Koronabirusa

Hiru dositan hamaika gako

Noiz har daiteke hirugarren dosia? Noiz arte itxaron behar dute kutsatu direnek? Indartze dosirik ezean, ziurtagiria iraungiko da? Hirugarren dosia orokortzeak eta izurriari aurre egiteko onetsitako protokolo berriek zalantzak eragin dituzte.

Osakidetzako langile bat txertoa jartzen. GORKA RUBIO/ FOKU.
Ion Orzaiz.
2022ko otsailaren 1a
00:00
Entzun

COVID-19aren aurkako txertoaren hirugarren dosia orokortzeak eta, batez ere, indartze dosi hori noiz jarri behar den ebazteko erakunde eta adituen artean piztutako eztabaidak galdera ugari eragin dituzte. Hona hemen ohikoenak, eta horien gainean dagoen informazioa.

 

Hirugarren dosia hartu behar al da?

Osasunaren eta babes immunitarioaren ikuspuntutik, COVID-19aren aurkako egungo txertoen hirugarren dosia oso gomendagarria da immunitate sistema ahuldua edo immunoeskasia dutenentzat. Are: kasu horietan, hirugarren zizta ez litzateke «indartze» dosi bat, oinarrizko txertaketa pautaren parte baizik. Immunitate sistema osasuntsu dutenen kasuan, ordea, pauta osoa ezarria dago bi dositan, horrek COVID-19 larriaren eta heriotzaren aurkako babes egokia eskaintzen duelakoan. Hala ere, hirugarren dosia hartzea gomendatzen zaie 18 urtetik gorako guztiei, onura apalagoa izanda ere. Euskal Herrian, 18 urtetik gorako guztiek jar dezakete. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan azarotik libre da indartze dosia hartzea; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, lehengo hilean eman zieten aukera 18-29 urte artekoei; Nafarroan gaurtik dute era.

Pauta osoa egokia bada, zertarako indartzea?

Gaur egungo txertoak ez dira esterilizatzaileak —oso eraginkorrak dira gaitzaren sintoma larrienei aurre egiteko, baina ez dute kutsatzea eragozten—, eta ematen duten babesa ez da behin betikoa: apalduz doa denborarekin. Pauta osoari esker, SARS-CoV-2ari aurre egiteko antigorputzak sortzen ditu organismoak, baina horiek galdu egiten dira azken dosia hartu eta zenbait hilabetera. Hala ere, txertoek eskaintzen duten babesa ez da antigorputzetara mugatzen: immunitate zelularrari esker, giza gorputza gai da birusari aurre egiteko eta, kutsatu arren, gaitz larria eragozteko. Hortaz, zer eskaintzen du hirugarren dosi batek? Infekzioaren aurkako babes gehigarria. Antigorputz gehiagorekin, infekzioaren aurkako defentsa indartzen da denbora batez, eta horrek lagundu dezake izurriaren transmisio komunitarioa neurri batean apaltzen, seigarren olatua igaro artean.

Zein da alde txarra?

Auzietako bat etikoa da. Eztabaidagarria da herrialde aberatsetan dosi gehigarriak orokortu izana, munduko beste toki askotan lehen dosia hartzeko aukerarik izan ez badute. Eta pandemia bukatzeko estrategiari dagokionez, OME Osasunaren Mundu Erakundeak esana du eraginkorragoa litzatekeela txertoak era ekitatiboan banatzea.

Noiz har daiteke?

Oro har, bigarren dosia hartu zutenetik bost hilabetera ari zaizkie hirugarrena jartzen Pfizer edo Modernaren txertoekin ziztatutakoei. Janssenekin (dosi bakarra) edo AstraZenecarekin (bi dosi) txertatu zirenei, ordea, hiru hilabetera jartzea da irizpidea.

COVID-19a pasa ostean, noiz jar daiteke dosia?

