Albistea entzun

Koronabirusa

Zaintzaren buruhaustea

Ikastetxe guztiak hetsi dituzte Ipar Euskal Herrian, Frantziako Gobernuaren aginduz. Gurasoek eta irakasleek beren egunerokoa egokitu behar izan dute denbora gutxian.
Eskolak itxirik daude atzotik Ipar Euskal Herrian.
Eskolak itxirik daude atzotik Ipar Euskal Herrian. GUILLAUME FAUVEAU Tamaina handiagoan ikusi

Oihana Teyseyre Koskarat -

2021eko apirilak 7

Eskoletako ateak hetsirik egon ziren atzo Ipar Euskal Herrian. Iragan astean, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak iragarri zuen neurria: haurtzaindegiak, eskolak, kolegioak eta lizeoak hetsirik izanen dira aste honetan. Ondoko bi asteetan, udaberriko oporrak izanen dituzte ikasleek. Apirilaren 26tik goiti, Lehen Hezkuntzako ikasleak itzultzen ahalko dira aurrez aurreko klaseetara; Bigarren Hezkuntzakoak, berriz, maiatzaren 3an. Macronek neurriak zorroztu baditu ere, ez du erabateko konfinamendurik ezarri, eta, beraz, guraso anitzek beren eguneroko antolaketa egokitu behar izan dute. Irakasleek ere epe laburrean prestatu behar izan dute nola eman eskolak ikasleak aurrez aurre izan gabe.

Kamila Zubeldia laboraria da Heletan (Nafarroa Beherea). Lau haur ditu, 13, 11, 10 eta 6 urtekoak. Haren bizilaguna ere laboraria da: etxaldean bertan egiten dute lan. Aste honetan, laborantza lanez gain, zaintza lana ere egin beharko dute, eskolak hetsiak direnaz gero. Zubeldia: «Ttipiena aitarekin ibiltzen da egunean zehar; besteak goizetan lanean harrarazten ditut eskolako lanekin. Bi egunetatik behin gasna egin behar dut goizetan, beraz, autonomian uzten ditut, eta biharamunean so egiten dut bezperan egin dutena».

Aitortu du haren kasua ez dela «zailena», bi gurasoak etxean baitira. Halere, lan egiteko manera egokitu behar izan du, haurrak etxeko lanekin lagundu ahal izateko. Haur zaharrenei irakasleek lanak igortzen dizkiete Internet bidez. Kanboko (Lapurdi) Xalbador kolegioan ikasten dute, eta tutoreak astean behin deitzen ditu, nola pasatzen den jakiteko. Haur txikienak ez du hainbeste etxeko lanik jasotzen. «Baditu gauza batzuk egiteko, baina, egia da beretzat ez dela hain erraza etxean egitea, ez da hain larri ere. Etxean, beste motako gauzak ikusten eta ikasten ditu», azaldu du Zubeldiak.

Kriztof Arotzarena kazetaria da, eta hark langabezia partziala galdegin du aste honetarako. Euskal Irratietan egiten du lan, eta programazioa egokitu dute aste honetan, guraso diren langileek zaintza lanak egiteko gisan.Bi haur zaindu behar ditu Arotzarenak, 3 eta 5 urtekoak. «Lehen konfinamenduan ene bizilaguna langabezian zen, eta haurrez okupatu zen. Aurten, biak ari gara lanean; berak formakuntza bat segitzen du, eta lehentasuna formakuntzari eman diogu, horregatik, nik langabezia partziala galdegin diot ene enplegatzaileari».

Datorren ostiraletik goiti, bi asteko bakantzak izanen dituzte haurrek, baina Arotzarena lanean hasiko da berriz. «Bakantzen denboran, aste batez familiarekin moldatu gara haurren atxikiarazteko, eta ondoko asterako, jadanik hartuak nituen oporrak», esplikatu du. Aitortu du ez diotela familiari dei egin nahi izan bi astez jarraian haurrez arduratzeko. Arotzarenaren arabera, haurrek uste dute jadanik bakantzetan direla. «5 urtekoarentzat bada lan pixka bat, beraz oroitarazten diogu etxeko lanak egin behar dituela». Haur gazteena, berriz, eskolan hasi berria zen: «3 urtekoa iragan astean hasi zen eskolara joaten; hasi eta berehala, etxerat igorri digute berriz».

