Koronabirusa

Atzerapausoa Mendillorrin

Iruñeko auzo horretan positibo berriek etenik ez dutela ikusita, auzoko gazte guztiei PCR testak egiten hasi dira. Konfinamendu osteko bigarren faseko baldintzak ezarri dituzte auzoan, pilaketak eragozteko

Iruñeko Mendillorri auzoko institutua atondu dute gaurtik aurrera PCR probak egiteko. Atzo, gazteak ordua hartzen izan ziren. IDOIA ZABALETA / FOKU IDOIA ZABALETA / @FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2020ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
«Ematen zuen pandemia iragan zela, baina ez da horrela eta ez da horrela izango». Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak agerian jarri zuen atzo COVID-19 kasuek gorantz jarraitzen dutela, familia barruan eta, batik bat, aisialdi giroan. Kezka iturrietako bat uztailaren 11ko asteburuan Alde Zaharrean sorburua duen eta, batik bat, Mendillorriko gazteen artean eragin duen fokua da. Hura gerarazteko asmoz, Iruñeko auzo horrek atzera egingo du, bigarren fasera.

Azken 24 orduetan, 130 kasu azaleratu dira Nafarroan, eta, Indurainen arabera, horien %58 aurretik izandako kasuen kontaktuak dira. Datu ezkorrak badira ere, nabarmendu zuen kutsatzeak ikertzen dituzten lantaldeak,«oso ongi» ari direla lanean. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ere eman zuen azken kontaketaren berri: 111 positibo atzeman zituzten. Herrialdeka, aldea dago: 67 kasu Bizkaian atzeman dituzte, 37 Gipuzkoan eta zazpi Araban. Bizkaiko datuetan, erreparatzeko modukoak dira Ermukoak:beste 28 kasu atzeman dituzte herrian, eta aste osoan 121 izan dira. Bilbon ere, aste osoko datuei begira, 107 positibo izan dira.

Oraintxe bertan Nafarroan 1.300 PCR egiten dira egunean, eta %10 inguruk positibo ematen dute. Azken kasuen %80 Iruñerrikoak dira, eta bi heren, gazteak. Goranzko joerak apurka eragina du ospitaleetan, eta, Santos Indurainen arabera, hogei lagun daude egun ospitaleratuta, bat larrialdietan. Eusko Jaurlaritzako erietxeetako egoerara begiraemandako datuetan, ZIU zainketa berezien unitateetan ez da paziente gehiagorik sartu, eta ospitalera eraman behar izan dituzten gaixo berriak hiru dira.

Nafarroan, foku nagusia uztailaren 11ko asteburuan Alde Zaharrean izandako agerraldia da, eta positibo gehienak (%60) Mendillorri auzoko gazteak dira. Dagoeneko 122 kasu daude, eta, gehienak gazteak (%98) direnez, gobernuak Mendillorri auzoan PCR probak egingo dizkie 17 eta 28 urte arteko gazte auzotarrei: guztira, 2.400 dira. «Probak bigarren hezkuntzako institutuan egingo dira, eta telefono bat jarriko da txanda hartzeko. Gazteek deitu beharko dute. Borondatezkoa da», azaldu zuen Indurainek.

Nafarroako beste agerraldi batek Gipuzkoan du sorburua, Zarauzko Talai Mendi kanpinean. Uztailaren 8tik 15era han izan ziren nafarrei PCR proba egiteko telefono bat jarri zuen gobernuak, eta berrehun proba egin dituzte. Horietatik 11k positibo eman dute. Kontseilariak atzo esan zuen positiboak bakartzea oso garrantzitsua dela eta «gehienek» konpromiso hori betetzen dutela. «Dei egiten dut jarrera hori orokorra izan dadila, eta kontaktu batek hasieran negatibo emanagatik bakartuta jarraitzera». Neurri horrekin beste adin tarteetakoak kutsatzea galarazi nahi dela nabarmendu du.

Mendillorriko agerraldiari aurre egiteko, gobernuak foru agindu bat onartu du, eta auzoa bigarren fasera itzuliko da; alegia, tokietako edukierak kontrolatu egingo dira berriro. Saltokiak, tabernak eta elizak %50 beteko dira gehienez, eta terrazak %75 beteko dira gehienez. Gainera, beranduenez, gauerdirako itxi beharko dute ostatuek. Aisialdiko jarduerak baimentzen dira, baina gehienez hamabosteko taldeekin eta edukiera %50era mugatuz.

Halaber, gobernuak seigarren foru dekretua kaleratu du. Nafarroa osoan gauez lan egiten duten negozio eta egoitzek 02:00etarako itxi beharko dute; hortik aurrera ezingo da botila festarik edo bilkurarik egin. Arauzko ordutegi barruan, kanpoan zein tabernetako mahaietan, gehienez hamar pertsona elkartu daitezke. «Helburua ez da edana mugatzea, baizik eta pertsonen pilaketak eragoztea», azaldu zuen Javier Remirez gobernuko lehen presidenteordeak. Araua betetzen ez duenari isuna jarriko zaio. Ez du zehaztu zenbatekoa, baina ohartarazi du poliziek agindu berezia dutela araua betetzen ez duena zigortzeko, «arriskua eragozteko asmoz». Jaurlaritzaren izenean, Nekane Murgak, gaur emango ditu argibideak epidemiaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.