KRITIKA. Zinema

Haurtzaro galduaren bila

The Sisters Brothers pelikulako fotograma bat. BERRIA.
Gontzal Agote.
2019ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun

'The Sisters Brothers'

Zuzendaria: Jacques Audiard. Herrialdea: Frantzia.Iraupena: 121 minutu.

Mito(ar)en eraikitzailea izan da western generoa eta, mito guztiek bezala, gezur handi-txikien gainean egina da. Herrialde baten historia asmatzen eta sinetsarazten lagundu du; herrialde bat non basatiek tindatutako azal gorria zuten, non emakumeek oso bigarren mailako rola zuten, non (armen laguntzaz) indartsuena zenak egiten zuen aurrera...

Urte luzez hala izan da: zinematografoa, batzuen historia kolektiboaren mesedera jarrita, iruditeria eta ustezko balio batzuen zabalkunderako tresna ezinbesteko bihurtu zen. Zorionez, izan dira joera nagusi horren salbuespenak; azken hamarkadotan genero sakratua beste modu batera kontatzeko ahalegin argigarriak izan dira, horietako batzuk kalitate gorenekoak: gehiago jakin nahi duenak, hor du Deadwood telesail bikaina.

The Sisters Brothers joera deseraikitzaile horren barruan sartu behar da. Itxuraz, filmak bere egiten ditu western generoaren moldeak zein gaiak, baina hori amarru bat besterik ez da, horien gainean bihurrikeria bat ontzeko. Kameraren atzean kultura estatubatuarretik urrun sentitzen den zuzendari bat izateak zerikusi zuzena du aurreiritzirik gabeko begirada garden eta zintzo horrekin.

Izan ere, ezeren gainetik hori baita The Sisters Brothers: gardentasun ariketa bat, biluzte erabatekoa, generoaren apaingarri guztiak —urrearen bilaketa, aurrez aurreko tiroketa, gizonkeriaren mitoak...— banan-banan erantziko dituen ariketa gozagarria.

Desmitifikaziora jo duten beste filmen aldean, egitura da The Sisters Brothers guztiz desberdin egiten duena, istorioa amaieratik hasiko baita —tiroketa klasiko batetik—, eta hortik aurrera mitologiatik atzera eginen du, haur handi batzuek galdutako haurtzaroaren bilaketarekin bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.