Unai Pascual.
ARGI ALDIAN

Munduko aktibo natural kritikoak

2022ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Naturak pertsonei onura mota asko eskaintzen dizkie, jakina da. Baina orain arte ez zegoen informaziorik naturak ekarpen positibo horiek non eta nori eskaintzen dizkion. Aste honetan BERRIAk aditzera eman du Nature aldizkariaren Nature Ecology & Evolution atalean informazio hau sistematizatzeko lehen urrats garrantzitsua egin dela. Bi kilometro koadroko erresoluzioa kontuan hartuz, mundu mailan hamalau ekarpen ezberdinei buruzko datuak jaso eta kartografiatu ditugu lan honetan. Horietatik hamabi tokiko ekarpenak dira: hala nola elikagaien segurtasunari dagokionez, polinizatzaileen habitatak polinizazioaren mende dauden laboreen ekoizpenean duen papera; uraren segurtasunerako, ekosistemek sedimentuak atxikiz uraren kalitatearen erregulazioaren ekarpenak; edota itsas kostako itsas ekosistemen arrantzarako ekarpenak. Ekosistemek pertsonei arrisku naturalen aurkako zuzeneko babesa ematen dietenez, horiek ere kontuan hartu dira: adibidez, itsasertzeko arriskuak edo euri jasengatik uholde-arriskuak murriztea. Ekarpen materialei dagokienez, basoetatik eratorritako egurraren ekoizpena edo eta naturaguneetan ahalbidetzen den turismotik eratorritako ekarpenak ere kartografiatu ditugu. Globalak diren beste bi ekarpen kontuan hartu ditugu, eta biek dute lotura klima aldaketaren erregulazioarekin. Hamalau ekarpen mota izan dira guztira.

Naturaren hamalau ekarpen ezberdin kartografiatzeaz gain, ikerketa honetan munduko «aktibo natural kritikoak» (ANK) identifikatu ditugu. Zer da aktibo natural kritiko (AKN) bat? Natura eremu bat da, zeinek gaur egun naturak pertsonei eskaintzen dizkien hamalau ekarpen (NPE) horiek hein handi batean (%90) ziurtatzen dituen. Kritiko terminoak adierazten duena zera da: aktibo natural horiek galtzeak NPEen gaineko galera oso handiak eragingo lituzkeela. Orokorrean, lan honek funtsezko hiru gauza eskaintzen ditu, besteak beste: batetik, ANK horien hedadura eta kokapena munduko herrialde guztietan; bestetik, eremu kritiko horietaz baliatzen diren eta horietan bizi diren pertsonen kopurua; eta, azkenik, tokiko onurak eta onura globalak eskaintzen dituztenANKen arteko gainjartze-maila.

Emaitza esanguratsu batzuk aipa ditzakegu: tokiko NPEak ziurtatzeko ANKek planetaren ekosistemen hedadura osoaren %30 eta herrialdeek kontrolatzen duten itsasoaren %24 hartzen dute; klima erregulatzen duten NPEak ziurtatzeko planetaren azaleraren %44 beharko litzateke; munduko populazioaren %87k (6.400 milioi pertsona) zuzenean baliatzen ditu ANKek eskaintzen dituzten tokiko NPEak, eta munduko populazioaren %16 bakarrik bizi da ekarpen horiek ematen dituzten lur eremu horien baitan; eta ANK horiek kultura-aniztasunerako (munduko hizkuntza indigenen %96) eta biodibertsitaterako (hegaztien %73 eta ugaztunen %66) ingurune-baldintzak betetzen dituzten naturaren lur eremuekin gainjartzen dira.

Beste emaitza interesgarri bat: gaur egun babestutako eremuak kontserbazio-estrategia garrantzitsua diren arren, ANKen %15 baino ez dira. Bestetik, kritikotzat jotzen diren aktibo naturalen %80 ere kritikoak dira klima aldaketa erregulatu ahal izateko.

Halako ikerketen emaitzek ezjakintasun maila bat dute. Seguruenik, planetaren %44 baino gehiago beharko da mapeatu ditugun hamalau NPEak ziurtatzeko. Leku askotan ekosistema naturalak dagoeneko degradatuta edo eraldatuta daude, eta, beraz, gaur egungo NPEei eustea helburu txikiegia izan daiteke. Planeta zaintzeko beharra ikaragarria izanik, eskatzen duen esfortzu eta inbertsioak non lehenetsi jakiteko aukera berria eskaini digu ikerketak. Bidea egiten jarraituko dugu!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.