Lehen edo bigarren dosiaren aurretik koronabirusarekin kutsatu zirenen kasuan, ez dago alderik: hirugarren dosia har dezakete bigarrenetik bost hilabetera —hiru hilabetera, Janssen edo AstraZenecarekin txertatu baziren—. Ordea, txertoaren pauta osoa hartu ostean gaitza pasatu dutenentzat (Gabonetan kutsatutakoak, kasurako), beste jarraibide batzuk eman ditu Espainiako Osasun Batzordeak: hirugarren dosia hartzeko aukera emanen diete sendatu zirenetik hilabete bat igaro bada. Halere, bost hilabete itxarotea gomendatu dute, immunitate maila apaltzen hasi arte.

Bost hilabete? Ez al ziren lau aste?

Bai, irizpidea aldatu dute. Urtarril hasieran, infekziotik lau astera txertatzea aholkatu zuen Espainiako Osasun Batzordeak, baina erabaki horrek kalapita sortu zuen hainbat zientzialariren artean. Ez zioten zentzurik ikusten, txertoaren lehen bi dosiak hartuta gaitza pasatu berri dutenen immunitate maila oso handia delako zenbait hilabetez. Hori dela eta, epea luzatzea erabaki zuten, babes hori apaltzen hasi arte. Hala ere, infekziotik lau astera txertatzeko aukera zabalik da oraindik.

Gaitza pasatu eta lau astera txertatuta, zer?

Ez da ezer gertatzen. Dosien arteko denbora luzatzea gomendatu dute eraginkortasuna handitzeko, baina gutxiago itxoiteak ez du albo ondoriorik edo arriskurik.

Eta kutsatuta txertoa hartuta, zer?

Osasun erakundeen gomendioa da, txertoaren edozein dosi hartu aurretik, infekziorik ez dagoela ziurtatzea. Hala ere, sintomarik ez duen norbaiti txertoa jarriko baliote gaitza duela jakin gabe, ez litzateke ezer gertatuko (txertoa jarri osteko ohiko ondoezaz gain). Are: honezkero, litekeena da jende askori gertatu izana.

Ziurtagiria iraungi daiteke dosirik gabe?

Bai, eta hori arazo bat da. Europako Batzordeak ebatzitakoaren arabera, COVID ziurtagiriak bederatzi hilabeteko iraupena dauka, pauta osoa (lehen bi dosiak) jarri zenetik zenbatzen hasita.

Zer aukera dago, hortaz, ziurtagiria berritzeko?

Ofizialki, hiru bide daude: txertoaren hirugarren dosia jartzea, proba diagnostiko negatibo bat aurkeztea edo positibo eman zenetik 180 egun baino gutxiago igaro direla ziurtatzen duen sendagiri bat tramitatzea. Zein da arazoa? Bada, gaur egun, ia ezinezkoa dela txertoa ez den beste edozein bidetik jotzea, Osakidetzak eta Osasunbideak ez dutelako PCR probarik egiten, pazienteak ez badu sintoma larririk edo arrisku faktorerik. Sendatu izanaren ziurtagiria tramitatzeko ere, ezinbestekoa da PCR bat, baina Hego Euskal Herriko osasun zerbitzuek antigeno testak egiten dituzte. Ipar Euskal Herrian urtarrilaren 24tik indarrean da txertatze ziurtagiria, eta osasun ziurtagiria ordezkatu du leku gehienetan.

Eta hirugarren dosiaren ostean zer, laugarrena?

Ez dago jakiterik, baina, zientziaren ikuspegitik, ez dago halako erabaki bat justifikatuko lukeen arrazoirik. EMA Europako Sendagaien Agentziako Txertoen Estrategiarako zuzendari Marco Cavalerik esan du datozen hilabeteetarako estrategia «definitu gabe» dagoela, baina ez dutela argi indartze dosiak ziztatzen segitzeko aukera: «Luzera, ez da jasangarria». Sektore zaurgarriei jarriko dizkiete dosi gehiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.