Ugalketa lagundurako tratamenduak eskainiko ditu Onkologikoak

Minbizia izan dutenentzat eta gainerako erabiltzaileentzat izango da.Minbiziarekin zerikusirik ez duten zerbitzuak ematen direla salatu izan dute langileek lehendik ere

Datozen asteotan jarriko dute martxan zerbitzua. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
K Saioa Alkaiza(h)
Donostia
2015eko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Izenarengatik, ondoriozta liteke Onkologikoak minbiziarekin zerikusia duten kasuak soilik tratatzen dituela, baina ez. Defizit ekonomiko larri baten ostean, bestelako zerbitzuak ere eskaintzen ari direla salatu zuten langileek aurtengo otsailean —haginak erauzteko ebakuntzak eta liposuzioak, esaterako—, eta «pribatizazio zantzuak» nabarmendu zituzten. Orain, beste pauso bat emango du Donostiako Ospitale Gunearen ondoan dagoen zentroak: ugalketa lagundua eta emankortasuna babesteko gune bat jarriko du martxan datozen asteotan. Ugalkortasunaren Euskal Institutua deituko dute. Almudena Moreno Onkologikoko ordezkari nagusiak esan du minbiziaren prozesuekin «zuzenki lotuta» dagoela ugalkortasuna lantzea: «Minbiziaren kontrako hainbat tratamenduren ondorioz, zenbaitetan, gaixoek ugaltzeko gaitasuna galtzen dute. Gaixo gazteen kasuan, eragin izugarria izan dezake haien bizitzetan». Hori dela eta, minbiziaren kontrako tratamenduak egiten dituzten nazioarteko zenbait zentrok jada bi zerbitzu motak dauzkatela aldarrikatu, eta Onkologikoa ere norabide horretan jarri nahi dutela esan du; betiere, «laguntza hobetze aldera».

Gaitza izan ez duten «ehun bat lagunek» jasoko dute tratamendua lehenengo urtean, zentroak berak kaleratutako datuen arabera. Minbizia dutenen kasuan, berriz, ez dute horren zehatz kalkulatu: gaixotasuna dutenen %4k eta %5k inguru jo dezakete bertara. 14 eta 39 urte artekoak artatuko dituzte. Eta ez bakarrik Onkologikokoak. Horra gakoa.

Yosu Francok, Ugalkortasunaren Euskal Institutua izeneko enpresa pribatuko zuzendariak, ziurtatu du «teknologia berritzaileena» erabiliko dutela, hala nola mikro manipulazioa eta enbrioien bideragarritasun azterketa. «Ez da bakarrik zientzia eta teknologia uztartzea: arreta pertsonalizatua eskainiko diegu pazienteei».

Edozein pertsona hartzea da helburua, bai sistema publikoko pazienteak, bai pribatukoak. Zabala da, gainera, merkatu kuota, ez baita existitzen gisako zerbitzurik Gipuzkoan. Baliabide ekonomikoei dagokienez, Morenok iragarri du Onkologikoan bertan dauden gaixoentzako doakoa izango dela aurreneko azterketa, eta saiatu egingo direla gerora beharrezkoak izango diren botikak ere finantzatzen. Kanpokoek, ordea, dena ordaindu beharko dute.

Minbiziaren lotura ugariak

Bada gatazkarik zentroaren jardunaren bueltan: kritikoenek leporatzen diote berezkoak ez dituen esparru batzuetan murgiltzea, eta profesionalak haienak ez diren arlotan jartzea. Adibide gisa: oheen erdiak baino gehiago hutsik daudela jakinarazi dute aurten medikuek. Oraingo proiektuak erabilera handitzea du xede.

«Gaixoek tratamendu batekin sendatzeko aukerak dauzkate, eta badakite ondorioetako bat dela ugaltzeko gaitasuna galtzea. Langileek pertsona horiek artatzen dituzte, eta onena nahi dute haientzat; hau ez da minbiziarekin zerikusirik ez duen gai bat». Harrera ona egin diote proiektuari, Morenok dioenez.

Martxoan plazaratutako adierazpenean, bide beretik jo zuen: «Onkologikoa izena du honek: minbizia tratatzeko gaude hemen, eta ditugun espezialitate ez-onkologikoek beti izango dute erlazioren bat gure lanarekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.