Aukeratu ahal izatearen pisua

NBEk amatasunari buruzko datuen berri eman du Kenyan egindako gailurrean: batez beste, egunean 800 emakume hiltzen dira haurdunaldiarekin lotutako kausengatik.

Ama bat haurra bizkarrean Sierra Leonan, artxiboko irudi batean. ANNIE SPRATT.
Paulo Ostolaza.
2019ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Asteartean eman zuen abisua Amina Mohammed Nazio Batuen Erakundeko idazkariordeak Nairobin: «25 urte igaro dira, baina mundua leku zail eta arriskutsua da oraindik ere milioika emakumerentzat». Herenegun amaitu zenbiztanleriaren eta garapenaren inguruko gailurra Kenyako hiriburuan, 1994. urtean Kairon eginikoaren 25. urteurrenean. Egipton zehaztutako programak anbizio handiko asmoak zituen, baina NBEren aditu taldeak aitortu du «helburuak betetzeko asko» falta dela. Hala erakusten dute datuek.

Emakumeen eta haurren ugalketa eta sexu eskubideak bermatzea da NBEren programak dituen lehentasunetako bat. Mohammeden arabera, «eguneroko bizitza tragedia bat da erditzean hiltzen diren emakumeentzat; ezkontzera behartzen dituzten haurrentzat; genitalen mutilazioa pairatzen dutenentzat; eta urtean gutxienez euren senide edo bikotekidearen eraso fisiko bat jasan edo haien eskuetan hiltzen direnentzat: bost emakumetik bat».

Adituek aurreikusi dutenez, munduak 2.200 milioi biztanle gehiago izango ditu 2050. urtean, eta horietatik 1.300 milioi Saharaz hegoaldeko Afrikan jaioko dira. NBEren txostenak argi dio: prozesu horretan emakumeek erabaki behar dute zenbat haur eta noiz izan. 1960ko hamarkadatik, nabarmena da familia txikiagoak osatzeko joera; gero eta gehiago dira euren ugaltzeari buruz erabakiak hartzeko aukera duten pertsonak.

Erabakitzeko eskubide hori bermatzeko, hainbat neurri proposatu zituen NBEren Biztanleria Funtsak joan den urtean; nagusiak, kalitatezko osasun zerbitzuak bermatu eta neurri antikontzeptibo modernoen erabilera sustatzea. Natalia Kanem funtseko doktorearen ustez, «hautatzeko aukera izateak mundua aldatuko luke. Emakumeen eta haurren ongizatea hobetu dezake, familiak eta gizarteak eraldatu, eta munduaren garapena bizkortu». Munduan, 214 milioi emakume inguruk ez dute eskura antisorgailurik, eta haurdun geratzea ez da horrek eragiten duen arrisku bakarra. NBEren ondorioek diotenez, egunean sexu harremanen bidez kutsatutako beste 376 milioi infekzio izaten dira; ohikoenak, gonorrea, sifilisa eta klamidia.

Ezkontza goiztiarrak dira txostenean azpimarratu duten beste aldagai bat, oztopo bat baitira emakumea ahalduntzeko eta ugaltze eskubideak hobetzeko. «Normalena da 10 urterekin ezkontzen den neska batek ikasketak uztea», Monica Ferro Genevako Funtseko zuzendariaren hitzetan. «Eta uzten baditu, ez ditu eskuratuko etorkizun hobea izateko moduko gaitasunak». Gainera, gehitu du adin horretako haurrak ez daudela prest guraso izateko, ez fisikoki, ez psikologikoki. NBEren aditu talde batek dioenez, «emakumeek ez badute euren bizitzari eta gorputzari buruz hautatzeko eskubiderik, ez dugu inoiz lortuko haiek ahaldundu eta berdintasunerako bide jasangarri bat bermatzea». Ugalketa eta sexu eskubide falta horrek «euren etorkizun propioa garatzeko ezintasuna» ekartzen die emakumeei: «Orokorrean, pobreak, nekazariak eta hezkuntzarako sarbide gutxi dutenak izaten dira».

Pixkanaka bada ere, datuek hobera egin dute azken hamarkadetan. 1969. urtean, 4,8 haur izaten zituen emakume bakoitzak batez beste; orain, ia erdiak: 2,5 emakumeko. Lazgarriak dira zenbakiak; egunero 800 emakume hiltzen dira haurdunaldian edo erditzean saihesteko modukoak diren kausen ondorioz, 2000. urtetik %38 murriztu diren arren halako heriotzak. Ordutik asko handitu ez dena antisorgailuen erabilera da: 25 urtean %6 soilik igo da, %52tik %58ra.

Presio politikoa

Txostenak dioenez, egoera politikoak ere oztopatzen ditu aurrerapausoak: «Arriskutsuak dira azken urteetan emakumeen eskubideen aurka erlijioso fundamentalistek eta kontserbadoreek zabaldutako mezuak, bereziki osasunaren eta eskubide sexualen arloan». NBEren neurrien aurkako oposizio gogor horrek «berdintasunaren aurka egiten du, eta emakumeak familiara eta ugalketara baztertzen ditu».

Presio horiek jasaten dituen arren nazioarteko komunitateak konpromisoak berrestea izan da Nairobiko gailurraren helburua, asmo politikoak eta inbertsioak areagotu ditzaten. Hori ere azpimarratu zuen Mohammedek: «Berehala behar dugu babes politikoa eta ekonomikoa, gailurrean zehaztutako egitasmoak abian jartzeko». Momentuz, hamabi herrialdek 900 milioi euro emango dituzte, eta hainbat GKE eta enpresak, berriz, 8.000 milioi, NBEk proposatutako helburuak bete ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.