Donostiako 79. Musika Hamabostaldia

Mozart eta Haydn anaiak, EOSen eta Andra Mariren kontzertuan

Christian Zacharias alemaniarrak zuzendari eta pianista lanak egingo ditu. Lau bakarlari ere ariko dira biharko kontzertuan, Kursaalean

Christian Zacharias zuzendaria, atzoko entseguan. GORKA RUBIO / FOKU.
Andoni Imaz.
2018ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Musika Hamabostaldiak ekoitzi zuen Italiarra Aljerren operaren bi emanaldietan jotzetik dator EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoa. Bihar ere protagonista izango da Errenteriako Andra Mari abesbatzarekin emango duen kontzertuan, 20:00etan Kursaaleko auditoriumean.

Christian Zacharias ariko da zuzendari lanetan: Europako musikaririk ospetsuenetako bat da gaur egun, espezialista errepertorio germaniar klasikoan. Hainbatetan izan da Musika Hamabostaldian, eta lan bikoitza egitera dator oraingoan: pianotik zuzenduko du kontzertua, Mozartek berak egiten zuen moduan. Konpositore austriarraren 24. Kontzertua do minorrean eskainiko dute emanaldian, Joseph Haydnen 49. Sinfonia fa minorrean eta Michael anaiaren Requiema do minorrean lanekin batera.

Beethovenen kontzertu kutunetako bat zen Mozartena; «lan ezberdin bat», Zachariasen ustean ere. Tragedia sentimenduak inguratzen du lana, eta orkestraren eta pianoaren arteko elkarrizketa du oinarri. Zachariasen harridurarako, zirriborroz eta zuzenketaz betetako partitura ondu zuen Mozartek, nahiz eta dena jarraian idazteko «sekulako gaitasuna» izan.

Joseph Haydnen 49. Sinfonia-k emango dio hasiera kontzertuari, La passione azpititulua daraman lanak. «Indibidualtasuna» aldarrikatzen duela eta «malenkoniatsua» dela dio zuzendariak. 1760ko eta 1770eko hamarkadetan Alemanian idatzitako sinfonien adibide paradigmatikoa da Joseph Haydnena.

Mozartekin harreman zuzena izan zuten Haydn anaiek. Bietan gazteena, Michael, 1762. urtean iritsi zen Salzburgora (Austria), Mozarten jaioterrira, eta 360 konposizio baino gehiago ekoitzi zituen bertan ondorengo 43 urteetan. Biharko emanaldiaren bigarren zatian joko duten Requiema 1771. urtean idatzi zuen, Schrattenbach artzapezpikuaren heriotza zela eta. Mozartek 15 urte zituenean jo zuen pianoan, requiema Salzburgon estreinatu zuen orkestra berarekin.

Andra Mari abesbatza ez da bakarrik ariko kantuan, lau bakarlari ere egongo baitira: Alicia Amo sopranoa, Clara Mouriz mezzosopranoa, Martin Mitterrutzner tenorra eta Peter Harvey baritonoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.