Baionako bestak

Sekula baino gehiago dantzari

Baionako bestetako ostegunetik igandera, Karrikaldiak Jacques Portes plazako eremua hartzen du, sei oreneko dantzaldiarentzat. Musika entzuteko parada ere izaten da, txarangen eskutik

Txistulariak Baiona Ttipian. PATXI BELTZAIZ.
Leire Casamajou Elkegarai.
Baiona
2023ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
16:30ean, Jacques Portes plazatik, Baiona euskal doinu eta urratsen erritmora egokitzen zaio. Txistulariek goizeko bederatzietatik geroz jotzen dute, eta, pixkanaka, hiria zeharkatzen karrikaz karrika. Helmugaraino iristen dira azkenean, eta Jacques Portes plaza gainezka betetzen da, xuri-gorriz jantzirik. Tenorea heldu ahala instalatzen da jendea plazako anfiteatro naturalean: eskailerak bezalakoak dira, harriz, eta lekua uzten diete dantzazaleei ikusgarriari so egoteko. Ez baitute leku nahikorik eskaintzen, hala ere, jendea ahal duen xokoan kokatzen da, itzalaren babesean, ahalaz.
 

Kolore bikoitzeko jendetzaren artetik, ñabardura gehiago ere ageri dira, kolore anitzetakoak: dantzariak dira. 16:30ean, plazara heltzen dira, eta ikusgarria ematen. Bestetako egun bakoitzean, ostegunetik goiti, talde batek ematen du ikusgarria. Ostegunean, Leinua Ttiki izan zen, eta, atzo, makilariak. Euskal dantza jauziak, mutxikoak, eta baita kantuak ere: Karrikaldiak plaza hartu du.

Aspaldiko ohidura

Bestetako ostegunetik igandera bitarte, arratsalde oro, Karrikaldiak sei oren inguruko eskaintza proposatzen die Baionako bestetara doazen euskal dantzari edo kantariei. Badu aspaldi dinamika abiatu zela. Izan ere, 1991n lehen ekitaldia plantatu zen: dantzazpia. Mutxikoen berpiztearen garaia zen, eta, oren batez, dantzazpiak parada ematen zien inguruko dantzazaleei gehiago hurbiltzeko, eta dantzan hasteko, hain zuzen ere. Garai batean, Montaut plazan ospatzen zen. Pixkanaka, ekitaldiak gehitu ziren: euskal kantak, Baionako jotak eta abar. 1997an, Baionan Kantuz kantu taldea sortu zen. Gaur egun, Karrikaldiak dirau, eta ehunaka jende biltzen ditu urtero.

Atzoko Karrikaldia oso jendetsua izan zen, eta egitarau aberatsa eskaini zen. 16:30ean, lehenik, makilariak iritsi ziren plazara, Baionako Herriko Etxetik abiaturik; desfilea egin zuten hirian zehar. Itsasuko makilariak izan dira atzoko protagonistak. Maider Laxaguek horietako bi akonpainatzen zituen, gazte-gazteak. Alta, makilari lanetan hasiak ziren jadanik, txapela jantzirik, txilintxak zangoaren luzeran, eta makila eskuan. Makilaz beste, trofeo ttipi bana ere bazuten. Laxaguek azaldu du: «Lehiaketa ttipi bat egin dute; seietarik lau orain hasi berriak dira, eta lau horien artean egin dute, epaileen aitzinean». Irriño batekin baieztatu dute informazioa bi makilari gazteek.

Leinua, Karrikaldiaren parte

Berriki dantza munduan sartu direnez gainera, bistan dena, badira aspaldi mundu horretan dabiltzanak; Roger Goienetxe eta Xabi Labescau horietakoak dira. Leinua konpainiaren sortzaileetakoak izan ziren biak, dantza eta musika biltzen dituen konpainiarenak. Goienetxek azaldu duenaz, «Leinua Karrikaldia antolatzen duten elkarteetariko bat da, ikastolekin, Tuntunarekin, Orain Batekin eta Ibaialderekin batera». Bestalde, Karrikaldia plantatu aitzin egin beharrekoa den lana azpimarratu du: programazioa eta lan teknikoak, batez ere.

Labescauk Karrikaldiak bestei egiten dien ekarpena aipatu du: «Ekartzen du alderdi kultural bat, zeinetan jendeak elkartzen ahal diren euskal kultura partekatzeko». Gehitu du: «Dantzazpiari esker, adibidez, parada ematen die ez ikusle bakarrik izateko, baizik eta aktore ere».

Bihar eta etzi...

Bestak ez dira oraino bukatu, eta Karrikaldiak gaur eta bihar jarraitzen du. Betiko formulari segika, 16:30ean hasiko da dantza jauziekin, bi egunetan. Gaur jotekin jarraituko du egitarauak, 17:45ean. Gero, dantzazpia izanen da Leinua txarangak alaiturik, 19:00etan; eta, Baionan Kantuz taldearen aldia helduko da. Bukatzeko, karrikadantza abiatuko da Kiki Bordatxorekin.

Igandean, kantaldia entzuten ahalko da Hiruri taldearekin. Gero, bezperako programa bera pentsatu dute. Karrikadantza Rita Mutxikok eramanen du aldi horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.