'All Dirt Roads Tasteof Salt'
Zuzendaria: Raven Jackson. Aktoreak: Charleen McClure, Reginald Helms, Moses Ingram, Zainab Jah. Herrialdeak: AEB. Iraupena: 97 minutu.Poesia zinemara eraman du Raven Jackson Tennesseeko (AEB) zinemagile, poeta eta argazkilariak bere lehen film luzean. Izenburuak All Dirt Roads Taste of Salt dio, hau da, Lurrezko bide guztiek gatz zaporea dute. Kontuan hartuz ingelesezko izenburu asko beste hizkuntza batzuetan nolanahi itzultzen dituztela, filma euskaratu beharko balitz, Kirmen Uribek 2007. urtean argitaratu zuen olerki liburua erabiltzea izango litzateke aukera bat: Bitartean heldu eskutik.
Eskuek indar bisual izugarria baitute filmean. Pertsonaien—guztiak beltzak— eskuak gerturatuz doaz. Eta eskutik heltzean, bada hor indarrez betetako keinu sentitu bat.
Erritmo pausatua du Jacksonen filmak. Hitz gutxikoa da. Baina hitz guztiak daude behar den moduan neurtuak. Filma egiteko prozesuan lan eta ahalegin handia egon dela nabari da —aipatzekoa da proiektua 2020ko Ikusmira Berriak egitasmoan garatu zuela Jacksonek, gidoiak lerro batzuk baino ez zituenean—.
Ez da asko kontatzen filmean. Bada heriotza bat, eta jaiotza bat ere bai. Tartean, badira elipsiak, badira denbora jauziak —aurrera eta atzera—. Eta argi esan daiteke zinemagileak ez diola dena murtxikatua eman nahi izan ikusleari. Neurri handi batean, ikusleak berak eraiki behar du irudietan agertzen zaizkion pertsonaien istorioa, bakoitzak bere modura.
Apartekoak dira filmeko argazkilaritza eta soinua. Planoei eutsi egiten die zuzendariak, irudiek nortasun propioa hartzeraino. Bestalde, naturako soinu batzuen presentzia ondo uztartzen da ikusten denarekin: kilkerren hotsa, txorien kantuak eta zaparrada gogorren soinua, besteak beste.
Zinema areto ilun batera sartu eta All Dirt Roads Taste of Salt obran murgiltzea giza esperientzia bat da bere hartan. Pantaila txiki batean ez luke eragin bera izango. Zinema jaialdietarako film horietako bat delako, akaso, Jacksonen opera prima.