Zientzia

Espazioan ere elkarlanean

Astronomo amateurren behaketak ezinbesteko bihurtu dira profesionalen ikerketa eta misioetan. Espazioaren ikuspegi «osoagoa» izaten laguntzen die, eta egiten dituzten hipotesiak baieztatzen.

Alex Escartin. Astronomia zaletasuna du; irudian, egun duen behaketa ekipoarekin ageri da. BERRIA.
ainara arratibel gascon
2020ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Izarrak, galaxiak, planetak... Espazioa amaiezina da, baita bertan gertatzen diren fenomenoak ere. Garapen teknologikoari esker, astronomo profesionalek gero eta tresna indartsu, zehatz eta fidagarriagoak dituzte behaketak egiteko. Baina ez dira denera iristen; eta, oztopo hori gainditzeko, ezinbestekoak diren bidelagun batzuk dituzte: astronomo amateurrak. Haiek ere behaketak egiten dituzte, etabiltzen dituzten datuak eta irudiak funtsezkoak dira profesionalen misioetarako eta ikerketetarako. Astronomia modernoaren erronketako bat da profesionalen eta amateurren arteko elkarlan hori sendotzea eta koordinatzea.

Horretarako badira hainbatprograma. Horietako bat da Europlanet 2024 Research Infrastructure. Europako Batasunak bultzatu du, hamar milioi euroko aurrekontua dauka, eta mundu osoko 21 herrialdetako 53 erakundek, unibertsitatek eta elkartek egin dute bat harekin. Horri esker, sarbide irekia eskaintzen da hainbat planetaren simulazio laborategietara, teleskopioetara eta ikerketa guneetara. Gainera, formakuntza eman nahi diete astronomo amateurrei.

Bertan parte hartzen ari da Euskal Herriko Unibertsitateko zientzia planetarioetako ikerketa taldea. Eguzki sistemako planeten atmosferari behatzen jarduten dute bertako hamar ikertzaileek: «Atmosfera hori ikertzeak modua ematen digu Lurrean gertatzen ari diren hainbat fenomeno ulertzeko», azaldu du Ricardo Hueso ikertzaileak. Aspalditik ari dira amateurrekin elkarlanean, eta, besteak beste, haien behaketetako asko dituzte bildurik PVOL datu basean: 45.000tik gora. Hori da programaren esku jarriko duena. «Behatoki birtual bat da». Epe motzera, ikerketa taldeak Marte 2020 misioan hartuko du parte: «Uztailean jarriko da martxan, eta otsailerako espero da Marten egotea. Horren bidez, robot autonomo bat bidaliko dute Marteren gainazalaren inguruko datuak biltzera. Robotak estazio meteorologiko bat du, eta, horri esker, hango eguraldia ikertuko da». Epe luzera, berriz, 2029an Jupiterrera iritsiko den misio bat prestatzen ari dira. «Egingo diren behaketen nondik norakoak antolatzen ari gara, nahiz eta oraindik ez duten bukatu satelitea eraikitzen». Huesok onartu du ez dela erraza epe luzeko eta motzeko proiektuekin lan egitea, eta bakoitzaren atzean lan asko dagoela. «Gure lana espazioan egiten diren misioek baldintzatuta dago, eta horiek luzatu egiten dira».

Epe horiek azkartu eta arintze aldera, funtsezkoa iruditzen zaio amateurrekin egiten duten elkarlana. «Garrantzi handia» eman dio Europlanet 2024 programari, eta arrazoia azaldu du: «Gero eta teleskopio handiagoak eta indartsuagoak eraikitzen dira, baina ezin dira une oro martxan egon, lehiakortasuna handia delako eta oso garestiak direlako. Adibidez, Marten gertatzen den hauts ekaitz batek hilabeteak irauten du, eta ezin zaio teleskopio profesional batekin osorik behatu. Baina amateurrek egin dezakete, asko direlako; leku desberdinetatik behatzen dute, gainera. Horri esker, planetetan gertatzen ari denaren inguruko ikuspegi orokor eta osoa daukagu. Gu iristen ez garen lekuetara iristen dira, eta balio erantsi bat ematen diete guk egiten ditugun ikerketei. Egun, astronomiari lotutako argitalpen gutxi daude haien ekarpenik gabe». Astronomo amateurrek bidalitako argazki eta datuei esker, adibidez, aukera izan dute fenomeno hauen jarraipena egiteko: Jupiterren izandako ekaitz erraldoiak eta Venusen lainoek izandako bilakaera. «Ikusten dugu, gainera, gero eta antolatuago daudela, eta gero eta ezagutza hobeak dituztela. Luxua da».

