Tunisiarrek presidente berria bozkatuko dute, trantsizio betean

Presidentetzarako bozak egingo dituzte gaur Tunisian. Herrialdearen ekonomiari bultzada ematea da 26 hautagaien lehentasun nagusia

Chahed lehen ministroaren jarraitzaileak kanpainan, Bizertan. M. MESSARA / EFE.
Andoni Imaz.
2019ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Uztailean, Beji Caid Essebsi Tunisiako presidentea hil zen, 92 urterekin, agintaldia bukatzeko hiru hilabete falta zirela. Gobernuak azkar jokatu zuen: Essebsi hil eta ordubetera jakinarazi zien berria herritarrei; gero, parlamentuko presidenteak haren lekua hartu zuen, eta hauteskunde batzordeak bozetarako data ezarri zuen: irailaren 15a. 2011ko iraultzaren ondotik ezarritako sistema politikoan, Tunisiako presidentetzarako bigarren hauteskundeak egingo dituzte gaur. Hauteskunde prozesuak hilabete iraungo du, parlamenturako bozak egingo baitituzte ondoren. Presidentetzarako 26 hautagai daude, eta faborito argirik ez.

Hautagairen batek botoen gehiengoa lortzen ez badu, boto gehien jaso duten biek bigarren itzulia egingo dute, azaroan beranduenez. Presidentegai batzuek pisu nabarmena dute herrialdean: Youssef Chahed lehen ministroa da, Abdelkarim Zbidi Defentsa ministroa, Nabil Karouri enpresari ezaguna, eta Abdelfattah Mourou, berriz, Ennahdha alderdi islamista nagusiaren lehen presidentegaia.

Hauteskunde inkestak debekatuta daude Tunisian, baina Karouri garaile ageri da zenbait azterketatan. Herrialdean gehien ikusten den telebista katearen jabea da, eta espetxean dago abuztutik, dirua zuritzea eta zerga iruzurra egotzita. Chaled lehen ministroari leporatu izan dio atxilotu izana, eta gose greba hasi zuen ostegunean, protestatzeko.

Ekonomia behera

Tunisiako egoera ekonomikoa larria da. 2011. urtean, mobilizazio jendetsuen ondotik, Zine El Abidine Ben Ali agintaria kargutik kendu zuten, eta aro berri bat hasi zen herrialdean. Udaberri Arabiarraren kimu bakarra da Tunisia. Ordutik, baina, ekonomia ez da hobetu, eta Ben Aliren zaleak egungo sistemaren aurkako mezuak hauspotzen ari dira. Presidente ohia Saudi Arabiako ospitale batean dago, «oso gaixo».

Herrialdearen zorra barne produktu gordinaren %70 da egun; iraultzaren aurretik, %40 zen. Gainera, 2015ean turismo eremuei egin zizkieten erasoek beherakada nabarmena eragin dute sektorean. Herrialdea larrialdi egoeran dago ordutik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.