Sihem Ben Sedrine. Tunisiako Duintasunaren eta Egiaren Batzordeko presidentea

«Frantziari eskatuko diogu biktimei dagozkien ordainketak egiteko»

Batzordearen burua «nahiko pozik» agertu da egindako lanarekin. Halere, uste du «gehiago» egin zezaketela «estatuak lagundu» izan balie. Ben Sedrinek ukatu egin du lantaldea politizatuta egon dela: «Biktima guztiei tratu bera eman diegu».

RICARD GONZALEZ.
Ricard Gonzalez.
Tunis
2019ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Tunisiako trantsizioaren bihotzean, Duintasunaren eta Egiaren Batzordea egon da: adiskidetze nazionala lantzeaz arduratu da, diktadura garai gogorraren memoria berreskuratuz eta aztertuz. Diktadura garaia 1955ean hasi zen, herrialdeak independentzia lortu baino pixka bat lehenago, eta sei hamarkada iraun zuen; batzordeak, hain zuzen, garai hartako 60.000 biktimaren baino gehiagoren eskaerak ikertu ditu.

Batzordeko presidentea Sihem Ben Sedrine izan da (La Marsa, Tunisia, 1950). Kazetaria da, eta oposizioan egon zen Zine el-Abidine Ben Aliren diktadura garaian; erbestean zegoela, Bartzelonan izan zen, besteak beste. Bost urte ingururen ondoren, batzordea desegin zuten, herenegun. Ben Sedrinek horren lana aztertu du BERRIArentzat; lan hori zaildu egin zen 2015etik aurrera, urte hartan erregimen zaharrarekin zerikusia zuten zenbaitek gobernua osatu baitzuten. Hain zuzen, gaur egungo gobernuak martxan jarri berri du amnistia proiektu bat, abian dauden eta batzordeak instruitu dituen epaiketak amaitzeko, baina ez da erraza izango legebiltzarrak onartzea.

Zer deritzozu batzordearen lanari?

Nahiko pozik gaude. Kontuan hartuta zenbat oztopori egin behar izan diegun aurre, mirari bat da gure lana burutu ahal izana. Aro guztietan, prozesua bertan behera uzteko saialdiak egon dira. Legeak eskatu zigun biktimei entzuteko eta giza eskubideen urraketen testuingurua aztertzeko. Hala egin dugu. Horrez gain, eskatzen zigun erantzukizunak argitzeko eta kasurik larrienak justiziaren esku uzteko, epaituak izan zitezen. 174 kasu utzi ditugu justiziaren esku, eta 2.700 akusatu izendatu; haietatik 1.100 poliziak dira. Eskatu zigun biktimen erreparazio programa bat egiteko. Hala egin dugu. Amaierako txostena egin behar genuen, eta, hor, gomendioak bildu behar genituen estatu despotikoa guztiz desegiteko eta etorkizunean berriro osa ez dadin eragozteko. Eta argitaratu genuen, martxoaren 25ean. Orain, politikariei dagokie gomendio horiek aplikatzea.

Baduzu esperantza gobernuak aplikatuko dituela zuen gomendioak?

Legez, aplikatu behar ditu. Urtebete pasatuta, plan bat aurkeztu behar du gomendio horiek martxan jartzeko. Datozen hauteskundeen emaitzen araberakoa izango da dena [urrian, parlamenturako hauteskundeak izango dira, eta azaroan, presidentetzarako hauteskundeak]. Despotismoaren indarrak arrakalak sortzen saiatzen ari dira eskuinaren eta ezkerraren artean, eta laikoen eta islamisten artean. Baina benetako arrakala estatua erreformatu nahi dutenen eta nahi ez dutenen artekoa da. Eta pitzadura horrek alderdi guztiak eta talde ideologiko guztiak zeharkatzen ditu. Hauteskundeak aukera bat dira.

Uste duzu gehiago egin zitekeela?

Bai, noski. Estatuak lagundu izan baligu, diru gehiago eskuratuko genukeen ustelkeria kasu haietan arbitraje lanetan aritzeagatik [halakoetan, batzordeak zigor ekonomiko bat ezartzen zuen, lege prozesu irekien ordez]. Seiehun kasu baino gehiago arbitratu nahi genituen, eta zazpi bakarrik itxi ditugu. Gauza bera gertatuko zen justiziaren esku utzitako bortxaketa kasu larriekin: 174 izan beharrean, 500 izan zitezkeen.

