Brasilgo Munduko Kopa

Txilek eta Herbehereek B multzoko lehen postua daukate jokoan

Igor Susaeta.
2014ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Herbehereetako selekzioa zalantza askorekin heldu zen Munduko Kopara. Estilo bereizgarri bat eduki du 40 urteotan —erasokorra, baloiaren jabetzan oinarritutakoa—, baina Louis van Gaalek errotik aldatu du, dauzkan jokalariak kontuan hartuta. Sneijder, Van Persie eta Robben edukita, kontraerasoaren aldeko apustua egin du Manchester Uniteden entrenatzaile berriak. Eta ondo doakio, oraingoz. Espainia gupidarik gabe mendean hartu ondoren (5-1), Australiari ere irabazi zion, ozta-ozta izan bazen ere (3-2). Buruan kolpe gogorra hartu zuen partida horretan Martins Indi atzelariak, Tim Cahill australiarrarekin tupust egin ondoren, baina jada osatuta dago, eta entrenatzen hasi da. Sao Paulon, bihar, B multzoko lehen postua daukate jokoan Herbehereek Txileren kontra (18:00).

Moralez gainezka daude, ordea, txiletarrak. Jorge Sampaolik entrenatutakoak ari ziren behin eta berriz abisatzen aurten ezustekoa emateko hautagaiak zirela, eta oraingoz jokatutako bi partidetan nagusi izan da, nabarmen: 3-1 Australiari, eta 2-0 Espainiari. Jarduneko txapeldunaren aurka lortutako garaipenaren harira, Francisco Silva Osasunako jokalariak adierazi du kontrarioek jada errespetuarekin begiratzen dietela. «Gainontzeko selekzioek pentsatuko dute talde gogorra garela. Bai lagunarteko partidetan eta bai Munduko Kopan erakutsi dugu hori». Silva euskarrian aritu izan ohi da Osasunarekin, baina joan den asteazkenean atzeko erdiko lerroa osatu zuen Medelekin eta Jararekin batera.

Alonsok agur esan du

Espainia eta Australia elkarren kontra ariko dira, bihar, Curitiban B multzoko hirugarren jardunaldiko partidan, baina bi selekzioak daude kanporatuta, jada (18:00). Ez da giro Espainiako selekzioaren egonaldian, eta Xabi Alonsok, esaterako, jakinarazi du ez duela gehiago jokatuko Espainiako selekzioarekin. 2003an egin zuen debuta, eta geroztik ehun lehiatik gora pilatu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.