Koronabirusa

Jende gutxiago, baina beteta

Ohiko erabiltzaileek diotenez, egunotan bidaiari gutxiago ibili da Bilboko metroan; hala ere, goiz-goizean ezinezkoa izaten da bidaiarien artean aholkatutako distantzia gordetzea.

Gazte bi Abandoko metro geltokitik irteten, atzo, Bilbon. LUIS JAUREGILATZO / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2020ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Lanegunetan, Bilbo inguruko aldiriak lotzen dituen metroa goiz-goizetik egoten da bidaiariz beterik. 06:00etan abiatzen dira lehenengo metroak, baina, batez ere, 07:00etatik aurrera izaten da mugimendurik handiena. Bigarren linean, esaterako Santurtziko Kabiezes auzoa eta Basauri lotzen ditu linea horrek, 07:10etik aurrera bost minutuan behin iristen da tren bat, eta COVID-19 birusaren mehatxua hedatu denetik nabaria da jende gutxiago dagoela, baina, hala ere, beteta datoz bagoiak.

Gurutzetako geltokian (Barakaldo), esaterako, jende asko ibiltzen da gora eta behera: lanera doazen ohiko herritarrei Gurutzetako ospitalera doazenak eta handik datozenak gehitu behar zaizkie. Begoña Casadok egunero hartzen du: Gurutzetan bizi da, eta, lanera joan ahal izateko, 07:15ean geltokian egoten da astelehenetik ostiralera, Bilbora eramango duen trenaren zain: «Nik nabaritu dut aste honetan egun batzuetan jende gutxiago egon dela metroan, baina atzo [asteazkenean], adibidez, nahikoa beteta iritsi zen».

Geltokira heldu da metroa, eta, jendea sartu ezinik ez dagoen arren, beteta dator. «Metro erdiko distantzia utzi behar dela diote, baina, ordu honetan, ezinezkoa da hori», azaldu du Casadok. Dioenez, bere inguruan badago aholkuak oso zorrotz hartu dituenik: «Lanean, esaterako, batzuek urrundu egin dute mahai aurrean duten aulkia, norbait esertzen bada hain hurbil ez edukitzeko. Edo egiten dituzten komentarioak: badirudi beste hizpiderik ez dagoela. Baina beste batzuk ez daude hain arduratuta».

Metroan, elkarren ondoan daude bidaiariak, ukitu barik baina gertu-gertu. Eta, jakina, askok euskarriei oratzen diete, trenaren mugimenduen eraginez eroriko ez badira, lehenago beste inork metalezko barran eskua jarri ote duen aintzat hartu gabe. Erdiak baino gehiago telefonoari begira daude. Inork ez du hitz egiten. Bagoi guztietan afixak jarri dituzte, Osakidetzak emandako gomendioekin: eskuak sarri garbitzea, eztul edo doministiku egitean ahoa estaltzea, botatzeko mukizapiak erabiltzea, sintomarik izanez gero mediku zerbitzuei deitzea. Oraingoz, ez dago garraio publikoaren bezeroentzako aholku berezirik.

Jende andana San Inazion

San Inazioko geltokian bat egiten dute bigarren lineak eta lehenengoak, Uribe Kostako herrietatik datorrenak, eta, ondorioz, jende andana dago nasetan eta sarrera-irteeretan. Azken linea hori erabiltzen du Jose Fernandezek, San Inaziotik Gobelako geltokira joateko (Areeta, Getxo). Han du lantokia, eta egunero egiten du bide hori, astelehenetik ostiralera: «Nik, egia esateko, ez dut nabaritu jende gutxiago dabilenik. Azken finean, lan egin behar baduzu, metroa hartu beste biderik ez daukazu. Hori bai, igartzen da jendea kezkatuta dagoela, eta norbaitek doministiku egiten badu, aurpegi arraroa jartzen diote eta ohi baino luzeago begiratzen diote».

San Inaziotik aurrera, metroan doan jende kopurua nabarmen gutxitzen da: Ezkerraldetik eta Uribe Kostatik datozen trenak igarotzen direnez, maiztasuna handiagoa da, eta bizpahiru minututik behin iristen da baten bat. Ondorioz, bagoietan ez dago estutasun handirik, eta giroa ere lasaiagoa da.

San Mames geltokian, lotura dago Bilboko intermodal berriarekin, eta beste garraiobideren bat hartzera doazenak eta handik datozenak gurutzatu egiten dira. Raquel Gonzalez, esaterako, Castro Urdialesen (Espainia) bizi da, eta egunero egiten du ibilbide bera: Castrotik Bilbora autobusez etortzen da, eta, gero, San Mamesen metroa hartzen du Moyua kaleko geltokiraino.

«Azken aste honetan, askoz jende gutxiago ibili da», esan du Gonzalezek. «Metroan, esaterako, ordu honetan estu-estu egoten ginen, eta orain lekua sobran dago. Nabaritzen da jendea oinez joaten dela, eta garraio publikoa gutxiagotan hartzen duela. [Castroko] Autobusean ere bidaiari gutxiago daude, eta Bilboko sarreran, berriz, auto gehiago ikusten dira».

Dioenez, lanean neurriak hartu dituzte birusari buru egiteko: «Taldeak egin ditugu, eta talde bakoitzak hamabost egun egingo ditu etxean, eta beste hamabost lantokian, prebentzioagatik. Baina lanetik kanpo ez dut aparteko kezkarik sumatu».

Jose Manuel Pozok, aldiz, oso bestelako pertzepzioa du: San Mameseko geltokian hartu ohi du metroa, eta egunotan ez du aparteko aldaketarik sumatu bidaiarien kopuruan. «Egunak eta egunak egoten dira; batzuetan, jende gehiago egoten da, baina ordu honetan [08:00etan] normalean ez da estutasun handirik izaten». Hori bai, argi dauka metroan «ezinezkoa» dela bidaiarien artean distantzia uztea eta kontaktuak saihestea.

Indautxun, gizonezko gazte bat trenaren zain dago, maskara aurpegian. Bakarra da geltoki osoan; inork ez du horrelakorik erabiltzen, baina trenean batek baino gehiagok bufandarekin estalita dauzka aho-sudurrak, giroa epel samarra den arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.