Albistea entzun

ARGI ALDIAN

Heste-flora eta odol-talde aldaketa

Izortze Santin - EHUko irakaslea eta Biocruceseko ikertzailea

2019ko ekainak 21

Egunero, mundu osoko ospitaleetan odol-emaileek emandako milioika litro odol erabiltzen dira ebakuntzetan, emergentzietan eta bestelako prozedura medikoetan. Erraza dirudien arren, odol-hartzaileek ezin dute edozein odol-taldeko odola jaso, eta hartzailearen eta emandako odolaren arteko bateragarritasuna egotea derrigorrezkoa da, errefusa gerta ez dadin.

Azken urteetan ikertzaileek esfortzu handiak egin dituzte, A eta B taldeetako odolak emaile unibertsala den O- taldera eraldatzeko. Horretarako, A eta B taldeetako odoleko globulu gorrien gainazalean dauden azukre molekulak (antigenoak) ezabatzen saiatu dira. Aspalditik ezagutzen da globulu gorrien gainazalean antigeno bat edo beste jartzeaz arduratzen den entzima, eta saiakera anitz egin dira entzima hori beste molekula batzuen bidez inhibitzeko, baina egindako esperimentuek ez dute orain arte emaitza arrakastatsurik ekarri.

Orain, Kanadako British Columbia Unibertsitateko ikertzaile talde batek ikusi du giza hesteetan bizi den bakterio batetik erauzitako entzima batek A eta B taldeetako odolak O- taldera eralda ditzakeela. Taldeko ikertzaile nagusiaren aburuz, entzima hori erabilita garatu duten metodologia orain arte globulu gorrietatik A eta B taldeetako antigenoak kentzeko erabili izan diren teknikak baino 30 aldiz eraginkorragoa da, eta, ondorioz, edozein pertsonak jaso dezakeen O- taldeko odol horniketa nabarmen handitu daiteke oso modu errazean. Teknika honen garapena bereziki garrantzitsua litzateke urrutiko komunitateetan, emergentzia egoeretan eta gatazka armatuetan, non unibertsala den odolaren horniketa ezinbestekoa den.

Entzima hori identifikatzeko, metagenomikako teknikak erabili dituzte ikertzaileek; hau da, lagin batean —kasu honetan giza-gorozkietan— dauden milioika mikroorganismoen DNA sekuentzien analisia egin dute. Sekuentzia horietan azukre molekulak apurtzeko gaitasuna duten entzimen sekuentziak bilatu dituzte, eta heste-flora osatzen duten zenbait bakterioren DNAn hainbat entzima hautagai identifikatu. Giza gorozkien metagenomika egitearen hautua ez zen zorizkoa izan; izan ere, ikertzaileek bazekiten hesteetako paretetan odol zeluletako A eta B antigenoen berdinak diren azukre-molekulak dituzten proteina glikosilatu ugari daudela. Gainera, heste-florako bakterio ugarik hesteetako azukre-molekula horiek liseritzeko gaitasuna dutela bazekiten ere.

Behin entzima hautagaiak identifikatuta, laborategian ekoiztu zituzten, eta A eta B taldeetako odolekin kontaktuan jartzean entzima horiek globulu gorrietako odol antigenoak liseritzeko gaitasuna zutela ikusi zuten.

Bartzelonako Clínic Ospitaleko Hemoterapia Zerbitzuko zuzendaria den Miquel Lozanaren iritziz, aurkikuntza honek praktika klinikorako potentzial handia dauka, odol-transfusiorako poltsetan entzima hau gehitzeak odol-taldea kontuan izan gabe edozein pertsonari transfusio bat egitea ahalbidetuko bailuke.

Orain arte egindako probak in vitro direla kontuan izanda, ikusi beharko da ea gizakietan erabili eta praktika klinikora eraman daitekeen.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

«Donostian inauteriak San Sebastian egunean hasten ziren»

Amaia Jimenez Larrea

XIX. mendean Donostiako inauteriak nolakoak ziren azaltzen duen liburu bat atera du Juan Antonio Anterok. 16 urte zituenean izan zuen lehen harremana inauteriekin, eta geroztik ez ditu alde batera utzi.
1 ©GOTZON ARANBURU / FOKU

Udaberriak ekarri duen soinua

Itsaso Jauregi

Inauterietako eguna ospatu dute Iturenen, eta joaldunek eta mozorroek hartu dituzte herriko kaleak. Tradizioari jarraituz, zubietarren eta aurtiztarren joareak elkartu ziren atzo; gaur, iturendarrek bisita itzuliko diete.
Mikel Pagadizabalek Miren Nogalesekin batera aurkeztuko du <em>Herri txiki, infernu handi</em>-ren denboraldi berria. ©ORIO P.

Miren Nogales izango da 'Herri txiki'-ko aurkezle berria

Urtzi Urkizu

ETB1eko saioak igandean hasiko du bederatzigarren denboraldia. Nogalesek beteko du Zuhaitz Gurrutxagak utzitako tokia

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...