IRITZIA

Estres linguistikoa

Ainhoa Lasa Agirre
2022ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Nola liteke euskaraz egitea erosoa izatea batzuetan eta deserosoa besteetan? Zergatik egiten dugu euskaraz batzuetan eta erdaratara jo besteetan?

Zenbatetan pentsatu dugu konpromiso falta dela, utzikeria edo alferkeria dela? Epaitu egiten dugu geure burua, eta epaitu besteak; kulpaz ari gara askotan.

Eta amorratu egiten gara maiz, erdaraz ari garela konturatzean edo azken elkarrizketa erdaraz izan dugula gogoratzean, euskaraz egin genezakeela jakinda, eta hori nahiko genukeela pentsatuta. Ikusi besterik ez dago Euskaraldian zenbatek eman dugun izena, zenbatek nahiko genukeen euskara izatea gure inertzia naturala, nonahi eta noiznahi, edozein dela testuingurua.

Bada gure euskara autozentsuratzera bultzatzen gaituen zerbait, eta ez dut euskara ulertzen ez duenaren aurrean hizkuntza aldatzeaz hitz egiten; ulertzen gaituztenekin erdaraz aritzeaz ari naiz.

Atzera begira arrazoi historikoak ditugu, zigortuak izan gara eta deseroso sentiarazi gaituzte; tarteka, oraindik, deseroso sentitzen gara hainbat egoeraren aurrean. Eta esango nuke muinean lotsa eta kulpa daudela (geure buruari euskaratik erdarara nahi gabe pasatu garela esaten badiogu ere).

Nola hasiko naiz euskaraz honekin, seinaleek garbi esaten didatenean ez dakiela? Guk nahia, guk nahi eza.

Araua betetzeko, normatiboa dena obeditzeko entrenatu gara, arriskurik ez hartzeko, geure buruari mugak jartzeko. Eta hemen euskaldunak euskaraz gune seguruetan egiten ikasi dugu; gehienetan ulertuko gaituztela espero dugunean egin dugu.

Ohitura aldaketetan, ohikoa ez den aldaketa egin behar dugunean, agerian jarriko garela sentitzen dugunean lotsa eta kulpa agertu daitezke, biak ala biak beldurrak eta erresistentziak.

Zergatik ez gara arriskatzen? Zergatik espero dugu bietako bat gertatzea?

Lotsa zerbait berria egiten dugun bakoitzean aktibatzen da, gure onena ematea eragozten digu, eta egokitu egiten gara. Batzuetan, aktibatu aurretik egokitzen gara, lotsa ez pasatzearren. Eta arrazoiak asko izan daitezke: porrotari beldurra (ikasten ari garen kasuan, aurrekoak ulertuko ez digula pentsatzen dugunean...), epaiari beldurra (beti erdaraz egin diogu, zer pentsatuko du? Zer sentituko du?).

Eta, tarteka, euskaraz egiteak sor dezakeen egoera kudeatzeko gai ez garela izango pentsatzen dugulako egokitzen gara behar baino lehen. Euskaraz egin nahi duen ni hori ezkutatzen dugu.

Ederra litzateke gaiaz hitz egitea, egoera perfekturik ez dagoela sinestea eta entrenatzeko segurtasuna emango digun laborategia bilatzea. Eta geure buruari galdetuko bagenio: zenbat lotsa pasatzeko prest gaude? Lotsak zenbat denbora iraungo du? Eta zer irabaziko dugu?

Beharbada, lehenengo hitza beti euskaraz egingo dugula erabakitzeak unean-unean euskaraz ala gaztelaniaz egingo dugun pentsatu behar ez izatea ekarriko du, bake ederra!

Batzuetan, ondoren, sentitzen dugu kulpa, eta kulpa sentituko dugula pentsatzen dugu beste batzuetan. Horra iritsi baino nahiago erdaraz! Ez dugu inor gaizki sentitzea nahi edo baztertua sentitzea nahi euskaraz egiten dugulako. Ezta inork gaizki ulertzea ere euskaraz egin dugulako. Kulpak egindakoarekin konektatzen du (edo egingo dugunak utziko duen ondorioarekin), moralitateari begiratzen dio, eta enpatia pizten du (bestearekiko, nola ez!), egoera egokitu eta konpondu nahi bat.

Bizipen asko ditugu, batzuetan ulertu ditugunak, besteetan ulertu gabe gaizki sentiarazi gaituztenak; eta horrela ez denean ere, izan dugu horrelako bizipenen berri inguruan. Denetatik ikasten dugu.

Hizkuntza portaera egokiaz eta ezegokiaz hitz egiten da asko, epaitu ere bai. Eskerrak ahobizi hitza etorri den gurera, beharbada errazago ulertzen dugu hiztunaren portaera, eta pentsatu nahi nuke gero eta errazago onartzen dugula.

Hiztun erradikalak konnotazio ezkorra bazuen ere, esanahia aldatzen hasi garela uste dut. Erradikala eustea bada, nik erradikala izan nahi dut.

Gure solaskideak ulertzen digunetan euskarari eustea dotore aritzearekin lotzera iristen garenean, lotsak eta kulpak astindu ditugun seinale izango da. Euskaraz eroso hitz egiten ikasten dugunean, linguistikoki libre.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.