KRITIKA. Musika

Baso berdeak

2021eko azaroaren 24a
00:00
Entzun

Philippe Jaroussky & Le Concert de la Loge

Zuzendaritza: Julien Chauvin. Egitaraua: N. Porporaren eta G. F. Haendelen obrak. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Azaroak 22.

Philippe Jarousskyk Giovanni Carestini castrato-ari egin zion omenaldia 2007an grabatutako diskoan; sei urte geroago, Farinelli ardatz, Nicola Porporaren aria ezagunak biltzen zituen diskoa grabatu zuen. Aurretik, tartean eta geroztik, hogei urte baino gehiagoko ibilbidean, musika barrokoari eskainitako ehunka emanaldi eta proiektu.

Bere azken kontzertu biran, jatorri bortitza eta mito hanpatua biltzen dituen irudiaren erakargarritasunetik tira eginez, bi castrati ospetsuen izenak berreskuratu ditu. Hala, bi binomiok lotzen zuten programa: Farinelli eta Carestini, N. Porpora eta G. F. Haendel. Abeslari trebatuena ere estutu dezakeen errepertorioa, airearen eta teknikaren kontrol zorrotza eskatzen duena. Asteleheneko kontzertua biraren itxiera emanaldia ere bazen, eta akaso joan-etorrien nekeak eragin zuen Jaroussky berezkoak zaizkion fintasun eta abileziaren faltan aritu izana Polifemo eta Orfeo operen errezitatibo eta arian. G. F. Haendelen Mi lusinga il doce affetto eta Agitato da fiere tempeste arietan koloraturen bizitasuna ia guztiz berreskuratu bazuen ere, orokorrean arazoak izan zituen goi erregistroan distira eta zabaltasuna mantentzeko.

Le Concert de la Loge osatzen duten musikariak lagun izan ziren une oro, eta euren jardunak musikak arnasa har zezan eragiten zuten fraseatze ederrak eta doitasun apartekoa batu zituen. Berebizikoak izan ziren, batez ere, G. F. Haendelen Concerto grosso op. 6, 1. zenbakiaren bultzada garbia, Julien Chauvin eta bigarren biolin solistaren hartu-emanean, zein Ariodante operaren Scherza infida aria, non fagota ikuskizunaren erdigunean kokatu zen. Bisean, G. F. Haendelen Alcina operaren Verdi prati-n, bere dohain guztiak jarri zituen taulan Jarousskyk: sen onaz gidatutako esaldi luze eta homogeneoak, kolore ederra, kadentzia gogoangarriak. Den guztiak, baita edertasunak ere, noizbait izateari utziko diola gogorarazten digu Ariostoren poema honek: «Iraungi egingo dira haran eta baso berdeak!». Goza ditzagun diren bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.