Haur eta gazte literatura. 'Olerki, ipuin eta eleberriak'

Sol III-tik

Idazlea: Mayi Pelot. Argitaletxea: Maiatz.

2019ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Bere heriotzaren notiziaren harira, 2016ko udazkenaren bueltan izan nuen Mayi Peloten berri. Azken urteotan, zientzia-fikzio feministaren inguruan antolatutako ekimenen bidetik zabaldu da Peloten lana. Ansiblefest zientzia-fikzio feministaren jaialdiaren lehen edizioan izan zuten aipagai Euskal emakume idazleak zientzia-fikzioan izenburupean Itxaro Borda, Arrate Hidalgo, Ana Morales eta Josune Muñoz elkartu zituen mahai inguruan, eta, berriki, Sareinak taldeak bere jardunaren hamabigarren urteurrena probestu zuen Mayi Pelot omentzeko. Omenaldi horren harira argitaratu du Maiatz argitaletxeak Olerki, ipuin eta eleberriak antologia, hain zuzen ere, Peloten olerki, ipuin eta eleberri argitaratuak biltzen dituena. Tronpatu ezean idazlearen lan argitaratu bakarra geratu da liburutik kanpo, Hinduismoa, monoteismoa mila aurpegiduna (Maiatz, 1992) saiakera.

Bilduma hau balio handiko altxorra da, zalantzarik gabe, euskaraz ekoitzitako zientzia-fikzioa interesa dakiokeen ororentzat edo Mayi Peloten lana aztertu nahi lukeenarentzat, bereziki, baina, oro har, baita gure literaturaren kanonaren ertzetara pusatu diren idazleak ere kontuan har nahi dituen literaturazalearentzat. Idazleak argitaratutako lan ia guztiak emateaz gainera, bere bizitza eta obra gainbegiratzen dituen hitzaurrea dakar liburuak, Amaia Alvarez-Uriaren eskutik, eta hor jasotzen dira, besteak beste, Pelot ezagutu zuten Itxaro Borda, Luzien Etxezaharreta eta Joseba Sarrionandiaren hitz batzuk. Sarrionandiaren ilustrazio batek, eta Marie-Therese Peillenen eta Irene Bordaren hainbat ilustraziok janzten dute liburua.

Maiatz aldizkarian argitaratutako olerkiek ematen diote hasiera bildumari, eta testu dataturik zaharrena 1974koa da, nahiz eta 1982. eta 1989. urteen artean argitaratu zuen ia guztia, 1992ko saiakera salbu. Maiatz-en bueltan garatu zuen bere ibilbidea Pelotek, aldizkariaren sorreratik hartu zuelarik parte bertan.

Testuei dagokienez, aipagarria da poema, ipuin eta eleberrietan Pelotek hitzekin jolasteko erakutsitako abilezia. Poemetan aliterazioa eta errima dira nagusi, irakurketari kadentzia bat ezartzen diotenak; horren adibide aproposak dira Begi gorria olerkia eta Helikoki poema-irudia. Ipuinetan, iruzkin literario gisako Gutuna Josebari eta Amarauna 2 eta 3 aipatu nahi nituzke, gainerako narrazioetan lantzen duen zientzia-fikzioaren inguruko gogoeta gisa har daitezkeenak, Peloten erudizioaren erakusgarri direnak, eta, era berean, bere obran zehar landutako gaiak edo irudiak plazaratzen dituztenak.

Gainerako ipuin eta eleberrietan ere agerikoak dira Peloten umorea eta abilezia. Umorea, ozen barre egiteko modukoateraldiak baitituzte testuetako askok, kontakizunetako tentsioak orekatzeko balio dutenak. Abilezia, istorioetako harien amarauna armiarma trebe baten gisan iruteari dagokionean, freskotasun agerikoaz, literatura egiteko asmo garbiaz gauzatua. Halaber, mitologiaeta mundu sinboliko propioak sortzeko gaitasunak aberasten ditu testuok, unibertsoliterario propio baten erakusgarri.

Sol III-tik idazten zuen Pelotek, testuetako batzuen amaieran jarri zuen bezala, Lurretik, eta agerikoa da hori bere lanetan. Mundua ikusteko eta auzitan jartzeko modu asko kabitzen da munduan, eta horietan barneratzeko gida aparta da Pelot.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.