EGUZKI EPELEAN

Euskara (gutxiegi) inposatzen da

Diego Pallés Lapuente -

2019ko abuztuak 29
Eskolak ez zidan euskaraz ondo irakatsi; egia esan, nahiko maila penagarriarekin atera nintzen hainbeste urte bertan eman eta gero. Euskal kulturari dagokionez, beste horrenbeste: Sarrionandia eta Atxaga izeneko pertsona batzuk hor nonbait dabiltzala ikasi nuen, Bilintx triste bizi omen zela eta kitto. Ez dut ezer gehiagorik gogoratzen. Alabaina, orain miresgarritzat daukadan gauza bat ondo baino hobeto lortu zuen: ingelesa eta gaztelania bezala, euskara hizkuntza osoa dela irakatsi zidan. Alegia, edozer gauza adieraz daitekeela hizkuntza honetan, edozein sentimendu, emozio edo kimika nuklearrari buruzko iritzi. Normala, ezta?

Bada, eskolan ikasitako euskara trakets horrekin, formala nahiz informala, ibili naiz azken urteotan. Espero bezala, lagun askok aipatu didate nire mintzaera ez zaiela erabat naturala iruditzen, baina horren arrazoia ez da espero nuena. Erdaraz sei urterekin ikasten hasi ziren horiek leporatzen didate ez dudala erdara nahikorik tartekatzen nire solasean. Are gehiago, ez dudala erdararik erabiltzen euskaraz ari naizenean. Ez pentsa efikaz, afrus edo kozinatu bezalako euskal berben kontra nagoenik. Kontua da ohartu barik, eskolan irakatsi zidaten bezala, haserrealdiak, mozkorraldiak, poz eztandak eta baldintza perpausak euskaraz adierazteko ohitura daukadala, beste hizkuntzarik makulu izan gabe. Berri-berria zait nahasketaren kontu hori, eta, ingelesa eta euskara nahasteko ez ohiturarik ez beharrik ez dudan bezala, hala gertatzen zait gaztelania eta euskararekin ere.

Ondo dakit, halere, ni ez bezala bizitza osoan elebidun aktibo izan den jendeari erabat arrunta zaiola hizkuntzak nahastea. Joera hori munduko bazter guztietan ikus daiteke. Nahasketa ez, baizik eta ordezkapena iruditzen zait kezkagarri, nire inguruko euskaldun zahar euskaltzale batzuk ez baitira gai zenbait oinarrizko eta bat-bateko emozio adierazteko, kasurako. Bizitzako esparru batzuetatik ama hizkuntza erbesteratu dute, oztopo bihurtu zaie. Ezinegon handia sortzen dit ideia horrek. Dena den, ez da erabaki kontzienterik izan gehienetan. Pier Paolo Pasolinik zioen bezala, Italiar penintsulako herriak bortxaz batzea lortu zuten aspaldian, baina masa-kultura iritsi arte ezin izan zituzten bertako kulturak suntsitu eta homogeneizatu, italiar delako hizkuntza ezarriz. Kontsumismoak kultura adierazpen guztiak kontrolatu nahi ditu, baina antzinako estatu autoritarioek ez bezala, geure esparru intimoetan sartzeko gaitasuna garatu du, erdal kultura berri bat zabalduz.

Euskarazko kultura adierazpenak —musika, prentsa, komikigintza...— euskara hutsean bizitzeko ezinbesteko arnasgune direla iruditzen zait. Horietan, euskal hiztun integrala izatea inposatzen da, hartzaile pasiboei ere bai. Baina zergatik ez aktiboki ere parte hartu, sortu, adierazi? Gorka Urbizuk astindu ninduen oihu bat bota zuen Kobetamendiko kontzertuaren amaieran: «Gure hizkuntzak entzule aktiboak behar ditu». Ez dadila haria eten!

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna