Felix Zubia.
Koronabirusa. OSASUNA PENTSALDIAN

Osasun publikoaz

2020ko urriaren 11
00:00
Entzun
Gaixotasun infekziosoen eta pertsonen arteko harremana gizateria bezain zaharra da. Izurrite asko ezagutzen dira historian zehar, haietako asko eragin ikaragarriarekin: izurri beltza, baztanga, poliomielitisa,tuberkulosia, tifusa…Duela ehun urte, batez besteko bizi-itxaropena 40 urte ingurukoa zen, eta heriotza arrazoi nagusia gaixotasun infekziosoek osatzen zuten. Hala esan zidan behin aitona batek, txertoei buruz ari ginela: «Motel, nola izango dituk ba naturalak txertoak? Naturala etxe bakoitzean bi edo hiru ume infekzioek jota hiltzea huen. Hura ezagutu zuenak ez dik dudarik txertoen eraginaz». 1918ko gripeak, ez hain urruti, munduko biztanleen %3 eta %6 artean hil zituen.

Infekzioei aurre egiteko garatu ziren osasun publikoko neurriak, haietako asko eta asko sendagileak ez ziren pertsonen eskutik. Horrela sortu ziren isolamenduak, berrogeialdiak, estolderiak, edo hilerriak elizetatik ateratzeko erabakiak esaterako. Medikuen artean, ezinbestekoa zen osasun publikoaz jakitea, eta haien ikasketen zati handi bat osatzen zuten. XX. mendearen hasieran hiri eta probintzia askotan sortu ziren osasun publikorako erakundeak, orokorrak batzuk, gaixotasun baten aurkakoak besteak, tuberkulosiaren aurkakoak bereziki.

Zientziaren aurrerapenek, antibiotiko eta txertoen garapenak, bestelako garbitasun neurriekin batera, infekzio askoren kontrola ekarri zuen XX. mendearen erdialdetik hasita. Honek bizi-itxaropena luzatzea ekarri zuen, eta bestelako gaixotasun batzuetan arreta jartzea, gaixotasun kardiobaskularretan eta minbizian batez ere. Eta horrekin batera, ikasketetan osasun publikoak indarra galdu zuen, bestelako ikasgaien mesedetan. Eta antzerakoa gertatu zen Osasun Publikoko egiturekin, langile eta garrantzi gutxiko erakundeak bihurtzeraino.

XXI. mendeak gaixotasun infekziosoen alarma piztu zuen: koronabirusaren senide den SARS epidemia, A gripea, ebola… Mendebaldean ez genien kasurik egin baina, urrutiko gaitzak edo herrialde behartsuen kontuak zirela usteta, eta gure osasun sistemen indarrean sinetsita, osasun publikoko ikasketak eta egiturak indartu beharrean. Oso jokabide ezberdina izan zuten, adibidez, Asiako hainbat herrialdek, Hego Koreak edo Taiwanek esaterako, baliabide teknologiko berriak osasun publikoaren eremura ekarriz. Koronabirusaren otsoa iritsi zenean, beranduegi zen. Gure egiturak eskasegiak ziren, ez zuten giza baliabiderik, eta materialak Asian erosi beharra zegoen. Denok dakigu non bukatu dugun, eta uste dut osasun publiko ahul batek izan duela eragina. Ea irakasgaia jasotzeko gai garen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.