Literatura. 'Arkanbele kantak'

Bi ahoko aiztoari kantuan

Idazlea: Mikel Taberna. Argitaletxea: Susa.

2021eko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Susa argitaletxearen poesia atalean dator idazle nafarraren azken bilduma, editorial berean argitaratutako azken liburutik zortzi urte bete diren honetan. Idazleak ondutako azken bi idatziak narratibakoak izan baziren ere, neurtitzetara itzuli da Mikel Taberna Arkanbele kantak honekin.

Sarrerako aipamenari men eginez, liburu guztiaren edukia aipamen bukoliko batek biltzen duela uler daiteke, Fernando Pessoak bere herriko errekastoari eskaintzen dion poema batek irekitzen baitu bilduma osoa. Pessoak bere erreka Tajo ibaiarekin alderatzen du, lehenaren alde eginez balio sinbolikoagatik. Eta, oro har, zentzu emozional hori aurkituko du irakurleak Tabernaren olerki hauetan zehar.

Begiak galtzeko beldurra deritzon lehen poesia-atalari hitzaurre gisa balio diote arkanbele hitzaren hainbat forma dialektalekin osatutako olerki batek eta gaztetako oroitzapenez osatutako testu narratibo batek. Horrela, poetak begirada haurtzarora bideratzen du, pertsona eta natura bat ziren garaira. Hortik aurrera ekoizpen poetikoak jalgiko ditu nafarrak. Landa eremuari eta hango jendeei egindako omenaldia gailentzen da orrialdeotan, gurasoei eskainitako auhen-kantuetatik gerra eta gerraostea bizi izan zituztenen esperientziak kontatzeraino. Badira hemen hainbat poema narratibo eta badira ahozko literaturara gerturatzen diren beste zenbait olerki ere, errima bereziki zaintzen dutenak. Liburua banatzen duten ataletan, egoera desberdinei dagozkien izenburuen behean bildutako hainbat testu ageri badira ere, orokorrean, motiboak eta formak mantenduko dira, baita landa eremuko biztanleei eskainitako bertsoak ere.

Nolabait poesia kostunbrista gogorarazten du Tabernaren bilduma honek. Poetak bere herriari loturiko hainbat pasadizo ekartzen ditu akordura, tartean egon denaren inpresioekin, baina denboraren joanak ematen duen distantziaz, ia kanpotiko begiradaz. Eta ahots poetikoaren kokapen bikoitz honek bilakatzen du bere poesia hain indartsua, nostalgiaz begiratutako landa eremua ez baita testu guztietan idealizatzen, herri txikietan urtetan memorian geratzen diren terroreak ere kontatzen ditu poetak, lurrak zaildu duenaren ahotsez.

Memoriarena da beste ardatz nagusia testu sorta honetan. Iraganeko hainbat denbora-planok gurutzatzen dituzte poetaren hitzak: hark bizitako haurtzaroa, gaztaroko urteak edo jaio aurretiko Espainiako Gerra Zibilaren garaia. Eta plano guztiak lotzen dituzte herrietako familia-leinuek, ahots poetikoak nabari uzten du herri txikietan edonor dela norbait, hirietan ez bezala, non edozein izan daitekeen nonahiko, baina baita inongo ere. Aho biko aiztotzat agertzen da jatorria bilduma honetan, beraz, munduari samurtasun berezi batez begiratzeko makulu dena eta, aldi berean, munduan dugun lekua behin betiko markatzen duena.

Patxadaz eta behin baino gehiagotan errepikatzeko irakurketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.