Mexiko. Azpiegitura erraldoiak. Patricia Avila. Mexikoko Unibertsitate Autonomoko antropologian doktorea

«Lan zikina estatuak egitea behar du kapital pribatuak»

Avilaren iritziz, Lopez Obradorrek ez du nahiko lukeen adinako askatasunik aldaketak egiteko; besteak beste, interes ekonomikoak «oso boteretsuak eta ilunak» direlako.

BERRIA.
arantxa elizegi egilegor
2022ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Andres Manuel Lopez Obrador presidentetzara aurkeztu zenean, harengan sinetsi zuenetako bat izan zen Patricia Avila (1964, Mexiko), baina denboraren joanak erakutsi dio elite ekonomikoaren boterea oso urrun heltzen dela,eta Mexikoko presidentearentzat berarentzat ere ezinezkoa izan dela haren atzaparretatik ihes egitea.

Nola eragiten diete azpiegitura publiko erraldoiek herri indigenei?

Azpiegitura publiko handiez ari garenean, kontuan izan behar dugu inbertsio handiko lanak direla, batzuetan ekimen pribatuaz laguntzen direnak. Horiek eragiten diete kalterik handiena herri indigenei. Horren adibide argiena Tren Maia da. Hura eraiki ahal izateko, lurrak kendu dizkiete herri indigenei, interes nazionalaren izenean. Lurrak diogunean guztia hartu behar dugu aintzat: basoak, mendiak, ura, biodibertsitatea, eta abar.

Baina Mexikoko Gobernuak dio proiektu horiek interes nazionalekoak direla. Hala balitz, non legoke herri indigenen eskubideen eta interes nazionalen arteko oreka?

Ez dago orekarik. Gobernuek finantzatzen dituzte lan handi horiek, baina irabaziak kapital pribatuarentzat dira. Alegia, inbertsioa publikoa da, interesa nazionala da, baina irabaziak pribatuak dira. Sektore ekonomiko boteretsuak izan ohi dira, interes berezia dutenak proiektu jakin batzuk aurrera egin dezaten, irabazi handiak eskuratu ahal izateko. Morelosen kasuan, esaterako, estatuak inbertsio handi bat egingo du eskualde horretan argindarra bermatzeko, eta bertara bestelako industria erakarri ahal izateko.

Tren Maiarekin ere berdin gertatzen da. Haren atzean azpijoko handi bat ezkutatzen da. Hura sustatzeko, komunikazioaz hitz egin dute, merkantzien garraioaz, egun bakartuta dauden hiriak lotzeaz, baina ez da hori bakarrik. Egitasmo horren inguruan beste proiektu txikiagoak eraiki dituzte, higiezinekin lotutakoak. Trenaren ibilbidearekin zerikusirik ez duten lurrak desjabetzen ari dira Yucatan penintsula osoan; eta gero horiek enpresa pribatuen esku uzten dituzte, turismoari lotutako negozioak zabaltzeko. Baliatzen ari dira estatuaren proiektu bat, trena, sektore pribatuari lurrak bermatzeko.

Uste duzu benetan direla interes nazionalerako proiektuak?

Ez. Lehenik eta behin, ez direlako herritarrek eskatuta egindakoak. Herri indigenek ez dute trenaren edo zentral elektrikoaren beharrik; agian bai nekazaritzako proiektu berriak garatzeko laguntzarena, baina ez azpiegitura erraldoi horiena. Beraz, ez dira dioten bezain beharrezkoak, ez behintzat herri xehearentzako; bai, aldiz, elite ekonomikoentzako. Elite horiek inbertsio ziurrak nahi dituzte; lan zikina estatuak egitea behar du kapital pribatuak.

Posible da herri indigenen eta azpiegitura horien arteko elkarbizitza?

Ezinezkoa da. Yucatanen, esaterako, hotel erraldoi eta garestiak ditugu, jendea oso baldintza prekarioetan bizi den inguruetan. Zer irtenbide izan dezakete herritarrek testuinguru horretan? Zerbitzari lanetan aritzea?

Bestetik, halako negozioak bultzatzen diren une beretik kolpetik aldatzen da bertakoek urteetan izan duten bizimodua. Adibidez, Cancungo kostaldean turistentzako itsas bidaiak jartzen hasi zirenean hasi ziren desagertzen hango arrantzaleak, bi bideek talka egiten zutelako. Ezinezkoa da elkarbizitza, batak bestea jaten duelako.

Proiektu horiek ez ziren herritarrekin elkarlanean eraiki; eliteek diseinatu zituzten. Enpresari horientzat lurraldeak xake taulak dira, non euren interesen aldeko jokaldiak egiten dituzten, eta herritarrak manipulatu daitezkeen peoi hutsak diren.

Askok jarri zuten itxaropena Lopez Obradorrengan, baina hark ez du espero bezalako aldaketarik ekarri, ez behintzat arlo ekonomikoan.

Aurreko gobernu guztiek ere gauza bera egin dute, hau da, egitasmo jakin batzuk bultzatu dituzte eliteen intereserako. Horrek berekin ekarri ditu sufrimendua, eskubide urraketak eta ingurumenari kalte egitea. Askok beste zerbait espero zuten gobernu berriarengandik, bestelako jokabide bat.

Egia da Lopez Obradorren gobernua kontraesanez betea dela. Hark dio ez dela gobernu neoliberal bat, herrialdea beste era batera kudeatu nahi duela, eta justizia soziala bultzatu. Jende askok babestu egin zuen diskurtso ideologiko hura, ustelkeriaren aurka egiten zuelako, eta txiroenei lehentasuna ematen zielako, sektore pribatua baztertuz.

Kontuan izan behar da 1980ko hamarkadan murriztu egin zutela gastu soziala, eta horrek ondorioak izan zituen hezkuntzan eta osasun zerbitzuetan; desegin egin zituzten ondasun publikoak, eta indartu egin zuten sektore pribatua. Horrek guztiak oso egoera txarrean utzi zuen herrialdea. Orduan heldu zen Lopez Obradorren gobernua.

Kontua da harekin ez zela aldaketarik egon alor ekonomikoan, baina bai politikoan eta sozialean.

Aldiz, ekonomiari dagokionez, estatu kapitalista bat da orain ere Mexiko, eta sektore pribatuak indartsu jarraitzen du, eta, beraz, Lopez Obradorrek ez du nahiko lukeen adinako askatasunik aldaketak egiteko.

Hori bera gertatzen da trenarekin?

Bai. Egitasmo hori sortu zen gobernuaren eta eliteen arteko akordio baten ondorioz. Eliteek behar zuten gobernuak inbertsio hori egitea, eurak irabaziak bermatu ahal izateko. Beraz, azpiegitura proiektu bat izatetik, lurralde proiektu bat izatera igaro zen trena, ahalbidetu duena lur eremu handiak desjabetu ahal izatea, gero horiek enpresen eskuuzteko. Hori dela eta, gobernuak iragarri du egitasmoa martxan egongo dela 2023rako, baina ez du hari buruzko informazio zehatzik eman, argudiatuta informazio estrategikoa dela. Esaterako, ez dute esan publikoki zenbat lur desjabetu duten, ezta ere horietan zer egingo duten.

Kontsultak eurak ere ez dituzte egin behar bezala. Pandemia betean egin zuten trenari buruzko galdeketa, eta herritarrei informazio osatua eman gabe; mexikar estiloan. Ez hori bakarrik. Oraindik ingurumen ikerketarik egin ez zenean, gobernuak berak hasiera eman zion proiektuari lehen harria jarriz. Eta azken puntua da Tren Maiaren lanak egiten ari dena armada dela bera. Non ikusi da halakorik? Bada, Mexikon gertatzen ari da. Modu horretan gobernuak ziurtatzen du ez dela lanen aurkako matxinadarik izango.

Bestelako segurtasun neurriak ere hartu ditu Lopez Obradorrek bere proiektuak aurrera atera daitezen.

Bai. Azaro amaieran onartutako dekretuaren arabera, gobernu federalak estrategikotzat jotako proiektuei buruzko informazioa ezkutuan mantendu dezake, hau da, herritarrek ez dute zertan hari buruzko daturik jakin, nahiz eta zuzenean eragin. Bestetik, behin baimenak tramitatuta astebetean erantzunik ez bada, ontzat eman dituztela ulertuko du gobernuak.

Aitortu beharra dago lehen ere egiten zela hori, baina ordu hartan ezkutuan-edo egiten zuten; orain ofizial bilakatu dute.

Iruzur bat izan da orduan Lopez Obradorren kanpaina?

Ez nuke horrenbeste esango. Litekeena da berak asmo onak izatea kanpainan sartu zenean, baina Mexikon interes ekonomikoak horren boteretsuak eta ilunak dira hura ere harrapatu egin dutela. Horregatik dira hain kontraesankorrak bere proposamenak, ez daukalako mugimendu handiak egiteko tarterik. Onartu behar zaio, esaterako, ondo kudeatu duela pandemia, eta politika sozial interesgarriak bultzatu dituela; baina beste alde batetik, egitasmo ekonomiko handiak inposatu ditu, lurralde politikak nahieran aldatu ditu, eta herri indigenen eskubideak zapaldu ditu.

Halako egoera batean, zer irtenbide dute herri indigenek?

Tren Maiaren kasuan, eta beste guztietan, egitasmoek aurrera egingo dute komunitateek euren buruak antolatzen ez dituzten bitartean; eta hori gertatzen bada, ingurumenarekiko duten jakintza galduz joango da, nekazaritzarekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.