Katalunia. Auzitegiak

Parlamentuko presidente gisa hartutako erabakiak defendatu ditu Torrentek

Konstituzionalaren esanak desobeditu ote zituen ikertzen ari da epailea. Josep Costa presidenteorde ohiak uko egin dio auzitegira joateari

TONI ALBIR / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko irailaren 16a
00:00
Entzun
Kataluniako Enpresa kontseilari Roger Torrentek epailearen aurrean deklaratu du, Kataluniako Parlamentuko presidente gisa hartutako erabakiengatik. Zehazki, Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren betoa jaso zuen ebazpen bat tramitera onartzea leporatzen diete hari eta mahaiko beste hiru kide ohiri. Torrentek bere jarrera defendatu du, argudiatuta mahaiaren helburua dela parlamentuak «zentsura, muga eta hertsadurarik» gabe hitz egiteko ahalmena izatea.

«[Epaiketa] Zigor batekin amaitzen bada, aurrekari negargarri bat izango da ikuspuntu demokratiko batetik. Parlamentuaren adierazpen askatasuna mugatuko luke», adierazi zuen Enpresa kontseilariak Kataluniako Auzitegi Nagusitik atera berritan. Aurrez, Maria Eugenia Alegrat epaileari azaldu zion ez mahaikideek, ez parlamentuko letratuek ez zutela bozketa atzera botatzeko nahikoa arrazoi ikusi.

Torrentek bere abokatuaren galderei soilik erantzun zien, eta erabakiaren legezkotasun eza zalantzan jartzeko baliatu zuen hitzartzea. Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako Parlamentuari adierazi zion 2015eko azaroan, Carme Forcadell presidente zela, hausturaren alde onartutako ebazpena garatu zezakeen edozein iniziatiba geratzeko betebeharra zutela. Presidente ohiak azaldu zuenez, mahaikideek izan zuten abisu haren berri, parlamentuko idazkari nagusiaren bitartez. Halere, kontseilariak nabarmendu zuen parlamentuko letratuek «zehaztugabetzat eta lausotzat» jo zutela mezu hura. Hala, haiek gerarazteko gomendiorik egon ez zela azaldu zuen.

Hedabideen aurrean, ERCko kideak gehitu zuen, parlamentuko presidente gisa, bere eginbeharra bete besterik ez zuela egin, eta «injustutzat» jo zuen epaiketa. Haren esanetan, «arriskutsua» litzateke mahaikide ohiak zigortzea, eztabaida politikoa kolokan jarriko lukeelako: «Iniziatiba parlamentarioak eta ordezkaritza politikoa bezalako oinarrizko eskubideak mugatzea ekarriko luke berarekin».

«Autoritaterik» ez

Eusebi Campdepadros (JxC) eta Adriana Delgado (ERC) mahaikide ohiek ere deklaratu zuten atzo. Parlamentuko presidenteorde ohi Josep Costak (JxC), berriz, uko egin zion auzitegira joateari, argudiatuta ez duela haren «autoritatea» onartzen: «Ez du zentzurik botere banaketa bezalako oinarrizko kontzeptuak ulertzen ez dituzten fiskal eta epaile errepresiogileekin hitz egiteak».

Gaia Estrasburgon argitzeko asmoa adierazi zuen Costak. Izan ere, Konstituzionalera eraman du kausa, besteak beste, «inpartzialtasun» faltagatik eta giza eskubideak ez errespetatzeagatik. Haren defentsak epaiketa behin-behinean geratzeko ere eskatu zuen, gaia Europako Giza Eskubideen Auzitegiak aztertu dezan.

Fiskaltzak ezarritako salaketa baten harira, Alegrat epailea ustezko desobedientzia delitu bategatik ari da ikertzen lau politikariak, autodeterminazio eskubidearen eta monarkia gaitzestearen inguruko emendakin bana Kataluniako Parlamentuan bozkatzea onartzeagatik. 2019ko azaroaren 26an, parlamentuak gehiengo osoz onartu zituen buruzagi independentisten aurkako epaiketako zigor «injustuak» gaitzesteko ebazpena, eta hari jarritako bi emendakinak. Horrek jarri zuen martxan makinaria judiziala. Izan ere, aurrez, Konstituzionalak atzera bota zuen gaiaren inguruko lehen testu bat, autodeterminazioaren eta monarkiaren ingurukoen legezkotasun eza argudiatuta. Erabaki hari izkin eginez, aurkeztu zituzten independentistek bi emendakinak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.