Buruz buruko finalak %25eko ikusle kuota izan zuen igandean

Laso eta Ezkurdiaren artekoa izan da azken bost urteotan ikusle gehien izan duen finala. Italiako Giroak %5,2ko kuota izan du batez beste

IDOIA ZABALETA / @FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
2022ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Iruñeko Navarra Arena frontoian bildutako 3.000 lagunez gain, beste hainbatek ere ikusi zuten Buruz Buruko Txapelketaren finala igandean. EITBk jakinarazi duenez, azken bost urteotako buruz buruko finaletan gehien ikusi dena izan zen Unai Lasok eta Joseba Ezkurdiak jokatutako hori: %25eko ikusle kuota izan zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Aurreneko aldiz jokatu zen buruz buruko finala Nafarroa Arena frontoian. Xabier Euzkitze, Abel Barriola eta Mikel Idoate aritu ziren esatari, eta Elena Azpeitiak eman zuen frontoiko giroaren berri. Ahalegin tekniko handia egin zuen, beste behin, ETB1ek. Partidak sortu zuen ikusminaren parekoa: finala izan zen egun hartan gehien ikusi zen saioa; %38,6ko kuota lortu zuen euskaldunen artean, eta 248.000 ikus-entzulek egin zuten bat emanaldiarekin uneren batean. Partidak berak ez ezik —Lasok irabazi zuen finala(22-7)—, partidaren ondorengo saioak ere audientzia datu onak izan zituen, eta ordu tarte horretan gehien ikusitako saioa izan zen: %11,4ko ikusle kuota izan zuen Jon Balentziagak gidatutako saio horrek —bi finalistak elkarrizketatu zituzten, besteak beste, partidaren amaieran—.

ETB1ek jakinarazi duenez, azken bost urteotako daturik onenak lortu ditu Lasoren eta Ezkurdiaren arteko norgehiagokak. Iaz Jokin Altunak eta Beñat Rezustak jokatutako buruz buruko finalak %24,1eko ikusle kuota lortu zuen —Altunak irabazi zuen finala (22-5)—. 2020an Erik Jakak eta Jokin Altunak jokatutako finalak, berriz, %18,9ko ikusle kuota lortu zuen —Jakak irabazi zuen final hura (22-20)—.

Giroak, datu «oso onak»

Kirol emankizun asko eta garrantzitsuak egin zituen ETB1ek igandean. Italiako Giroa ere egun horretan bukatu zen, eta txirrindularitza lasterketa horrek ikusleen artean piztutako interesa nabarmendu dute. %5,2ko ikusle kuota lortu du batez beste, eta %11,2koa euskaldunen artean —egunero 109.000 ikus-entzulek egin dute bat Fermin Aramendik gidatutako saioarekin—. «Lasterketak audientzia datu oso onak izan ditu, eta aurreko urtean lortutako emaitzak gainditu ditu», nabarmendu du ETB1ek, bere oharrean. Jai Hindley australiarrak irabazi zuen Italiako Giroa, Richard Carapaz ekuadortarrak bukatu zuen bigarren, eta Mikel Landa euskal herritarrak hirugarren.

Eta izan zen igandean ikusleen arreta piztu zuen zuzeneko beste emankizun bat ere ETB1en: Zegama-Aizkorri mendi maratoia. Irudi ikusgarriz lagunduta, %6,8ko ikusle kuota lortu zuen emankizunak, eta ikusle gehieneko saioa izan zen ordu tarte horretan euskaldunen artean: %18,7ko kuota lortu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.