KRITIKA. Zirkoa

Ikusle estresatuak

Agus Perez.
2021eko otsailaren 23a
00:00
Entzun

'Gran reserva'

Sorkuntza, zuzendaritza eta eszenografia: Rhum &Cia. Musika: Pep Pascual, Mauro Paganini. Pailazoak: Joan Arque, Roger Julia, Mauro Paganini, Jonathan Aleman, Pepino Pascual. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Otsailak 20.

Enrico Jacinto Sprocani italiar-frantziarra XX. mendearen lehen erdialdeko clown famatua izan zen, Rhum ezizenez ezaguna. Antza denez, Parisko ospitale batean hil zen, bakarrik bezain pobre, eta haren omenez sortu zuten Kataluniako pailazo batzek orain dela zazpi urte Rhum & Cia konpainia.

Konpainiak lau ikuskizun sortu ditu orain arte, eta Bilboko Arriaga antzokira egunotan etorri dena Gran reserva deitu dute, ardoen sailkatze sistemari jarraituz eta emanaldiaren izaera horrela deskribatuz. Ikuskizun honetan beren aurreko lanetako pasarterik onenak batu dituzte, horiei ekitaldi bat edo beste gehituta, eta, emankizunaren erritmo sostengatu eta arinari esker, ez dugu haien arteko jauzi beharturik sumatu.

Eszenografia polit batean eta kermesse itxurako bonbillatxoetan bilduta etorri dira ekitaldiak, eta esan beharra dago eszenografiak ere bere buruaren aurkezpen polita egin duela hasierako uneetan, Aurpegi Zuri klasikoaren jantzi dotorea hari batetik altxarazita eta atzeko gortinak zein koloretako zintak goitik behera askatuta.

Aurkezpen eszenografiko horren ostean eta denok agertokira begira geundenean, alboko ate batetik sartu dira bost artistak pailazoen dotorezia xelebrearekin edertuta, eta zurezko eskailera tolesgarri batetik eszenatokira igo ostean Arriagako benetako eskailera ez omen dute ikusi, argentinar doinuko bakarrizketa batean sartu da haietariko bat, Aurpegi Zurik hasperen pare bat bota, pistola bat atera eta bi tiroz bertan seko utzi duen arte.

Orduan hasi dira benetako komeriak! Inguruan genituen umeak aztoratuta, gurasoak hala edo nola haiek kontsolatu nahian... Ez, irakurle hori, lasaitu zaitez. Egia da umeak zertxobait asaldatu direla, eta beharbada kezkatu ere bai, baina kontua da ustezko hiltzaileak garbi esan digula familia osorako emanaldi batean geundela, eta umeek—gehienetan gu baino azkarragoak izanik— laster onartu dutela helduentzako pailazoak ikusten ari zirela eta, beren zorionerako, gurasoek ordurako ezin zituztela antzokitik aterarazi. Seguru nago hainbat kontutan helduaroranzko jauzi samur bat egin dutela haietariko askok, nagusien onespen eta laguntzarekin, eta nik esango nuke hori berori izan daitekeela emanaldi honen balio nagusia.

Jarraian, ikusle estresatu ere deitu gaituzte, jende estresatuak antzerkira jotzen omen duelako, eta gainontzeko guztia horren moduko zoramena izan da: umore ona, sormena parrastaka, satira finak nonahi eta barrearen artea errotik menperatzea. Azkenean, ikusleek zutik —pailazoek lotsagabeki altxarazita— eta gogo handiz txalotu dituzte haien balentria absurdoak eta pandemiak ekarritako gaitzak borrokatzeko borondatea: bakardadea, ezjakintasuna eta izpiritu-pobrezia, haien esanetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.