Etxebizitza larrialdia. Testigantzak

«Ostatuan, bahituta legez sentitzen naiz batzuetan»

Mari Carmen Rey. Iazko irailaren 10ean etxetik kaleratu zuten, han alokairuan 2012tik bizi ostean; zazpi hilabete daramatza Bilboko ostatu batean.

Mari Carmen Rey, AZETek okupatutako Arrakala auzo etxean. BERRIA.
gotzon hermosilla
Bilbo
2021eko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Mari Carmen Rey Taboada (Bilbo, 1951) beste lagun batekin bizi zen Bilbon, alokatutako pisu batean, 2012tik. Jabearekin akordio batera iritsi ziren: bien artean 600 euro ordainduko zioten hilean, baina bakoitzak alokairu kontratu independentea izango zuen, 300 eurokoa. Osasun arazoen ondorioz, bizikidea ospitaleratu egin zuten, eta Rey bakarrik gelditu zen etxean. Baina orduan, jabearen semeak eskatu zion hilean alokairu osoa, hau da, 600 euroak ordaintzeko. Reyk uko egin zion, alde batetik, bere kontratuan 300 euro pagatu behar zuela zehazten zelako, eta, beste aldetik, ezin zuelako: kobratzen duen pentsio urriak ez zion horretarako biderik ematen.

Auzibidea luzea eta bihurria izan zen, gorabeherez betea. Behinola, kaleratzeko data jarri zioten, baina egun hartan han ez zen inor agertu, erabakia atzeratu egin zelako: «Alde egin beharko nuela pentsatuta, nik ordurako etenda neukan argindarraren zerbitzua. Hurrengo egunetan han egon nintzen, negu minean eta argindarrik gabe». Iazko martxoaren erdialderako jarri zioten hurrengo data; COVID-19aren pandemiaren ondorioz konfinamendua iritsi zen, eta erabakia berriro utzi zuten indarrik gabe.

Atzerapen eta gorabehera askoren ostean, iazko irailaren 8an jakinarazi zioten Reyri bi egun geroago botako zutela etxetik. Antza denez, epaileak aste batzuk lehenago esan zion Bilboko Udalari kaleratzea aginduko zuela, baina Reyri inork ez zion ezer azaldu egun hartara arte.

«Etxegabetzearen bezperan desesperaturik nengoen, Mesedeetako zubiko eskaileretan eserita, zer egin ez nekiela», ekarri du gogora. «Eta han jesarrita nengoela, AZETen kartel bat ikusi nuen. Han agertzen zen telefono zenbakira deitzea erabaki nuen».

Irailaren 10ean, etxegabetzearen egunean, auzokide ugari batu zen Reyren atariaren inguruan, AZET Alde Zaharreko Etxebizitza Taldeak deituta, eta zenbait orduz eutsi zioten kaleratze saialdiari. Reyk hunkituta gogoratu du egun bakar batean antolatutako elkartasun adierazpen hura: «Orduko indar, batasun eta eskuzabaltasun hura ez dut erraz ahaztuko. Zazpi hilabete igaro dira, eta oraindik barru-barruan daramat».

Geroztik, ostatu batean bizi da Rey, eta auzia «geldirik» dagoela salatu du. Gizarte zerbitzuak tematzen dira Reyk askotan baztertu dituen irtenbideak proposatzen: aterpetxera joatea, edo zahar etxe batera, edo, bestela, tutoretzako etxebizitza batera joatea; azken aukera horren alde eginez gero, diru sarreren %75 han utzi beharko lituzke.

Reyk dioenez, instituzioek eskaintzen dizkioten aukera guztietan bere autonomiari uko egin beharko lioke. «Ni neure kabuz baliatzen naiz, ez dut zahar etxerik edo tutoretzarik behar. Etxebizitza duin bat da nahi dudan gauza bakarra, hori izan baitzen kaleratzearen egunean gizarte zerbitzuek agindu zidatena. Ez dut nahi inork musu truk etxerik ematea; prest nago nire diru sarrera urriekin alokairua ordaintzeko. Baina, jakina, ezin dut hilean 700 euro ordaindu. Alokairu sozial bat behar dut».

AZETeko kideek kutsu sexista ere ikusten diete instituzioen proposamenei: diotenez, adin eta egoera bereko gizonezko bati ez liokete eskainiko zahar etxe batera edo tutoretzako egoitza batera joatea.

Intimitaterik ez

Ostatuan, Reyk badu ohea eta sabaia. Baina ezer gutxi gehiago: ostatua ez da etxea. «Ez daukat giltzarik, eta, beraz, sartu behar dudan bakoitzean txirrinari sakatu behar diot. Igogailua ere ezin dut nire kasa erabili, harrerakoek igo eta jaitsarazten dute. Ez daukat intimitaterik: han badakite noiz sartu eta noiz irteten naizen. Sukalderik ere ez dut: udal jantokira joaten naiz bazkaltzera, baina diabetikoa naiz, eta hango janariak ez dit onik egiten. Gela soil hartan ezin dut bizimodu arrunt eta duinik izan. Ez daukat bizitzarik. Ostatuan, bahituta legez sentitzen naiz batzuetan».

AZETekoek argi dute zein den irtenbidea: Bilboko Udaleko gizarte zerbitzuek txosten bat egitea eta Reyren zaurgarritasun egoera aitortzea, alokairu sozialeko etxe baterako sarbidea izan dezan. Haien ustez, auziak ez luke aparteko arazorik izan behar, begien bistakoa delako emakumea egoera hauskorrean eta bazterketa sozialean erortzeko arriskuan dagoela. Baina txostena ez da iristen.

Bitartean, Mari Carmen Reyk beste zeregin bat topatu du: AZETeko gainerako kideekin batera etxebizitza eskubidearen alde lan egitea. Duela astebete, kaleratzeen kontrako manifestazio baten ostean, taldeko kideek hutsik zegoen gune bat okupatu zuten Bilboko Unamuno plazan. Arrakala izena jarri diote han ireki nahi duten auzo etxeari. Geroztik, han dago Rey, AZETeko gainerako kideekin batera lokala garbitzen eta gauzak antolatzen.

«Ni AZETeko kidea naiz hemen oso jende jatorra aurkitu dudalako, baina, batez ere, honetan sinesten dudalako. Nire arazoa konpondu ala ez, nik jarraituko dut hemen lanean, batzarretan eta manifestazioetan. Gure hurrengo erronka da hiru ume txiki dituen kide baten kaleratzea gelditzea. Maiatzaren 13an bota nahi dituzte etxetik: ez dago eskubiderik», berretsi du. Ez da bakarra izango: maiatzerako, lau kaleratzeren berri eman du AZETek sare sozialetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.