Irekitasunetik immobilismora

Mohamed VI.a Marokoko erregeak hogei urte egin ditu boterean. Herrialdea «modernizatzen» jarraitu nahi du, baina egiturazko arazoak ditu. Mendebaldeko Saharak eta Rifek gogor kritikatu dute
Marokoko funtzionarioek zuzenean entzun zuten Mohamed VI.aren hitzaldia, astelehenean.
Marokoko funtzionarioek zuzenean entzun zuten Mohamed VI.aren hitzaldia, astelehenean. JALAL MORCHIDI / EFE

Andoni Imaz -

2019ko abuztuak 1
Marokoko erregeak «odol berria» nahi du gobernuan. Mohamed VI.ak hogei urte egin ditu boterean, eta herrialdearen egoeraz aritu zen astelehenean, urtemugaren aitzakian. Gobernua berritzeko beharra ikusten du, herrialdearen garapen politikek ez dituztelako herritarren beharrak asetzen, haren esanetan. Saad-Eddine el-Othmani lehen ministroari eman zion agindua: udazkenean, gobernurako hautagai berriak proposatu beharko dizkio erregeari. Mohamed VI.ak 35 urterekin hartu zuen kargua, 1999. urtean, Hassan II.a aita hil ondotik, eta haren errepresio politikak aldatzeari ekin zion. Urrats ausartak egin ditu bidean, baina herrialdeak urteak daramatza geldituta.

Mohamed VI.ak arabiera, frantsesa, ingelesa eta gaztelania dakizki. Nazioarteko Zuzenbideko doktoretza lortu zuen Nizan (Frantzia). Hassan II.aren itzaletik atera nahian, Maroko «modernizatzeko» helburuarekin iritsi zen boterera. Aitaren ildoko agintariak kargugabetu, eta hark erbesteratutako preso politikoak hartu zituen. Errepresio gogorraren garaiak ikertzeko batzorde bat sortu zuen, eta milaka biktimari kalte-ordaina eman zien, nahiz eta ez zuen torturatzailerik epaitu.

2004. urtean, erregea Familia Kode berriaren bultzatzaileetako bat izan zen. Ordura arte, emakumeek tutore bat behar zuten ezkondu ahal izateko, eta, ondoren, «obedientzia» zor zioten senarrari legez. Ezkontzeko gutxieneko adina 15 urtetik 18ra igaro zen, eta emakumeek dibortzioa eskatzeko aukera dute ordutik.

Mohamed VI.ak eta haren jarraitzaileek azpiegitura handien garapenean egindako aurrerapenak nabarmendu ohi dituzte: munduko eguzki-energia instalazio handienetako bat dute, eta iaz aurkeztu zuten Afrika iparraldeko abiadura handiko lehen trena.

Hezkuntzak kezkatzen ditu herrialdeko agintariak: hiru pertsonatik bat analfabetoa da Marokon. Giza garapenak, oro har, ez du hobera egin hogei urtean, NBE Nazio Batuen Erakundearen indizearen arabera.

Marokoren arazo nagusietako bat, ordea, politikoa da: «segurtasuna» bermatzeko helburuarekin, erregeak, aitaren bidetik jarraituta, jarduera politikoak mugatzeko eginahalak egin ditu. Casablanca hirian 2003an izandako erasoen ondotik, giza eskubideen aldeko talde ugarik gaitzetsi izan dituzte hark «terrorismoaren aurka» hartutako neurriak. Gaur egun ere, prentsa askatasuna, esaterako, ez da erabatekoa. Freedom House fundazioaren rankingean, Maroko «neurri batean askea» da; orain hogei urte bezala.

Gatazkak blokeatuta daude

2011n, Udaberri Arabiarra Marokora ere iritsi zen. Horrek konstituzioa berritzera eraman zuen erregea: «izaera sakratua» galdu zuen, eta bereak ziren eskubide asko gobernuari eta parlamentuari eman zizkien. Halere, botere handia du oraindik, «burujabetza» ministroak berak aukeratzen baititu: Barne, Kanpo eta Erlijio ministroa, besteak beste.

Herrialdeak Mendebaldeko Sahararekin eta Rif eskualdearekin dituen gatazka historikoek hor jarraitzen dute. Duela hiru urte Rifeko matxinadetan atxilotutako 50 preso inguru aske utziko zituela espero zuten, baina erregeak bederatzi indultatu ditu. Protestak izan dira egunotan.

Mendebaldeko Saharako Informazio Ministerioak erantzun egin zien Mohamed VI.aren asteleheneko hitzei. Hitzaldi «gogorra» egin zuela adierazi zuen, eta «bidezko irtenbide demokratiko» baten beharrean, ministerioak haren «errepresio» politiketan «goranzko joera» sumatzen duela esan zuen. Mendebaldeko Saharakoa «legez kanpoko okupazio militarra» dela gogorarazi zuen. Independentzia erreferenduma egiteko promesa urruti geratu da, eta militante sahararren aurkako indarkeriak hor dirau. Marokoren barne gatazkak erabat blokeatuta daude.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna