Osasuna. Lehen mailako arreta

«Zentroetara etortzeari utzi dio jende askok»

Rafa Rotaetxe. 1989tik ari da Altzako osasun zentroan, familia mediku. Izurriak lan zama handia ekarri duela esan du, eta baliabideen urriak eta neurri egokien faltak bidea zailtzen dutela.

Rafa Rotaetxe Altzako osasun zentroko atarian. GORKA RUBIO / FOKU.
arantxa iraola
Donostia
2022ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Ni familia medikua naiz, eta zentro honetan ari naiz 1989tik, paziente talde bera artatzen». Rafa Rotaetxe da (Gasteiz, 1958), Donostiako Altza auzoko osasun zentroko sendagilea, eta ebidentzian oinarritutako medikuntzaren aldeko taldeko koordinatzailea, familia medikuen Osatzen elkartean. Osasun zentro berean hainbeste urtean lanean ari delako, eta paziente talde baten inguruan jarduteko era izan duelako, haien izenak eta izaerak ezagutzeko era izandu: haien bizitzetako gorabeheren parte izan da. Lehen mailako artaren «muina» arta mota hori dela oroitu du, baina urriak direla osasun sisteman horrela jardun dezaketen langileak. «Gure osasun zentroan, adibidez, hamabi mediku gara; finkoak, bost. Denbora gehien daramana ni naiz; nire atzetik doanak ez daramatza hamar urte ere». Behin-behinekotasun larrian ari dira. Eta baliabide urriekin: «Gu, esaterako, pandemia guztian aritu gara mediku bat gutxiagorekin». Gainerako lantaldeetan ere, eskas: «Beharko genituzke bizpahiru administrari gehiago; beste erizain bat edo bi». Horiek horrela, COVID-19aren izurria erronka zaila izan da: «Osasun zentroetan egon den tentsioa bideratzeko, usu dagokiguna baino ordu gehiago egin ditugu; jakina, horrek muga bat du».

Egoera berri askori aurre egin behar izan diete. «Berriz asmatu behar izan dugu artatzeko era». Etengabeko aldaketan, eta eskeak ugarituta. «Hemen, adibidez, zahar etxearen ardura hartu behar izan genuen. Bertako osasun zerbitzuak ezin izan zion aurre egin egoerari: guk joan behar izan genuen. Han kutsatu ginen hainbat kide». Gaitzak gogor erasan zuen Rotaetxe: «Hamabost egun eginnituen ospitalean».

Izurriaren harira, osasun zentroetako aurrez aurreko arta mugatzeko neurri asko hartu dira. eta horren ondoriozko arazoak badirela onartu du. «Jende askok osasun zentroetara etortzeari utzi dio; ikusi da, adibidez, minbizi diagnostikoak-eta gutxitu egin direla». Telefono bidezko arta handitu dute. Ez da guztiz berria: «Zentrotik zentrora aldea zegoen, baina lehen, pandemia aurretik, izaten zen artaren %30 telefonoz; %70, aurrez aurre. Pandemiak irauli egin zuen egoera». Kezka eragiten die horrek. «Eta gu, adibidez, gure zentroan ari ginen, seigarren olatu hau heldu aurretik, aurrez aurreko arta berreskuratzen... Baina, olatua heldu zen, eta berriz atzera».

Estresak jota

Berriro hasi beharko dute. Ez daki aski indar izango duten. «Izan ditugu gaixoaldiak estresarengatik-eta; nekatuta gaude». Atzeratutako lanak ez dira, gainera, kezka iturri bakarra. «Buruko arazoak-eta ugaritu dira. Horri ere erantzun behar diogu». Eta osasun arazo berriei.«COVID iraunkor kasuak hor daude». Kexu da: kritika ere egin beharko dela uste du. «Sei olatu daramatzagu, eta zenbait gauzak ez zuten gertatu behar. Informazioa hobeto landu behar zen, berme gehiagorekin, eta kasu gehiago egin behar zitzaigun kontsultetan gaudenoi».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.