Albistea entzun

EGUZKI EPELEAN

Beldur generizatua

Saioa Alkaiza Guallar -

2019ko abuztuak 16

Donostiako Piratek 11 sexu erasoren berri izan zuten 24 orduan baino gutxiagoan. 24 ordu, 11 eraso, dakigunez: nazkagarria da (eta icebergaren punta baino ez). Betikoa da, gainera. Sartu emakumea hitza BERRIAko bilatzailean, eta irakurri izenburuak: «Bi emakumeren gorpuak aurkitu dituzte; Gizon bat atxilotu dute emakume bati ukituak [...]; Emakume batek sexu eraso salatu du...». Sartu gizon hitza bilatzailean, eta ikusi, zer gertatzen den: «Bi gizon atxilotu dituzte sexu eraso bana leporatuta; Gizon bat atxilotu dute ukituak egiteagatik; Gizon bat atxilotua, andre bat korderik gabe uzteagatik [...]». Berdin du zenbat zutabe idazten diren, sekula ez baita nahikoa izango egoeraren gordina islatzeko. Beldurra da haien kontrol mekanismoa; askatasuna, guri ebatsitakoa.

«Emakume askorentzat, beldurraren esperientziak, bere handitasun eta boterearekin, zehatza den hori gailentzen du, eraso sexistaren balizko gertaerak elikatua baita», idatzi zuen Teresa del Vallek orain hogei urte, erasoarekiko beldurrak emakume sozializazioan zuen garrantzia agerian utziz, ez baita soilik inork eraso egitea, baizik eta eraso egin diezazuketela jakitea, abstraktuarekiko ikara da, konkreziorik ezaren mamuarekiko panikoa. Ustezko eraso baten atarian bizitzea da, horrek dakarrenarekin, balizko egoeretan zer eginen zenukeen pentsatuz, salbuespenezko etxera buelta etengabeetan. Nik kaputxa janzten dut, eta mutil batekin nahas nazaten desiratu, atzetik norbait etortzekotan, bidea errazagoa izango delakoan. Nire lagun askok giltzak daramatzate hatz artean eta ukabila gogor itxita, beste batzuek sakelakoa ateratzen dute, dei imajinarioak egiteko; badira etxera bakarrik bueltatzen ez direnak ere. Badira etxera abiatu, eta inoiz iristen ez direnak. Erraietan daramagu gorputzean sartu diguzuen beldurra.

Ez da kasualitatea: «Beldurra ezinbesteko elementua da emakumeen sozializazioan, argi eta garbi denboraren eta espazioaren kudeaketa mugatzen duena, bizitzen kontrolaren gaineko erretorika oso bat osatzearekin batera. [...] Beldurra emakumeari loturiko zerbait da». Mari Luz Estebanena da hausnarra. Kontrol mekanismo bat da beldurra, engranaje patriarkalaren beste parte bat; urratsak neurtzera bultzatzen zaituen ikara, berdin txosnetan zein diskotekan, kale batzuk atzean uztera bultzatzen zaituena, arropa, ibilkera eta keinukera pentsatzera zaramatzana. Gorputz egiten da zugan.

Zenbat «Ez zaitez etxera bakarrik bueltatu» entzun ditzake neskatiko batek bere bizitzan? Zenbat, «Kontuz ibili»? Zenbat neke eta estrategia mental kartografiatu ditzake bide argiztatuena bilatuz, bueltarako ordu aproposena zein izango ote den neurtuz? Zenbat ordu galarazi dizkigute? Zenbat nekatzen dute alde bakarreko prebentzio neurriek? Su-etenik ez al da gudaren alde honetan?

Bake faltsuaren garaiotan, beldur generizatua sentitzen dugu; heziketa prozesuan tatuatu digutena. Kontua da zapalkuntzak altxamendua sortzen duela ezinbestean, eta beldurra sentitzera ere ohitzen dela bat, eta, orduan, orduan erantzuna dator. Orduan, trafikoa moztuko dute Bilbon, zubitik zintzilik; orduan, Beldurra aldez aldatuko dugu eta Erasorik ez, erantzunik gabe oihukatu dugu manifestazioetan; eta batzuk kezkatuago azaldu dira alde hori zein ote den jakin nahian, ea haiei zuzentzen ari gatzaizkien ebatzi nahian, arazoaren sakontasunarekin baino gehiago. Gero, egonen da artikulu honen ostean Baina gizon guztiok ez... dioenik. Eta bihar eta etzi eta etzidamu, gureen erailketaz mintzatuko dira tituluak, eta, haiek, haiek beren buruari buruz mintzatuko dira, beste behin ere. Baina aski da, berdin zaigu: gu autodefentsa feministaz armatuta gaude.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©BERRIA

Garai konplexuei aurre egiteko kazetaritza bat

Beatriz Zabalondo - Berria Taldeko lehendakaria / Martxelo Otamendi - BERRIAko zuzendaria

Iaz BERRIA Taldea egindakoaren errepasoa duzu hau. Kazetaritza da gure eginkizuna, euskarazko kalitateko kazetaritza; erreferente informatiboa izatea helburu. Beraz, hortik hasi dugu errepasoa, gero arlo ekonomikoari, komunitateari eta erronka berriei leku egiteko.

Irautea iraultzea denean

Estitxu Garai, Naiara Pinedo eta Zuriñe Rodriguez

Zure ahotsa errazago zapaltzea, moztea. Ostean datorren gizonak zure iritzia gutxiestea. Gizonen maiztasuna handiagoa izatea. Gizonak finkoak izatea, zu aldakorra. Mahaiko emakume bakarra izatea naturalizatzera iristea. Zure hitzei ez entzunarena egitea, beti euren artean elkarri erreferentziak egitea.

Zuretzat bihotzez, Elizabeth Hadley
Ondoeza

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...