Astronomo amateur horietako bat da Alex Escartin. Gaztetan piztu zitzaion astronomiaren gaineko zaletasuna. Irratigintza zuen gustuko, eta lagunekin aritzen zen: «Jabetu ginen erabiltzen genituen frekuentziak, kasu askotan, eguzkiaren menpe zeudela, eta horri buruzko datuak behar genituen». Teleskopio txiki bat eta bi filtro erosi zituen. «Baina, sakonduz joan ahala, ez zen nahikoa». Hala, berak eraiki zuen bat: «Kariño berezia diot. Baina hark ere bere mugak zituen, eta azkenean bigarren eskuko bat erosi nion Tarragonako beste amateur bati. 1.000 euro kostatu zitzaidan».Orain, 1.900 euroko bat du, eta haren ekipo osoak 6.000 euro inguruko kostua du. Tresna hauek osatzen dute ekipoa: teleskopioak, kamerak, filtroek, ordenagailuak, bateriek, pantailak, kableek eta materiala eramateko kutxak. Askotan aipatu da zaletasun garestia dela, baina ez du uste hala denik: «Egun, ekipoak prezioz jaitsi dira. Beste edozein zaletasun bezalakoa da; nahi adina diru gasta dezakezu, baina, zentzuz jokatuta, ekipo onak dituzu. Nik, adibidez, ia dena bigarren eskukoa dut».

Aitortutako lana

Bizkaiko beste zenbait astronomorekin batera, bi unibertsitatetako ikerketa taldeentzat ari da behaketak egiten: Kentekoarentzat (Erresuma Batua) eta Turklukoarentzat (Finlandia). Lehenengoarentzat, izarren haurtzaindegiak esaten zaienak ikertzen dituzte. «Hor sortzen dira izarrak, eta, behin sortuta, disko protoplanetario moduko batzuk geratzen dira. Horien inguruko informazioa biltzen dugu». Turklukoarentzat, berriz, kuasarrak. «Galaxia aktiboak dira. Erdian zulo beltz handi bat dute». Urteko hamabi bat astetan ateratzen dira behaketak egitera. «Oporrak eta asteburuak baliatuz, ahalegintzen gara kanpora joaten: Valladolidera, Cuencara, Soriara... Zeruak ilunagoak dira leku horietan». Saiatzen dira gau osoan luzatzen behaketak: «Baina behatu behar dugun objektuaren arabera izaten da, eta zer altueratan dagoen: zenbat eta gorago egon, hobeto. Baina objektu bakoitzarekin bizpahiru ordu pasatzen ahalegintzen gara».

Huesok bezala, balioa eman nahi izan dio profesionalen eta amateurren arteko elkarlanari. «Guk ez dugu zientzia egiten, baina biltzen ditugun datuek balio diete profesionalei hipotesiak berresteko, ikerketak osatzeko eta aberasteko...».

Profesionalek beren lana aitortzen dutela nabarmendu du. «Edozein ikerketa lanetan gure izena eta egindako lana jasotzea harro egoteko zerbait da. Gainera, krisi ekonomikoaren ondorioz gertatu ziren murrizketak tarteko, gure lana are beharrezkoago bihurtu da». Zera erantsi du, gainera: «Askotan, amateurrak aurretik goaz arlo teknologiko eta teknikoan, profesionalek arreta arlo zientifikoan dutelako». Hala berretsi du Huesok: «Askotan ihes egiten digute».

Biek jarri dute arreta astronomiaren erronketan. Huesok hauxe nabarmendu du: «Garrantzitsuenetakoa unibertsoan bizitza aurkitzea izango da. Horretarako, garrantzitsua izango da ahalik eta exoplaneta gehienidentifikatzea eta ikertzea». Halaber, beharrezkoa ikusten du hobeto ezagutzea unibertsoaren egitura orokorra. «Batez ere, zergatik ari den hain bizkor hedatzen. Izan ere, oraindik ez dakigu».

Escartinek, berriz, argi kutsaduraren arazoan jarri du arreta: «Egun sekulako argi kutsadura dago gurean, eta benetako arazo bat bihurtzen ari da. Ez astronomoentzat bakarrik, baita gizarte osoarentzat ere. LED argia erabiltzen da, energia gutxiago gastatzen delako. Baina aztertu behar da non egiten den, eta nola. Haren kolore zuria ez da batere ona. Astakeria bat da errepide bat argi horrekin argiztatzea eta une oro piztuta edukitzea. Hainbat ikerketak, adibidez, erakutsi dute argi horrek eragin kaltegarria duela jendearen loan».

Horrekin batera, biek nabarmendu dute merezitako aitortza eta balioaeman beharko litzaiokeela astronomiari. «Niretzat, oso inportantea litzateke astronomiari lotutako ikasgai bat izatea derrigorrezko hezkuntzan, astronomia oso lotuta baitago gizateriaren eta teknologiaren eboluzioarekin eta garapenarekin», dio Escartinek. Zera erantsi du Huesok: «Humanistikoki balio handia duen zientzia bat da». Finantzaketa ere eskatu dute astronomiarentzat, eta hori lortzeko duten borroka aipatu du Huesok: «Oraindik ere, ikerkuntza mota hau azpifinantzatuta dago. Batez ere zientzialari gazteei egonkortasun handiagoa eman behar diegu. Egiturazko arazo bat dugu. Egonkortasun hori gabe, alferrik dira aurrerapen teknologikoak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.