Indarkeria matxista

«Honek balio behar du botere harremanak berraztertzeko»

Nesken argazkiak boterekeriaz lortzeagatik Sortutik egotzitako gizonaren aurkako auzibidea itxi dute, akordioa lortuta. Erasoa jasandako emakumeetako lau BERRIArekin izan dira, bi urteotako prozesuaz mintzatzen

Maite Asensio Lozano -

2019ko uztailak 13
Orain justu bi urte piztu zen auzia Donostian: Sortuk eta Piratek jakinarazi zuten gizonezko militante ezagun bat kanporatu zutela, «emakumeen kontrako abusu praktika batengatik». Hainbat eremutan erreferentea zen Haritz Varela, eta botere hori aprobetxatu zuen neska gazteak biluzik ageri ziren argazkiak lortzeko, manipulazioa eta engainua erabiliz; gutxienez 40 emakumeri egin zien eraso. Haietako asko sarean antolatu ziren, eta hilabeteak egin dituzte hausnartzen, halako botere gehiegikeriek andreengan dituzten ondorioez, militantzia eremuetan dauden protokoloez eta erreparazio bide berriez. Hamarrek auzitara ere jo zuten iaz; atzo ohar bidez jakinarazi zuten itxi egin dutela bide hori, erasotzailearekin akordioa lortuta. Euretako laurekin izan da BERRIA, prozesua aztertzeko. «Gure militante izaeraz baliatu zen», adierazi du Arantzak —izen guztiak asmatuak dira—; «baina gu ere militantzia izaera horretatik ari gara erantzuten».

Tximeleten Reboluzioa izena jarri diote emakumeek taldeari, Varelaren egitasmo faltsuetako baten izena —Tximeleten metamorfosia— bereganatuta. Antzera jarduten zuen beti: militantzia eremuetatik ezagutzen zituen emakumeekin harremanetan jartzen zen sare sozialen bidez, azaltzen zien modelo bila zebilela proiektu baterako, eta ea argazki batzuk aterako lituzketen biluzik, diru truke. «Azaldu zigun argazkiak silueta moduan erabiliko zituela, ezingo gintuztela identifikatu; eta ez zela ziurra argitara aterako zirenik, lehiaketa batera aurkeztu behar zituelako. Lasaitu gintuen, eta animatu ginen», oroitu du Arantzak. Irudiak egin ostean, egitasmoak bertan behera geratu ohi zirela gaineratu du: «Tarteka idazten nion argazkiengatik galdezka, baina ez zidan argi erantzuten».

Sarak, ordea, ez zuen onartu: «Esan zidan Iparraldeko lagun batek body painting bat egin nahi zuela, eta nire gorputza horretarako perfektua zela, baina nire neurriak jakin behar zituela... eta ea argazki batzuk bidaliko nizkion. Ezetz esan nion, baina bi egun barru berriro etorri zitzaidan ea zerbait bidaliko nion. Urtebetez hainbatetan galdetu zidan». Kuadrillan ere jakina zen: «Afari batean, batek aipatu zuen gaia, eta bat-batean zortzitik lauk edo bostek esan genuen: 'Niri ere bai'. Eta nazka handia eman zigun, baina gutako inor ez zen ezer esateko gai izan. Ez dakit zer botere zuen, edo guk zer beldur genuen, baina ez zen kuadrillatik atera».

Ia kasualitatez hautsi zen isiltasuna 2017ko udan. Mireni argazkiak atera ostean: «Ingurukoekin hitz eginda konturatu ginen hamar urte lehenago gauza bera egin ziola lagun bati. Ez zen normala... Galdezka hasi, eta antzeko kasuak ateratzen hasi ziren leku guztietatik». Hurrengo egunetan eman zieten erasoen berri Sorturi eta Piratei, eta, Varela kanporatu zutenean, azkar zabaldu zen albistea. Whatsapp baten bidez jakin zuen Olatzek: «Hasieran ezezkoan jarri nintzen: ni ez nintzen horietako bat, ez nuen onartu nahi. Hilabetera askatu nuen». Konfiantza handia zuen berak Varelarekin: «Piratetan gehien zaindu nindutenetako bat izan zen. Ezin nuen sinetsi adiskide batek halakorik egin zidanik».

Epaitegietan, trabak

Berehala hasi ziren erasoa jasandako emakumeak elkartzen. Lehen bileretatik izan zuten mahai gainean auzitara jotzeko aukera, baina urtebete baino gehiago behar izan zuten urratsa egiteko. Zalantza ugari izan zituztela aitortu du Mirenek: «Ez dugu sinesten indarrean den zigor sisteman». «Baina gutako batzuek bide hori jorratzeko beharra genuen: egindakoak ondorioak izan behar zituen, nolabait jasota geratu behar zen», erantsi du Olatzek.

Auzibidea ere ez da geratu oztopoetatik salbu. Delitua bera definitzea izan da zailtasunik handietako bat, Mirenek azaldu duenez: «Ertzaintzan ere ez ziguten utzi salaketa aurkezten: esan ziguten ez zegoela deliturik, argazkiak gure oniritziarekin atera zituelako. Delitua ez zen hori, baizik eta engainua eta boterea erabiltzea, baina, genero ikuspegitik, hori ez dago tipifikatuta. Azkenean, epaitegian salaketa jarri genuen informazio pertsonalaren erabilera desegokiagatik, baina ez dago indarkeria sexistarekin lotuta».

Fiskalak epaiketara iristeko aukera aipatu zienean, ordea, akordioa proposatu zien Varelaren abokatuak. 300 euroko kalte-ordaina eskaini zien, baina soilik argazkiak ateratako emakumeei. «Guk ez genuen halakorik nahi; kalte-ordainetarako irizpidea hori bada, iruditzen zaigu ez dutela ezer ulertu», adierazi du Olatzek. Euren baldintzak ezarri zituzten emakumeek: «Varelak publikoki onartzea egindakoa eta terapia bat egitea». Akordioa itxi dute berriki.

«Baina Varelak jaso duen zigor handiena soziala izan da», zehaztu du Mirenek: «Inguruak bizkarra eman dio; bizitza guztia militantziaren inguruan antolatuta zeukan, eta hori jada ez dauka». Alde horretatik, haiengana ez hurbiltzeko eskatu diote erasotzaileari, baina ez dira haren gizarteratzean pentsatzen hasi: «Guretzat, erasotu gisa, zaila da hori baloratzea; ez da berdina horretaz hitz egitea abstraktuan edo kasu zehatz batean. Uste dut gutako inork ez duela bizitzan berriro ikusi nahi pertsona hori, baina, abstraktuan pentsatuta, pertsona bati ezin zaio hori egin. Eta horrek, aldi berean, beste kezka bat eragiten digu: hemendik botatzen dugu, eta kanpora doa bizitzera, baina nork bermatuko digu beste leku batean ez duela gauza bera egingo?».

Zauriak osatzen

Hala ere, emakumeen erreparazioa ez da iritsi auzitegietatik, baizik eta erasoa jasandakoek elkarrekin egindako lanetik. Bide pertsonala eta politikoa izan dela nabarmendu du Sarak: «Garrantzitsuena izan da publiko egin dugula, eta ikusarazi dugula zoritxarrez inguru oso hurbiletan gertatzen direla horrelako gauzak; honek balio behar du botere harremanak berraztertzeko; ikasteko eta kontzientzia hartzeko».

Bat etorri da Miren: «Balio dezala halako kasuei garrantzia emateko eta gauzak txukun egiteko». Izan ere, ezker abertzalearen barruan ere zailtasunak izan dituzte, besteak beste, auzia nork eta nola kudeatu behar zuen ebaztean: «Protokolo guztiak egin izan dira erasotzailearengan pentsatuta, harekin zer neurri hartu; baina ez zegoen pentsatuta zer egin erasotuokin: zer premia dagoen, zer galdetu, nola tratatu...». Hala ere, prozesuak fruitua utzi duela uste du Sarak: «Nik uste dut jendea gero eta kontzienteagoa dela botere harremanez, eta gizonak ere bai, baina oraindik lan izugarria egin behar da: militantzia eta harreman ereduak aldatu behar dira, formakuntza eman, zalantza asko planteatu...».

Baina, protokoloak egokitzeko ez ezik, emakumeei gogoetarako espazio bat ere eman die prozesuak, eta elkar zaintzeko eta indartzeko balio izan du lan kolektibo horrek. Olatz: «Nire egoera berean zeudenekin biltzea funtsezkoa izan da; oso gogorra ere bai, eta, une batzuetan, astuna, baina beharrezkoa: asko ikasi dut». Sara: «Zaila izan da, baina prozesuan babes handia ere izan dugu, eta une oso politak. Horrek oso ondo sentiarazten nau». Arantza: «Niri kostatu zitzaidan bileretara joatea, lotsa handia nuen. Baina balio izan dit ulertzeko nire lotsa nondik zetorren, eta zilegi zela nik egin nuena, errua ez dela nirea: guztiaren atzean botere harreman bat zegoen, eta eraso sexista bat izan zen».

Mireni ere barruak mugitu dizkio prozesuak. Haserre mintzatu da, Varelak gutxietsi egin zituelakoan: «Bazekien aurrez eraso zion neskek bazekitela engainatu zituela; kalean ikusten zituen, berdin zitzaion, eta kapaza zen gauza bera egiteko beste bati. Pentsatuko zuen emakumeak tuntunak ginela». Baina mingarriagoa zaio ingurukoengandik antzeko iruzkinak jaso izana: «Ematen du edozeinengan jarri nuela konfiantza, eta ez: informatu nintzen, ingurukoei kontatu nien... Ez nintzen joan txoriburu baten moduan; izorratzen nau jendeak pentsatzeak arintasunez egin genituela gauzak. Baina halako erasoek hori dute: fokua zugan jartzen den bakoitzean berriro egiten dizute eraso». Nabarmendu du arazoa ez zegoela argazkietan: «Planteamendua polita izan zitekeen; gorputzarekiko ahalduntzea ere ekar dezake, kamera baten aurrean biluzteko segurtasuna behar duzulako. Eta hori erabiltzea engainatzeko... Nesketako batzuek oso gaizki pasatu dute beren gorputzarekin, biluztasunarekin».

Laurek aldarrikatu dute taldeko dinamika ezinbestekoa izan dela zauri horiek sendatzen hasteko. Alde horretatik, Mirenek uste du «zorte handia» izan dutela: «Gutako gehienak militanteak gara, eta horrek aukera eman digu elkartzeko eta prozesu hau lantzeko. Antzeko erasoak jasan dituzten emakume askok ez dauzkate tresna horiek, eta, segur aski, oso babesgabe daude». Hain justu, horixe da Sarak bi urteotako prozesutik atera duen altxorra: «Espero dut horrelakorik ez gertatzea berriro, baina gertatzen bada, espero dut neska horiek edukitzea guk eduki duguna».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna