko, parlamentuan sartu beharko du lehendabizi, eta inkesta askok kanpoan uzten dute. Eserlekuren bat lortuz gero independentismoaren blokean kokatuko dela ematen du, baina gakoa izan daiteke hauteskunde hauetako galderetako baten erantzuna argitzeko: independentismoak hautesleen %50en babesa lortuko ote duen.

JxCk esan du independentziarako aldebakarreko bidea azkartzeko moduan leudekeela langa hori gaindituz gero. PDeCAT parlamentutik kanpo geratuko balitz, ordea, alderdi horrek jasotako babesa boto galdua litzateke independentistentzat.

Abstentzioak nori kalte

Pandemia betean bozak egin diren lekuetan ohikoa bihurtu da parte hartzea nabarmen apaltzea, eta Katalunian ere hala gertatuko da, itxura guztien arabera.

Hala ere, abstentzio handiak ez die denei modu berean eragingo. Alderdi independentisten hautesleek bozkatzeko joera handiagoa dute, eta unionistenak gehiago aktibatzen dira garai jakinetan. Hori gertatu zen 2017an: urriaren 1eko erreferendumaren eta ondoko urratsen ostean, Konstituzioaren 155. artikulua ezarri zuen Espainiako Gobernuak. Independentismoaren mehatxua argiagoa zen. Zenbait analistak adierazi dute 2017an bozkatzera joan zirenetako askorentzat gaurko bozak ez direla erabakigarriak izango, eta balitekeela ez bozkatzea hautatzea, pandemiaren beldurrak lagunduta.

Bestalde, baliteke COVID-19arekiko zaurgarrienak diren asko bozkatzera joan gabe geratzea, eta botoa gaztetzea hala. CUPi eta En Comu Podemi mesede egingo lieke horrek, haiek baitituzte hauteslerik gazteenak. Dena den, emaitzek argituko dute gisa horretako hipotesiak zenbateraino betetzen diren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.