Donostiako 66. Zinemaldia. BASQUEWOOD

Emakume begi ederrez

Marta Fuenar, <em>Lady Off</em> filmeko protagonista.
Marta Fuenar, Lady Off filmeko protagonista. DONOSTIAKO ZINEMALDIA

Urtzi Urkizu -

2018ko irailak 28
Joana Duhalde Etxart Zurriolako butaka saioko lankideari deigarria egin zaio Zinemaldiko irudia Isabelle Huppert izatea, eta ez neska gazte bat, Frantziako jaialdi gehienetan egiten duten moduan.

Sail Ofizialean bihar sari bat eramateko aukera duen euskal herritar bakarra Najwa Nimri aktorea da (Iruñea, 1972). Baina Quién te cantará zintan berea ondo egin arren, indartsuagoa da Eva Llorachek egindako lana.

Gure oroitzapenak film kolektibo iradokitzailean, Iraia Eliasen begiradak harrapatu egiten du Bilboko gauean. Itziar Leemans, Maialen Sarasua, Mireia Gabilondo eta Ane Muñoz ere kameraren atzean haien begirada jartzen aritu dira, Sarrionandiaren testuetan oinarrituta. Badira andrazko pertsonaia erakargarri batzuk filmean; tartean, Parisko komun bateko ispiluan «itsasoa da bide bakarra» hitzen parean jartzen den gaztea. Begirada horiek eta gehiago ikusi ahalko dira urrian Euskal Herri osoko zinema aretoetan. Bi aste lehenago, Zuberoan, Nafarroa Beherean eta Lapurdin; gutxitan gertatzen da halakorik, eta poztekoa da.

Vitoria, 3 de marzo erdipurdizkoan, pertsonaiak ez daude oso fin sortuak, baina Amaia Aberasturi aktorearen begirada freskoa da salba daitekeen bakanetakoa.

Zinemira saileko pelikuletan aktore lana saritu beharko balitz, berriz, Lady Off-eko Marta Fuenarrek eraman beharko luke aitortza. William Shakespeareren Richard III antzezlanaren entseguetan murgiltzen da pelikula, eta Fuenarren indarra sekulakoa da. Bizitza pertsonala antzezlanaren hitzetako sentimenduekin bateratzen da. Fuenarrek lortzen duen intentsitatea da lanaren baliorik handiena, baina istorioak ez du gehiago behar. Bihotzeraino iristen den mina transmititzen du aktoreak. Ez da euskalduna, baina gure izar maiteenen zerrendan leku bat hartu du Marta Fuenarrek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna