Koronabirusa. Eragina ekonomian

Erreskate funtsa, berriro mahai gainean

Krisiaren fakturari aurre egiteko neurri bateratuak aztertuko dituzte EBko gobernuburuek, bihar. 'Koronabonuak' jaulkitzeko aukera baztertu du Alemaniak, «iraganean baztertutako ideia» baitira

Kaleak hutsik, atzo, Veronan. FILIPPO VENEZIA / EFE.
Iker Aranburu.
2020ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Koronabirusaren krisia beste proba bat da eurogunearen barne elkartasunarentzat. Gai izango dira euroa partekatzen duten hemeretzi estatu kideak guzti-guztiei eragiten dien shock bati erantzun bateratua emateko? Erantzuna argiago ikusiko da bihar, gobernuetako buruek egingo duten goi bilera telematikoan. Oraingoz ikusi denaren arabera, bide motza izan dezakete koronabonuek, hau da, EBko edo euroguneko kide guztien izenean jaulkitako bonuek. Aukera gehiago du, ordea, ESM erreskate funtsaren bitartez finantzatzea merkatuetan zailtasunak izan ditzaketen herrialdeak.

Biharko bilerara begira proposamenak lantzeko mintzatu ziren atzo arratsaldean Finantza ministroak, eurotaldean. Mario Centeno talde horretako buruak azaldu zuenez, «babes zabala» jaso zuen ESMk finantzaketa lerro berezi bat zabaltzeko proposamenak. Gehienez jota, estatukide baten BPGaren %2 utzi ahal izango luke, «baldintzekin». Lanketa gehiago behar du proposamenak.

Zorraren krisiari aurre egiteko sortu zuten ESM, eta 410.000 milioi euro ditu gastatu gabe. Berez, sistema horrek baditu antzekotasunak koronabonuekin:ESMk merkatuetara jo behar du diru horren bila, eta, eurogune osoaren bermea duenez, merke finantza daiteke. Aldeetako bat da ESMren dirua jasotzen duen estatuak haren zaintzapean geratu behar duela, eta halakorik ez dute nahi Italiak eta Espainiak.

Finantzaketa merkea

Bileraren aurretik, koronabonuak guztiz baztertu zituen Alemaniako Ekonomia ministro Peter Altmaierrek: «Prest gaude zorraren beste krisi bat eragozteko. Baina zuhur hartu behar ditugu ustez zoragarriak diren kontzeptuak, iraganean baztertutako ideien itzulera baitira». Iaz arte Altmaierrekin gobernuan egondako batek, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko oraingo presidenteak, esan zuen joan den astean ez zituela koronabonuak baztertzen, eta haien alde mintzatu dira Espainiako eta Frantziako gobernuak.

Lehen aldiz 2014az geroztik, Alemaniak defizita onartuko du aurten koronabirusak sortutako kalteak ordaintzeko. Jaulkitzen ari den zor berria harrera ona jasotzen ari da: atzo 2.893 milioi euro lortu zituen merkatuan, eta%0,65eko interes negatiboarekin. Hau da, interesak ordaindu beharrean, zorra erosten diotenek ordaindu egin beharko diotela.

Baina abantaila hori ez dute beste estatuek. Italiaren eta Espainiaren arrisku sariek gora egin zuten nabarmen joan den astean —zorra garestitu zitzaien—, eta soilik jaitsi ziren EBZk iragarri zuenean 750.000 milioi euro gehiago jarriko dituela zor publikoa eta pribatua erosteko. Edonola ere, ez da baztertu behar merkatuak berriro urduritzea eta interes tasa oso handiak eskatzea zorraren truke. Espainiaren arrisku saria, esaterako, 107 puntutik 121era igo zen atzo. Egonkor dago Italiarena, 194 puntuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.