Albistea entzun

Gorka Oribe. EHUko farmazia irakaslea eta ikertzailea

«Pandemiaren joera aldaketa batean gaude, egoera kritiko batean»

Koronabirusaren pandemia ez dela amaitu ohartarazi du Oribek, eta kezka azaldu du immunitatearen apaltzearekin eta birusaren aldaera berriekin. Uste du txertoek herrialde guztietara iritsi beharko luketela, izurria «arazo globala» delako.
RAUL BOGAJO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Edurne Begiristain -

2022ko uztailak 10 - Gasteiz

EHU Euskal Herriko Unibertsitateko farmazia irakaslea da Gorka Oribe (Gasteiz, 1976), eta zientziarekin lotutako eremu anitzetan ikerlaria ere bai— besteak beste, alzheimerrean, medikuntza birsortzailean eta botiken kutsaduran—. Azken bi urteotan, gainera, buru-belarri dabil COVID-19aren pandemiari buruzko dibulgatzaile lanak egiten sare sozialetan eta komunikabideetan. «Ohartu naiz zientzia ere zabaldu daitekeela eta gizarteari laguntzeko modu bat dela. Ni bezalako zientzialari asko ohartu dira gizartearekin lotura hori izatea ezinbestekoa dela». Pandemiaz eta botiken kutsadurari buruzko ikerketaz jardun du BERRIArekin.

Kutsatze kasuek gora egin ahala zenbait alarma pizten ari dira. Zer egoeratan gaude?

Zuhurra izan nahi dut, baina badirudi joera aldaketa baten aurrean gaudela. Omikron aldaerarekin izugarri igo ziren kasuak, eta maskara erabilita ere erraz kutsatu ginen. Txertaketa maila oso altua izan denez, immunitate handia lortu da, eta, horri esker, joan diren hilabeteak nahiko lasaiak izan dira. Haatik, beste egoera batean gaude orain, une kritiko batean. Aztertu behar duguna da ea immunitate maila hori gutxitzen ari den, BA.4 eta BA.5 aldaera berriak gehiago kutsatzeko gai diren, eta kutsatze maila altuak ospitaleetan zer presio eragiten duen. Duela hilabete batzuk BA.2 aldaerak goraldi bat ekarri zuen kutsatzeetan, baina ez zuen islarik izan ospitaleratzeetan. Ikusteko dago orain zer gertatuko den. Argi dago hilabeteek aurrera egin ahala immunitatea, batez ere antigorputzena, gutxitu dela.

Izurriaren gripalizazioaz eta egoera endemikoaz asko hitz egin da.

Kontuz ibili behar dugu horrekin, gaixotasun endemiko asko daudelako eta oso arriskutsuak direlako. Baina argi esan behar da pandemia ez dagoela amaituta. Uste dut oso jarraipen zorrotza egiten hasi behar dugula, batez ere ikusteko ea aldaera berri horiek ospitaleratze prozesua azkartzen duten, eta, hala bada, zergatik gertatzen den, aldaerak desberdinak direlako edo biztanleriaren immunitatea gutxitzen ari delako. Eta kasuan-kasuan aztertu beharko dugu laugarren dosi bat jartzea beharrezkoa den ala ez.

BA.4 eta BA.5 azpialdaerez zer dakigu?

BA.5 azpialdaera inoiz izan den kutsakorrena da, eta badirudi birika ehunari eragiteko gaitasun handiagoa duela. Hori oraindik baieztatu egin behar da, hala ere. Deltatik omikronera aldaketa garrantzitsua egon zen: omikron askoz kutsakorragoa izan zen, baina ez zien birikei hainbeste erasan. Orain ikusi beharko dugu aldaera berriak biriketan zer kalte egiten duen.

Txertoen banaketa oso desorekatua da munduan. Hori da izurria amaitzeko traba nagusia?

Gainditu gabeko arazo bat da, dudarik gabe. Pandemia arazo global bat da, eta modu globalean jorratu behar da.

Txertoen patenteak askatzea irtenbide bat izan liteke, baina ia ez da urratsik egin.

Bide hori ez da behar adina jorratu, argi dago. Hala ere, egoeraren irakurketa hotza egitea komeni da: koronabirusaren aurkako 13.000 milioi dosi inguru jarri dira mundu osoan; inoiz ez da hainbeste jende txertatu aldi berean. Marka historikoa da. Bide horretan jarraitu behar da.

