Koronabirusa

Eskolak hutsik, pantailak prest

Euskal Herriko eskola askotan tresna digitalak erabiltzen ari dira klaseak emateko. Gasteizko Koldo Mitxelena ikastetxean «ohituta» daude teknologia berriekin, eta ongi egokitzen ari dira.

Jose Miguel Aranzadi irakaslea, eskola birtuala prestatzen. BERRIA.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2020ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Ikastetxeek aspaldi dituzte baliabide teknologikoak txertatuta euren ikaskuntza-irakaskuntza prozesuetan, baina, COVID-19 gaitzaren mehatxuaren ondorioz, tresna horiek nahitaez erabili behar izan dituzte eskola askok. Bazterrean utzi behar izan dituzte eskola liburuak, arbela eta arkatzak, eta ordenagailua bilakatu da lan tresna bakarra. Ikasleentzat zein irakasleentzat. Euskal Herrian Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeen eta unibertsitateen eskola jarduerak bertan behera geratu ondotik, baliabide digitalak egunerokoan uztartu behar izan dituzte batzuek zein besteek. Besteren artean, Ikastolen Elkarteak ikastolen esku jarri ditu bere baliabideak eta azpiegitura guztiak, plataforma digitalak tarteko.

Erronka ez da makala, baina ikastetxe asko ez dira hutsetik hasiko. «Guk duela sei bat urte ohitura batzuk txertatu genituen ikastetxearen barruan teknologia berriekin lan egiteko, eta daukagun eskarmentua baliatzen ari gara orain». Gasteizko Koldo Mitxelena ikastetxean Fisika eta Kimika irakasle dihardu Jose Miguel Aranzadik, eta online ari da eskolak ematen. «Gure ikasleak ohituta daude hainbat eduki eta jarduera online jasotzera, eta orain tresna horiek are gehiago erabiltzen ari gara».

Eskolak emateko bi plataforma digital erabiltzen ari dira Koldo Mitxelena ikastetxean: Flipped classroom eta Meet. Lehena ikasgaien edukietarako erabiltzen dute, hau da, materiala ikasleei bidaltzeko eta haiek egindako lanak jasotzeko. Finean, irakasleen eta ikasleen arteko hartu-emana bermatzen die tresna horrek. Klase birtualaren funtzioa betetzen du, berriz, Meet aplikazioak: «Guk eskolak zuzenean ematen dizkiegu bideokonferentziaz, eta haiek aplikazioaren bitartez galderak egiten dituzte».

Eusko Jaurlaritzak eskolak bertan behera utzi zituenetik egun gutxi igaro dira, eta Koldo Mitxelena ikastetxeko irakasleak egoera berriari neurria hartzen ari dira. Eguerdian, eskola birtuala prestatzen ari da Aranzadi. Gela hutsik dago, eta ikasle baten mahaia atondu du lan egiteko. Aulki baten gainean jarri du ordenagailua, eta konektatu egin da etxean dauden ikasleekin. «Hau berria da guretzat, eta egunero ari gara zerbait ikasten. Baina uste baino arazo gutxiago izaten ari gara».

Ikasleak, «gustura»

Aranzadi pozik dago ikasleen erantzunarekin. Etxean egonda ere, eskolen ordutegiak errespetatzen ari dira, eta «gustura» ari dira lanean, irakasleak dioenez.Hori horrela izan dadin, aldez aurretik ongi antolatu dituzte ordutegiak, eta horiek errespetatzeko eskatu dute. «Ikasleei aurretik abisatzen diegu Meet saioa izango dugula; hartara, garaia iristen denean, denak konektatzen dira, etaberen arteko txandak errespetatzen saiatzen dira».

Uste baino hobeto ari dira lanean egunotan, batez ere ikasleen jarrera apartekoa izaten ari delako. Etxean egonik ere, jarritako arauak betetzen ari dira ikasleak, txintxo: «Adibidez, eskatu genien eskolak hasten direnean ordenagailuaren mikrofonoa ez aktibatzeko, denek batera hitz egiten badute ezinezkoa izango delako ezer ulertzea, eta soilik txandaka aktibatzen dute». Aurrez aurreko eskolekin alderatuta aldeak daudela nabarmendu du irakasleak. Alde onak eta ez hain onak. Ikasleen erritmora moldatzea «nekezagoa» da eskola jarduera aurrez aurrekoa ez denean, eta, horregatik, ikasleen beharrei eta zalantzei erantzuteko bideo pertsonalizatuak ere grabatzen dituzte irakasleek. Laborategiko edo teknologia eskolako lanak, ordea, eten egin dituzte, ezinezkoa baita horiek modu digitalean ematea. Horrez gain, irakasleen eta ikasleen buruhaustea ere bada selektibitatea. Jaurlaritzak ez du oraindik erabaki proba hori atzeratuko ote den ala ez, eta ikasleak «oso kezkatuta» daudela aitortu du Aranzadik.

Koronabirusaren krisiak eragindako egoera berriak lan karga handitu egin die irakasleei, Ainara Balerdi ikastetxeko filosofia irakasleak aitortu duenez: «Egoera zaila da. Eskolak beste modu batez ematera ohituta gaude, eta orain tresna digitaletara egokitu behar dugu dena. Baina beste biderik ez dago». Balerdik lortu du ikasleentzako material guztia digitalizatzea, eta eguneroko eskolak antolatzen dabil. «Arazorik handiena da ikasleen eta irakasleen arteko hartu-eman hori ongi bermatzea». Filosofia irakaslea bideoak prestatzen ere badabil, webcam bitartez azalpenak zuzenean eman ahal izateko ikasleei. Berria da hori Balerdirentzat, baina gogotsu heldu dio erronkari: «Horrelako egoeretan konturatzen zara teknologia berriei nolako etekina atera ahal zaien».

Unibertsitatean ere bai

Ikastetxeetan ez ezik, unibertsitatean ere egokitu dute jarduna, eta bete-betean hasi dira tresna digitalak erabiltzen. eGela plataforma egunero ari da erabiltzen Gorka Orive EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Farmazia irakaslea, ikasleekin edukiak partekatzeko eta haiekin harremanetan jartzeko. Eskola birtualak ere ematen hasiak dira: «Oso egoera bitxia da, baina eskura ditugun teknologia berriak baliatu behar ditugu, orain inoiz baino gehiago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.