'Azken etxea'

Lehen etxea

Idazlea: Arantxa Urretabizkaia. Argitaletxea: Pamiela.

2022ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Bost urte argitaratu gabe egon ondoren Azken etxea eleberriarekin plazaratu zaigu aurten Arantxa Urretabizkaia. Pertsonaia nagusi baten inguruan harilkatzen da obra; nagusia bi zentzutan, gainera: fokalizatu nagusia baita, eta, aldi berean, adinean aurrera egindako emakumea, zaharra. Bizitzako azken urteak lasaitasunean pasatzeko gotorleku bila arituko da protagonista, betirako izango den azken etxea non aurkituko; baina, azken geltoki horren peskizan, bere iraganarekin egingo du topo ezinbestean. Bilaketa, hortaz, bikoitza izango da beretzat; batetik, teilatua eta aterpea aurkitiko baititu, bestetik, bere izaera eta bizitzen jarraitzeko sosegua. Bi bideok paraleloki marrazten eta eraikitzen zaizkigu istorioan; etxearen zaharberritze lanen bilakaerak bat egin du sarri protagonistaren beraren berreraikuntzarekin, eta ñabarduraz eta sinboloz josten pertsonaiaren karakterizazioa. Izan ere, pertsonaia konplexua eraiki du Urretabizkaiak, geruza asko dituena, aurpegi anitz, eta ezaugarri horiek guztiek konbentzionalismoarekin hausten dute. Nabaria da idazleak mimo handiz eraiki duela protagonista eta asko estimatu dudan alderdia izan da hau.

Narratologikoki ere badu zer aipatua eleberriak, batez ere narratzaileari eta fokalizazio moduari dagokionez. Diskurtso pertsonalagora ohituta gaituen idazleak hirugarren pertsonako kontalariaren alde egin du oraingoan; narratzaile orojakilea eta nahiko monologikoa darabil, pertsonaien baitan sartzeko gaitasuna izateaz gain, bere hitzen iragazkitik pasata baitakartza pertsonaia guztien sentimenduak, hitzak eta gogoak. Istorioa ere bere galbahetik pasata aurkezten eta kontatzen zaigunez, maiz, errealitatearen beraren benetakotasunarekin jolas egiteko aprobetxatzen du narratzaileak tartea. Ispilu deformatzailea. Hortxe ezkutatzen da idazleak egin duen lanketa narratologikoaren xarma handiena nire ustez: pertsonaia batetik besterako saltoak oharkabean eta abisurik barik emateak irakurketa kontziente eta aktiboagoa eskatzen badu, narratzaileak pertsonaia horietaz kontatzen duenaren eta benetan denaren arteko kinkak are gehiago zirikatzen du irakurlea. Puskaka erakusten zaigunaren anbibalentzia horrek, halaber, nobela ezaugarritzen duen tentsioan eragin duelakoan nago. Ez da misteriozko eleberri bat bere horretan; bai, ordea misteriotsua. Eta, parte batean, misterio hori narratzailearen diskurtsoan ezkutatzen den tentsioari zor zaio, ezkutatzeari, oro har; elipsiari, narratzailearen hitz neurtuei eta enkriptatuei.

Zahartzaroaz baino gehiago zahartuta eta iraganean iltzatuta dagoen aroaz eta bizipenez diharduen obra dakar oraingoan Urretabizkaiak. Oroitzapen eta gomuta ugari, pertsonaia nagusi andana, eta protagonista bakarra, bere iraganeko mamuekin norgehiagoka, azken etxearen bila dabilena. Azken etxea, bakean bizitzeko azken aukera. Benetako niarekin eta iraganean izandako emakumearekin bakeak egiteko kronotopoa, bizitzan benetakoa eta berea sentituko duen etxe bakarra. Neure buruari galdetzen diot ez ote den azken etxe hori protagonistaren (benetako) lehenengoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.