Gutxieneko zerbitzua

Zenbait eskolatan, halere, gutxieneko harrera zerbitzua ezarri dute plantan, «lehen lerroko langileen» seme alabak errezibitzeko gisan. Bi haur ditu Garazi Etxeberria medikuak, bata Angeluko (Lapurdi) Kimua ikastolan ibiltzen da, eta bestea, Xokottipi haurtzaindegian. «Guretako ez da gauza handirik aldatzen. Biak ari gara ospitalean lanean, beraz gure haurrak eskolara eta haurtzaindegira doaz, usaian bezala», erran du. Ordutegiak pixka bat moldatu dituzte egitura horietan, eta ikastolako jantegia hetsi dute. Etxeberriaren umeetako batek, beraz, jatekoa eraman behar du.

Mediku gisa, neurriei buruzko iritzia ere eman du Etxeberriak: «Iparraldeko intzidentzia tasa Frantziako beste eskualdeetakoa baino apalagoa da, baina igotzen ari da fite, aldaerekin gauzak fite aldatzen dira; mesfidatu behar dugu, fite saturaziora hel gaitezkeelako hemen ere», ohartarazi du. Hala, uste du neurriak «aski goiz hartu» direla Ipar Euskal Herrian.

Irakasleak ere egokitzen

Iragan urteko martxoko konfinamenduan bezala, irakasleek berriz ere egokitu behar izan dute, denbora gutxian. «Iragan asteazkenean agindu zuen eskolen hestea Macronek; ostegunean bildu zen irakasle taldea antolatzen entseatzeko», azaldu du Xan Irungarai Baionako Estitxu Robles kolegioko irakasleak. Bilkura hartan lehen konfinamenduaren bilana egin zuen taldeak, hutsuneak eta hobetzeko arloak definitze aldera. «Ohartu gara lehen konfinamenduan lan zama handia ematen genuela, eta ikasle batzuk galduak sentitzen zirela. Oraingoan, deliberatu dugu egunean hiru gai baino gehiago ez ezartzea. Ordutegi berezi bat dute ikasleek, eta sustut berrikusketak eginen ditugu», esplikatu du. Horrenbestez, klaseak egokitu behar izan ditu Irungaraik, ariketa guziak zehatz-mehatz igorriz, batik bat: «Eskola orduetan egiten duguna egiteko bi aldiz denbora gehiago behar dute ikasleek etxean bakarrik direlarik. Dena deskubritzen dute: kontsignak, dokumentuak... Biziki zehatzak izan behar dugu galderetan».

Irungaraik gogoan izan ditu zailtasunak izan ditzaketen familiak. «Familia zenbaitetan ordenagailu bat baizik ez da, bi edo hiru haurriderendako, eta batzuetan gurasoendako ere. Zaila izaten ahal da antolatzea». Halakotan, ikastetxean bertan inprimatzen dituzte ikastekoak, eta behartzen diren familiak joan daitezke orrien bila.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Janssen txertoaren banaketa atzeratu egin dute EBn, AEBetako tronbo kasuak argitu artean

Janssen txertoaren banaketa atzeratu egin dute EBn, AEBetako tronbo kasuak argitu artean

Arantxa Iraola

AEBetako CDC eta FDA osasun erakundeek txertoa jartzeari uzteko eskatu dute, hainbat tronbo kasu «arraro eta larrirekin» lotura dutelakoan. Osakidetza bihar da lehen dosiak jasotzekoa.

Aurtengo Herri Urrats edizioa aurkezteko pentsaurrekoa egin dute goizean, Kanbon. ©Guillaume Fauveau

30 Herri Urrats Ttiki eginen dituzte maiatzaren 9an, herriz herri

Oihana Teyseyre Koskarat

Egoera sanitarioagatik ikastola bakoitzak bere egitaraua prestatuko du Boga lelopean. Seaskak, bestalde, ikastola bat irekiko du Bardozen, irailean. 

Labiren batzorde teknikoaren bileraren buru izan da gaur Iñigo Urkullu lehendakaria ©Adrian Ruiz de Hierro /Efe

Urkulluk baztertu egin du, oraingoz, Labiren bilerara deitzea

Edurne Begiristain

Eusko Jaurlaritzak uste du indarrean dauden neurri murriztaileak betetzea nahikoa dela birusaren hedapena eteteko.

Guardia Zibila Nafarroaren mugetan kontrolak egiten, artxiboko irudi batean. ©RAQUEL MANZANARES, EFE

Nafarroako lau herri itxiko dituzte: Arbizu, Etxarri Aranatz, Lodosa eta Alesbes

Uxue Rey Gorraiz

Herriak ostegunetik egonen dira itxita, eta neurria bi astez izanen da indarrean, gutxienez. Gainera, testak egitera deitu dituzte Etxarri Aranazko eta Alesbesko hainbat herritar.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna