KRITIKA. Antzerkia

Harren konfitura

La batalla de los ausentes antzezlana, Erriberriko jaialdian. VILLAR LOPEZ / EFE.
2021eko uztailaren 28a
00:00
Entzun

'La batalla de los ausentes'

Konpainia: La Zaranda. Testua: Eusebio Calonge. Antzezleak: Gaspar Campuzano, Enrique Bustos eta Francisco Sanchez. Zuzendaritza eta gune eszenikoa: Paco de La Zaranda. Argiak: Eusebio Calonge. Jantziak: Encarnacion Sancho. Soinua: Torsten Weber. Ekoizpen artistikoa: Eduardo Martinez. Lekua: Erriberriko Gaztelua. Eguna: Uztailak 24.

Erriberriko antzerki jaialdiak La Zarandaren azken muntatzea ezagutzeko parada eskaini digu. Ikuskizuna Bartzelonako Romea antzokiarekin batera ekoitzirik dator, eta ez da aukera makala talde andaluziarraren 43 urteko ibilbidea errepasatzeko. Jaialdian, baiki, La Zarandaren estetikaz, euren esateko berariazko eraz gozatu genuen. La batalla de los ausentes-ek taldearen ezaugarriak erakutsi zizkigun, gainera, Campuzanos, Bustos zein Sanchez ohiko aktoreekin.

Istorioak hiru soldadu beterano oholtzaratzen ditu, auskalo zein gerratatik itzulirik omenaldi militar bat antolatu behar dutelako aitzakian. Hastapeneko musikak tonu epiko kaxkarra du, nahita, La Zarandaren lanetan giro hitsa epikotasunetik oso urrun egon ohi delako. Ohorezko ekitaldia etorri ez direnentzat dela diote, baina, aldi berean, beren burua omentzeko prestatuta dagoela ulertu dugu. Hori ez da, dena den, argudio mailako kontraesan edo gabezia, baizik eta azpimarratu nahi dugun merezimendua. Ez dago gertakizun zehatzik, ezta data jakinik ere. Ez dute ponteko izenik aipatzen. Errelatoa, hartara, Mendebaldeko gizarte modernoaren edozein unetan koka daiteke.

Soldaduek, zibil jantzita, gatazka ondorengo gobernua osatu dute. Etsaiaren faltak zer pentsatua ematen die. Frontea irudikatzen digute. Zein da unean uneko narrazioaren garaia? Pertsonaien oroimena da, ala oraina? Ez ote da etorkizuna izango? Dena den, galdera horiek ez dira pertinenteak izaten La Zarandaren lana aztertzeko. Hortxe dago koxka: ahanzturaren eta memoriaren arteko lehia behin eta berriro itzultzen zaigu, jira eta buelta, historiaren tolesturetan. Musika militar zatarra eszenen arteko trantsizioak bideratzeko erabili dute, harik eta bals bihurtu arte. Zirkulutan dantzatzen den melodia horrek bizitzak itzulinguruka bizi gaituela adierazten laguntzen die sortzaileei.

Zaranda hitzak galbahea esan nahi du. Esanahi hori guztiz bat dator taldearen poetikarekin, zeinak bahe moduan funtzionatzen duen. Horregatik, soberakinek, hondarrek ez dute tokirik konpainiaren dramaturgian. Tramankulu gutxik eta efikazia handiko zein erabilera askotariko gauzakiek osatzen dute eszenografia. PiƱuteazko mahaiak eta manikiek Kantorren estetika gogora ekartzen diguten arren, oso zarandatarrak iruditzen zaizkigu. Argiek primeran argiztatzen duten arrea dugu tonalitate nagusia. Agertokiko iluntasunean dir-dir egiten diguten elementu umil bezain esanguratsuak daude. Aktoreak ahots kraskatuz eta ibilkera traketsez mugitzen dira. Aurpegierak eta esateko moduak naturaltasunaren eta artifizialtasunaren arteko muga-mugan gaudela adierazten digute, antzezpen itzela lortuz. Fartsa elegiako honetan umoreak lengoaia itzulgarriari zor dio, esaldi bakar batek kontraesanezko esanahiak izan ditzakeelako aldi berean. Irudikaturiko munduak ematen du sitsek janda dagoela, usteltzen hasita, txantxartuta. Ikusleoi ulertarazten digute bizitzak heriotzaren eta ahanzturaren segida behar duela, eta gu ongarri baino ez garela. Amaieran, Aste Santuko pasoetako musika airean, eta azken irudi bat: hildakoen koroa. Zeinentzat ote?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.