Albistea entzun

EGUZKI EPELEAN

Morrontzaren beharra

Diego Pallés Lapuente -

2019ko abuztuak 27

Gazteenentzako oharra: smartphone-ak iritsi arte, sakelako telefono modelo berri bakoitza aurrekoa baino txikiagoa izan ohi zen. Garai horretan, ez nuen uste tramankulu erraldoi berri horiek gizartea eta bizitza bera ere ardaztuko zituztela. «Ez dut horrelako gehiegikeriarik sekula sartuko poltsikoan», pentsatu nuen orain dela bederatzi bat urte. Eta horrela izan da. Egun, pertsona batzuek iseka egiten didate nire Internet gabeko telefono txikia lehenbizikoz ikustean; jende gehienak, ordea, inbidia duela aitortzen dit: haien sakelako adreilu horiek gabe aske bizi nahi dutela diote. Bitxia iruditzen zait, denek plazer handiz erabiltzen dituztelako une oro, baita pitokeria ñimiñoetarako ere. Baina plazer erruduna da.

Adikzioaren zantzuak errekonozitzeaz gain, ziur nago jende horrek kezka soziala ere baduela. Alde batetik, ondo ikasi dugu aurrerapen teknologiko guztiak aurrerapenak direla; alegia, gauza onuragarri bezain saihetsezinak halabeharrez. Barne gatazka handia sentitzen da sinesmen hori errealitatearekin alderatzean: smartphone-ak boterea indartu duten tresnak dira, jendearen kaltetan. Gauza ederrak egiteko balio dute, bai, baina hori gaiaren alderdirik txikiena besterik ez da. Onurak onura, lanorduak luzatuz langileak hobeto kontrolatzeko erabiltzen dira, jendea kontsumismoari hobeto lotzeko, ekonomia biziagotuz naturaren txikizioa azkartzeko... eta okerrena, agian: inoiz egin den datu-bilketarik masiboena egiteko. Kasurik onenean, horrek denon bizitzak gutxi batzuen etekinen inguruan guztiz berrantolatzen dizkigu; okerrenean, errepresio politikoa eta bazterkeria sustatzeko balio du.

Horren aurrean nola jokatu behar den jakitea zaila baino zailagoa da. Etengabe ikusten dugu nola Facebook, Google edo Amazon bezalako enpresek legea eta beren arauak urratzen dituzten, baita horrek dakarzkigun ondorio larriak ere. Errealitatea uste baino askoz ere okerragoa dela erraz ikus daiteke, baina nolabait gezurren eske ari gara, dena kontrolpean dagoela sinesten jarraitzeko moduko gezur onak. Klima aldaketaren ondorioei buruz hitz egitean edo Txernobylgo eta Fukushimako hondamendien aurrean ere jarrera hori argi agertzen da. Sistema teknozientifikoak sortu ditu gizakiaren kontrola eta naturaren suntsiketa ahalbidetu dituzten tresnak eta, aldi berean, konponbidea sistema horren baitan lortuko dugula diosku, bere dinamikak indartuz.

Baina sistema horrek egungo egituren beharra du, morrontzaren beharra du; baita geuk ere, bertan bizitzen jarraitzeko. Smartphone-ek meatzaritza, sare elektrikoa, sateliteak espazioan eta abar behar dituzte. Teknologia ez da neutrala. Teknologia bakoitzak gizarte eredu jakin bat behar du garatzeko. Eta, era berean, teknologia bakoitzak gizarte eredu jakin bat garatzen du. Hori ezinbestean ulertu behar dugu plazer errudunik gabe, gezurren beharrik gabe bizitzeko —eta borrokatzeko— natura eta pertsonen gizarte kontrolatzailean.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.