Euskal presoak. Mobilizazioak

Angelu handiko argazkien garaia da

Aurten inoiz baino atxikimendu gehiago bildu izana goratu du Sarek Euskalduna jauregian, eta «garai hau» baliatzera deitu ditu eragileak, «bultza egin» eta egun itxaropena dena «errealitate» bihurtzeko.

Nekane Altzelai eta Paul Rios, atzo, Euskalduna jauregian. OSCAR MATXIN / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2021eko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Gero eta gehiago gara. Aldarrikapen honen aldekoak inoiz baino gehiago gara». Irudi batek mila hitzek baino gehiago balio dutela dio kazetaritzaren lege zaharrak, baina Nekane Altzelai Ahotsak-eko kideak bi esaldi nahiko izan zituen atzo goizean Euskalduna jauregian Sarek antolaturiko ekitaldiko argazkia deskribatzeko. Izan ere, aurten inoiz baino sigla gehiagok egin dute bat euskal presoen eskubideak aldarrikatu eta haien senideek pairatzen duten «zigorra» salatzeko deituriko mobilizazioekin.

Areto berean bildu ziren, besteak beste, EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos, ERC eta CUP alderdietako parlamentariak. Geroa Bai, Podemos Nafarroa, eta Junts per Catalunyakoak ere agertzekoak ziren, baina elurtearengatik ezin izan ziren iritsi. Joseba Azkarraga Sareko bozeramaileak umoreko azaldu zuen «Sare eta eguraldiaren arteko harreman historiko kaxkarrak berean» dirauela. Alderdiei sindikatuak ere gehitu zitzaizkien: ELA, LAB, CCOO Euskadi, UGT Euskadi, Steilas... Eta gizarte eragile ugari ere bai. Argazki zabala izan zen, kamerei angelu handiko objektiboa eransteko modukoa.

Bost eskakizun «erreal»

Sarek indar metaketa horri egin zion dei ekitaldian. «Zerbait mugitzen ari dela» onartu zuen Azkarragak, baina nabarmendu zuen azken asteetan espetxe politikan harturiko neurriak «aringarriak» baino ez direla, eta ez konponbidea. «Espainiako gehiengo politiko berriari» eskatu zion «legezkotasunaren, gizatasunaren eta gizarteratzearen» printzipioak gailendu daitezela, eta Euskaldunan bilduriko eragileei «bultza egiteko» esan zien, «itxaropen garai» direnak «errealitate» bihur daitezen.

Aldaketa nahi horretan, Sarek bost eskakizun «erreal» plazaratu zituen «elkarrizketari ekiteko» oinarri gisa. Arantza Aldezabal elkarteko kideak izendatu zituen: «Urrunketa politikaren behin betiko amaiera; gaixotasun larriak dituzten presoen etxeratzea; gradu progresioa; espetxe baimenak; eta 7/2003 lege organikoaren kudeaketa [espetxe zigorrak betetzeari buruzkoa]».

Azkarragak esan zuen «kaltetu handiak» presoen senideak direla, Paul Riosek ekitaldian aurretik adierazitakoa bere eginez. Izan ere, Aieteko bake konferentziaren hamargarren urteurrena betetzear dagoen honetan haren sustatzaile izandakoak hitzaldizintzoa egin zuen. Presoen egoerak «frustrazioa» eragiten diola onartu zuen Riosek, «oso astiro» doalako. «Errudun» nagusia Espainiako Gobernua izan arren, haren ustez, euskal eremuan «hiru huts handi» egin dira: «Lehenbizi, ez dugu fokua jarri familiengan, eta ez dugu nabarmendu haiek ez daudela kondenatuak. Bigarrena, giltza Espainiako Gobernuari eman diogu, eta Euskal Herrian bat egiteko konpromisoa falta izan da. Eta, azkenik, sakabanaketa tresna bat dela onartu dugu, eta hurbiltzea ezin da egon inolako baldintzen menpe».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.