Baina garrantzitsuena da aurkitu eta salatu ahal izan dugula nola funtzionatzen duen sistema despotikoak. Dena dokumentatuta daukagu: alderdi bakarrak estatua baliatu zuela herrialdearen baliabideak lapurtzeko.

Batzordearen eginbeharretako bat biktimen erreparazioa izan da. Nola egiten da hori?

Legedian sei erreparazio mota biltzen dira: errepublikako presidenteak barka eskea egitea estatuaren izenean; oraindik abusuen ondorioak jasaten dituzten biktimei osasun tratamendua eskaintzea, doan; erreparazio sinbolikorako eskubidea edukitzea, hau da, kale batzuek biktima batzuen izenak izatea; memoria babesteko lan egitea; errepresalia moduan lanetik bota zituztenen lan bizitza berregituratzea; jasandako abusuengatik erreparazio ekonomikoa jasotzea.

Konpentsazio ekonomikoei dagokienez, hainbat erreparazio gradu bereizi ditugu abusuaren arabera. Hilketa bati, esaterako, gehienez finkatutako kopuruaren %100 dagokio, 200.000 dinar, alegia [60.000 euro inguru]; bortxaketari, %70; torturari, %60; atxilotze arbitrarioei, %15-30, kartzelatzearen iraupenaren arabera. Giza eskubideen urraketa horiek guztiak batu egiten dira konpentsazioaren zenbaki osoa lortzeko, Baltasar metodoari jarraituz; hala, ez dute inoiz %100 gainditzen.

«Duintasunaren funtsa» deiturikoan diru nahikoa egongo al da biktimei ordaintzeko?

Estatua legez derrigortuta dago erreparazioak egitera. Lehen ministroak dekretu bat sinatua du, eta lau finantzaketa iturri zehazten dira hor: estatuaren aurrekontua, zeinak hamar milioi dinar jarriak dituen jada; ustelkeriaren arbitrajetik eratorritako dirua, 745 milioi; donazio pribatuak eta nazioarteko donazioak; eta, azkenik, «beste batzuk» izeneko diru iturria.

Atal horretan sartuko lirateke Frantziaren ordainketak. Biktima batzuk Frantziako Estatuaren ekintzek eragin zituzten, independentzia lortu aurretik eta lortu berritan; beraz, batzordeko kontseiluak erabaki du Frantziarentzako memorandum bat egitea, eta kasu horiek guztiak biltzea hor. Frantziari eskatuko diogu barkamena eskatzeko eta dagozkion ordainketak egiteko. Antzera jokatuko dugu Munduko Bankuarekin; izan ere, erakunde horrek agindu zion Tunisiako Gobernuari elikagai matxinada zapaltzeko.

Justiziaren esku utzitako txostenetan ageri diren akusatuetako bat Beji Caib Essebsi da, gaur egungo presidentea.

Bai, ezin nuen bereizkeriaz jokatu. Akusatuetako bat da, hain zuzen, 1960ko hamarkadan Barne ministroa zelako. Garai hartan egin ziren aztertu ditugun tortura guztietan bortitzenak, Erdi Arokoen modukoak.

Horregatik ari da gobernua lege proiektu bat martxan jartzen, amnistia lortzeko eta epaiketak eteteko?

Bai [barre egin du].

Prentsak jakin du Kontuen Auzitegiaren txosten batean zenbait irregulartasun aipatzen direla. Zer irizten diozu horri?

Txosten hori manipulatu egin dute. Hobetu zitezkeen gauzen inguruko hogei ohar biltzen ditu, baina ez dago inongo ustelkeria deliturik. Hain zuzen, auzitegiko presidenteak berak hori esan digu, eta, horregatik, ez du salaketarik jarriko. Ustelkeria egozten diguten prentsako artikuluak intoxikazio kanpaina baten parte dira.

Politizatuta egotea ere egotzi diote Batzordeari...

Ez da egia. Biktima guztiei tratu bera eman diegu, eta familia errepresaliatuak mota askotakoak dira: ezkerrekoak, nazionalista arabiarrak, komunistak, islamistak. Biktimen %40 inguru islamistak dira, haiek sufritu baitzuten gehien Ben Aliren errepresioa. Zer esan behar nien, «zuek ez zaituztet kontuan hartuko islamistak zaretelako?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.