Altsasuko auzia. Elkarretaratzea

Kolpea jasota ere, altxatu dira

Milaka pertsonak bat egin dute Altsasun, epaiaren aurka protesta egiteko. Etsipenak eta amorruak begirada ilundu dien arren, borrokan segitzeko gogoa azaldu dute. Babesa eskertu dute senideek.

Atzo arratsaldean Altsasuko kaleetan eginiko manifestazioa; zenbait unetan, euriari ere egin behar izan zioten aurre. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
Altsasu
2018ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Euri tanta bat. Bi. Berunezko zeruak goibeldu du Altsasu. Txanoak jantzi eta aterkiak ireki. Euritakoen ozeano beltza, udaletxe aurreko plazan. Dozenaka zenbatu daitezke hasieran, han-hemenka. Zientoka, 20:00etarako minutu gutxi falta direla. Manifestazioa hasi denerako, elkartasunez gainezka egin du Altsasuko erdiguneak. Tanta bat, bi, pankartari eusten dion emakume baten masailean behera. Eskua pasatu du aurpegitik. Ez daki euri tantak diren, ala negar malkoak.

Kolpe latza izan da Espainiako Auzitegi Nazionaletik heldutako sententzia altsasuarrentzat. Sabelaldean jasotako ukabilkada. Batzuek ezin diote negarrari eutsi; gazteenei, berriz, oihuek ihes egiten diete eztarrietatik. «Terroristak! Zuek bai terroristak!», aldarri egin du batek. Gurasoen bozeramaileak, Bel Pozuetak, hitzekin edertu du azken orduetako sentimenduen nahaspila: «Sumatzen genuen halako zerbait etorriko zela. Minaren eta mendekuaren logikari bakarrik erantzuten dio sententzia honek. Eta lortu dute. Jipoi ederra eman digute, gure seme-alaben etorkizuna errotik moztuta».

Eta hala ere, altxatu dira. Pankarta hartuta, urrats bat eman dute. Eta gero, beste bat. Hasiera batean elkarretaratzea zena manifestazio bihurtu da berehala. «Altsasukoak askatu!» eta «gazteria aurrera!» oihukatzen du bertaratutako jendetzak. Manifestazioaren aurrealdean, gazteen gurasoak eta Entzun Altsasu plataformako kideak. Atzealdean, gazte ugari, amorruari ezin eutsita. «Herriak ez du barkatuko!» eta «alde hemendik, utzi bakean!» leloek burrunba egiten dute herriko karrika estuetan.

«Min eman digute, baina ez dute lortu gu gogogabetzea, ezta apur bat ere», esan du Juan Miguel Urdangarinek. «Epaileek ezin izan diote eutsi terrorismo akusazioari, helduleku juridikorik ez zutelako, eta Torquemadak berak aitortu behar izan du hemen ez dagoela sorginkeriarik; hala ere, guk hasieratik genekien epaia gogorra izanen zela eta gure gazteei ahalik eta zigor handiena ezarriko zietela». Horren aurrean, egoerari «buelta emateko» gaitasuna dutela berretsi du altsasuarrak: «Muturreraino eramanen dugu borroka».

Izan ere, Altsasuko herritarrek ez diote etsipenari tarte txikiena ere utzi nahi: «Ez dugu amore emanen», gehitu du Garbiñe Urrizola bizilagunak. Badakite zaila dela, baina burua hotz mantendu nahi dute, «bidegabekeria judizialari» aurre egiteko. «Magistratuek beraiek uste badute hau ez dela terrorismoa, kasua epaitu dezatela borrokaldi soil gisa. Espainiako Estatuan, gisa horretako 9.500 kasu epaitu zituzten 2016an, eta gehienetan isun batera mugatu zen zigorra. Hemen hamahiru urteko kartzelaldia eskatzen dute. Desoreka beldurgarria da».

Altsasukoarekin batera, manifestazio eta elkarretaratze jendetsuak egin dituzte Euskal Herri osoan. Jasotako babesarekin hunkituta azaldu da Urrizola: «Herritarren elkartasuna da gure sostengu bakarra. Altsasuko herritarrena, baina baita kanpokoena ere. Gaurko manifestaziora, adibidez, Gamonal auzoko jendea etorri da [Burgos, Espainia] babesa ematera. 17:00etan egin dugu deialdia, eta handik hiru ordura hemen ziren. Oso gertu sentitzen dugu maitasun hori».

Plataformaren izenean ere eskerrak eman ditu Aritz Leozek: «Kolpe gogorra izan da, baina gaurko agerraldietan izan dugun harrerak eta jendearen elkartasunak indarberritu egin gaitu. Zutik jarriko gara berriz, eta bihar bertan lanean izanen gara, gure lagunak etxean aske izan arte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.