urtzi urkizu
Donostiako 66. Zinemaldia. BASQUEWOOD

Elkarlanen fruituak, gero eta oparoagoak

2018ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Kontu harrigarriak gertatzen dira zenbaitetan Euskal Herrian, eta ez diegu nahikoa balio ematen. Pentsatzen dugu, zoritxarrez gehiegitan, euskaldunok makal eta triste gaudela, garai bateko indarrak apalduak direla. Ez dela aurrerabiderik. Eta, bat-batean, begiak hobeto zabaltzen jarri, eta elkarlanez betetako proiektu miresgarriak daude gauzatuak, ari dira gauzatzen. Eta gauzatuko direnak. Ez zait iruditzen Joseba Sarrionandiak usteko zuenik Gure oroitzapenak lanaren moduko film kolektibo, parte hartzaile eta aberasgarri bat hain ondo eta bizkor gauzatuko zenik. Adabaki Ekoizpenak etxeko Mikel Arredondo, Lutxo Egia eta Hibai Castro ekoizle, Gastibeltza Ipar Euskal Herriko ekoizpen etxekoak laguntzaile, eta tartean Elkarreko Anjel Valdes ere bai.

Moriarti ekoizpen etxekoak toki erraldoi batzuetara iristen ari dira, Irusoinekoekin lortutako elkarlanari esker; Handia-n, Kowalski batu zitzaien, eta proiektu berrian Andaluziako (Espainia) La Claqueta dute lagun.

Euskal kulturan, sortzaileak urte luzez aritu dira elkarlanean. Ander Iriartek eta Aitor Bereziartuak haietako batzuen ondarea jaso dute Bihar dok 13 dokumentalean. Sukaldeko kontuekin lotu dute, bide batez. Basque Culinary Centerreko sukaldari gazte batzuk euskal kulturan murgilduko dira, Gaur eta Ez Dok Amairu mugimenduetako sortzaileen munduetara, eta bakoitzak haietan inspiratutako platerak asmatuko dituzte. Menua, dastatzeko modukoa. Baina Mirokutana ekoizpen etxeak ere beharko ditu laguntzaileak proiektu berrientzat. Ziurra da haietako batean Irusoin egongo dela.

Badakigu badirela makina bat elkarlan bazterretan, eta ezin denak lerro hauetara ekarri. Baina gure herri txiki honetan, jakina da: elkarlana da bide bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.