Egingarri ikusten duzu koronabirusaren aurkako txerto esterilizatzaile bat sortzea?

RNA mezulariaren gisako teknologia berriek aukera asko irekitzen dizkigute, baita txerto bimodalek ere. Baina infekzioa mozten lagunduko duten txertoak sortzen saiatu behar dugu, hori bailitzateke pandemia gainditzeko urratsik handiena. Gainera, kontuan izan behar dugu kutsatzea ez dela doakoa; izan ere, gizartean, osasungintzan eta medikuntzan sortutako kostuez gain, COVID luzea edo iraunkorra sor dezake, eta milioika pertsonarentzat arazo larria da.

Gobernuek asmatu dute pandemia kudeatzen?

Oso egoera latza kudeatu behar izan dute, eta erabaki zailak hartu behar izan dituzte. Hala ere, administrazio guztiek birusaren atzetik egotearen sentsazioa eman dute. Espainiako Gobernuak hegazti griperako ondutako plana irakurri berri dut, eta hor bazeuden izurri honetarako aplikatu ahal izan zitezkeen irtenbide asko. Hori esanda, ez da nire asmoa erabaki postuetan egon direnak kritikatzea.

Estoldetako ur zikinetan SARS-CoV-2 birusaren trazak topatzeko EHUren proiektu baten buru izan zara. Gasteizko Krispiña araztegiko hondakin uretatik laginak aztertu zenituzten COVID-19aren zantzuak topatzeko.

Pandemiaren hasieran Gasteizko ur hondakinak eta ibaiak aztertu genituen. 2020ko apiriletik ekainera bitartean egin genituen analisiak, eta hor atzeman genituen lehen olatuan Txagorritxu ospitalean gehien erabilitako botiken arrastoak. Hidroxicloroquinaren eta antibiralen zantzuak topatu genituen Arabako ibai batean, eta horren berri eman genuen lan aitzindari batean. Hidroxicloroquina modan jarri zen Donald Trumpek hartzen zuelako: gaixotasun autoimmuneetan erabiltzen da, baina izurriaren hasieran ere erabili zuten, oraindik ezjakintasun handia zegoelako birusaren gainean. Datozen urteetan gehiago sakondu nahi dugu gai horretan; gure ekosistema zer egoeratan dagoen aztertu nahi dugu, eta, halaber, botiken kutsadura kontzeptutik botika jasangarria kontzeptura jauzi egin nahi dugu.

Pandemiaren kasuan, ur hondakinen azterketa tresna baliagarria izan da birusaren goraldiak aurreikusteko?

Bai. Espainiako Osasun Ministerioak sare bat antolatu du pandemiaren bilakaera ur hondakinetan neurtzeko. SARS-CoV-2 birusa gorotzetan ateratzen da giza organismotik, eta komun zulotik behera joaten da, estoldetara. Ur zikinetan, beraz, birusa atzeman daiteke, aurreneko kasuak diagnostikatu baino zazpi bat egun lehenago.

Ur hondakinetan oinarritutako epidemiologian aditua zara. Zer da, zehazki?

Norbaitek zabor poltsa bat ireki eta zer jan duen ikustea bezalakoa da ur hondakinetan oinarritutako epidemiologia. Komunitate baten egoera biologikoa eta botiken edo legez kanpoko drogen erabilera ezagutzeko aukera ematen du. Erraza, azkarra eta inpertsonala da, eta etekin handia atera dakioke. Sendagaien, legez kanpoko substantzien eta alkoholaren kontsumoa atzeman daiteke.

Eta botikek uretan eragindako kutsadura ere ikertu duzu.

Ingurumena kutsatzen duten sendagaiez ari gara. Gizakiek eta animaliek hartutako botiken zantzuak ibaietan atzematen dira, gernuak garraiatuta. Gizakien kasuan, normalean ur hondakinetan atzematen dira, baina sarritan araztegietatik ere igarotzen dira, botikak oso kontzentrazio txikietan egoten direlako, eta handik ibaietara, ibai arroetara eta lurreko substratuetara joaten dira.

Eta zer kalte egiten dute?

Ingurumenean inpaktua sortzen dute, animalia jakin batzuen heriotza eragiten dute, haien jokabidea aldatzen dute, eraldaketa biologikoak sortzen dizkiete, antibiotikoekiko erresistentzia eragiten diete... Eta gizakiarengan ere eragina dute, zuzenean edo zeharka.

Nola?

Gizakion kasuan antibiotikoekiko erresistentzia da arazo nagusia; izan ere, ur ertzetan antibiotikoen kontzentrazio txikiak egoten direnez, bakterio jakin batzuek erresistentzia hori bereganatu dezakete eta aldagai kaltegarri bihur daitezke.

Zergatik gertatzen da hori?

Botikak denbora luzez irauteko diseinatuta daudelako, baita gure gorputzetik ateratzen direnean ere. Gainera, kontzentrazio oso txikietan egon arren, efektu bat izateko adina gaitasuna dute. Gizakiok eta animaliok sistema oso antzekoak ditugu, eta botikek eragina izaten dute animaliengan. Kontuan hartzekoa da, beraz, botika batzuek ingurumenean eragina dutela.

Zer botika dira kutsagarrienak?

Orain hasi gara botiken kutsagarritasuna aztertzen. Gizakiek eta albaitariek erabiltzen dituzten sendagaietan 4.000 substantzia inguru egongo dira, eta horietatik mila inguru araztegietako uretan, lurzoruetan edo lohietan detektatu dira. Denak ez daude kontzentrazio berean, eta guztiek ez dute inpaktu berbera. Baina, adibidez, antibiotiko eta psikofarmako jakin batzuek eta sistema endokrinoarekin zerikusia duten guztiek inpaktua izan dezakete.

Ba al dago irtenbiderik botikek ura kutsa ez dezaten?

Gutxiago kutsatzen saiatu behar dugu, eta, kutsadura gertatzen den kasuetan, garbitzeko eta iragazteko konponbideak bilatu behar ditugu. Substantzia horiek, batez ere kutsatzaileenak, desagerrarazteko teknologia berriak garatu behar dira, eta gizakiontzat eta ingurumenarentzat eraginkorrak eta seguruak izango diren sendagaiak diseinatu behar dira. Are, zenbait sendagai sinplifikatzera jo beharko genuke, oso kutsagarriak direnak egiteari utzita edo haien erabilera murriztuta.

Hori egitea ez da samurra izango.

Beti ez dago irtenbide alternatiborik. Australian, esaterako, ikusi zuten ornitorrinkoek antidepresibo maila altuak zituztela botikek kutsatutako uretatik edaten zutelako, eta herritar batzuk psikiatriaren aurkako mugimendu bat hauspotu zuten, eta horrek pazienteengan eragina izan zuen, noski. Horrelako egoerak kontrolatzen saiatu behar dugu.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Donostiako ospitalaren atarian gaur goizean egindako protesta bilkura ©Javier Etxezarreta / Efe

Donostia ospitaleko 150 langile inguru batu dira gaur ESIko zerbitzuburuen elkarretaratzera

Edurne Begiristain

Osakidetzaren eta Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa salatzeko protesta bilkura jendetsua egin dute goizean ospitaleko atarian. ESIko zerbitzuburuek arratsaldean eskainiko dute prentsaurrekoa.

Kontseiluko kide diren eragileetako ordezkariak, atzo, Durangoko San Agustin kulturgunean. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Eskisabelek adostasuna eta «letra larriko politika» aldarrikatu ditu

Julen Aperribai

Euskararen biziberritzea «justiziari eta kohesio sozialari» lotutako auzia dela adierazi du idazkari nagusiak, eta aurreratu du balio horiekin bat egiten duten guztiekin ados jartzea izango duela xede.
 ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

«Ume batek 3 urterekin ez badu hitz egiten, ja hasi behar da lantzen»

Irati Urdalleta Lete

Gutxi gorabehera bi urteko desfasea atzematen ari dira umeen hizketaren garapenean. Horrek izan ditzakeen ondorioez ohartarazi du Rodriguezek: «Hiztegi gutxiago daukate, ezagutza gutxiago dute...».
EH Bilduren hezkuntza konferentzian aritutako hizlariak. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Hezkuntza itunak «jauzia» ekartzea nahi du EH Bilduk

Gotzon Hermosilla

Hezkuntza konferentzia egin du Bilbon. Lege berriak koalizioaren ustez ekarri beharko lituzkeen urratsak zerrendatu ditu Otxandianok

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.